BIDAIA. COSTA RICA. Basotik itsasora tximuekin jauzika

«Duela bost urte, argindarrik gabe eta urik gabe bizi ginen hiriburuan; dutxa ez genekien zer zen, ez beroa ez hotza, eta telebista etxean izatea aberatsen kontua zen. Orain, ordenagailua eta sakelako telefonoa ziztu bizian erabiltzen ikasi behar izan dugu».

ALFONSO NúñEZ UHAINA ATXOTEGI
2008ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Naturaren aberastasuna eta ingurumena zaintzeko eta mantentzeko egiten duen ahalegina ezagunak badira ere, azken hamarkadan izugarri aldatu da Costa Rica. XXI. mende hasieran bertako biztanleek ezinbesteko zaizkigun azpiegiturak falta zituzten etxean. Gaur egun, ordea, gobernuaren kanpaina eraginkorrei esker eta biztanleen borondatea dela medio, biztanle gehienek azpiegitura horiek eskuratu ahal izan dituzte oso denbora gutxian. Eskoletan teknologia berriak erabiltzen irakasten hasi dira, eta gazte gehienek badakite ordenagailua erabiltzen.

Biztanle orok Europan ikusten diren sakelako telefonoak baino hamaika aldiz modernoagoak erabiltzen ditu. Telefonien mundua merke ala garesti egon, berdin dio, tresna txiki horrek adina arrakasta gauza gutxik bildu baitu. Batek daki tresna horien arrakasta zerk sortu duen: gaur egun komunikatzeko dugun behar handiagoak, ala gaurko gizartean bakardade segundo bat bera ere zer den sentitu nahi ez izateak.

Costa Rica, izenak berak dioen bezala, kostaz inguraturiko nazioa da. Mendebaldetik Ozeano Bareak inguratzen du, eta Ekialdetik Karibe itsasoak. Esan ohi da Costa Rica Erdialdeko Amerikako Suitza dela, eta, egia esan, zenbait astetan herria bisitatzen ibili ostean, zalantzarik ez dago inguru haietako beste herri askotan ikusi ohi ez den garbitasuna, garraio publikoaren antolaketa ona, biztanleen adikortasuna ezin hobeak direla.

'Tico' eta 'Tica'-k

Guztira lau milioi biztanle ditu, eta horietariko bi herenak Valle Central eskualdean bizi dira, hots, erdialdean diren mendi eta haranen artean. Elkarri tico eta tica deitzen diote, eta herritar gehienak mestizoak dira, alegia, odol espainiarra eta indigena edo beltza dute. Zoritxarrez, oso tribu indigena gutxi gelditzen da, zenbait bribri -Karibean bizi dira, eta tribu ireki gisa definitzen dituzte- eta cabecar -iparraldeko mendietan bizi dira ezkutaturik-, baina biztanlerien %1 besterik ez dira. Zeinek bere hizkuntza dute biek, baina armak eta kanoak eraikitzeko arkitektura bera dute.

Hiru produktu, hiru lurralde

Costa Ricak hiru produktu garrantzitsu ditu: kafea, banana eta azukre kanabera. Bakoitza lurralde batzuetan ekoizten da, eta batzuek besteek baino diru gehiago ematen die herriari. Kafeak ematen die diru sarrera gehien, eta Valle Central eskualdean ekoizten da.

Kafe soroak Valle Centralen

Mendi kate batek zeharkatzen du erdialde hori, eta sumendi aktibo anitz ere ikus daiteke. Hiri handienak, hala nola San Jose, Heredi, Alajuela eta Cartago, han daude, eta biztanle gehienak ere hor biltzen dira, batik bat Valle Centraleko lur aberatsek eta kafe ekoizpenak sortzen duten lan eta diru iturriagatik.

Bata bestearen ondoan pilatuta, hosto berdeko landareak ikusi genituen, hamaika lur eremutan. Horietako anitz aldapan daude, arroz soroen antzera landaturik; kafe aleak biltzea errazago izan dadin, oso txukun ordenaturik dituzte. Costa Ricara eginiko gure bidaiak bat egin zuen kafe aleak biltzeko garaiarekin. Hori bai lan gogorra, mahats biltzearekin parekatzeko modukoa.

Goizean goiz, 05:30 aldera, eguzki izpien berotasuna saihestu nahian, kamioi txikien atzeko aldean tente jarri eta soroetara joaten dira ahalik eta kafe ale gehien biltzera, batik bat gizonak, baina zenbait emakume ere bai. Jasotako kafe zakuak, gero, lantegietara bidaltzen dituzte, eta bertan kafe aleari kikaratxoetan hartzen den ur beltz hori lortzeko egin beharrekoak egiten dizkiote. Mundu guztian fama handia du Costa Ricako kafeak, bere zapore eta gorputzagatik. Herriko diru iturri nagusia izan da urte askoan, eta orain turismoa indarra hartzen ari bada ere, lehen postuan jarraitzen du.

Bananak Kariben

Karibeko kostari begira dagoen 212 kilometroko lurraldea oso laua da, eta itsasoak ez du oso bortitz jotzen. Hara iritsi ginenean, biztanleen itxurak eta hizkerak atentzioa eman zigun. Gainontzeko eskualdeetan ez bezala, kosta hartan biztanleak beltzak dira erabat, eta ingeles kutsu handiarekinhitz egiten dute; beren artean ingeles hutsez ere egiten duenik badago. Pertsona haien erroak afrokaribearrak dira, garai batean Jamaikatik eta Barbadostik bananaren industrian lan egitera etorriak.

Karibeko eskualderako bidaiaren amaiera aldera iritsi ginen; Gabonak bertan pasatzeko asmoa genuen, baina, zoritxarrez, ekaitz tropikal bat izan genuen lagun. Cahuita izeneko kostaldeko herrixkan izan ginen: hondartza oso politak dituzte, harea argi eta finekoak. Atentzioa eman zigun, bestalde, landaretzak zein indar duen lur haietan; izan ere, hondartzetaraino iristen da, alegia, hiru koloreko marrek topo egiten dute: landaretzaren berde indartsuak, hondarraren hori argiak eta itsasoaren urdin gardenak, nahasketa basa eta zoragarria.

Gaur egun, zenbait turismotik bizi badira ere, banana ekoizpena dado indarrean. Eta nola iritsi zen banana lur horietara? Kafeekoizpena XIX. mendean herritik atera eta atzerrira igortzeko, tren sare bat eraiki beharra zegoen. Garai hartako gobernuak Keith izeneko iparramerikar ingeniari bati eman zion lan hori egiteko ardura, eta gizon hura, berelangileak erraz eta merke elikatzeko, trenbide aldamenean bananak lantzen hasi zen. Bananak horren azkar eta horren ondo ateratzen zirela eta kontsumitzaileenartean arrakasta handia zutela ikusirik, kafea esportatzeaz gain, bananak ere atzerrian saltzen hasi ziren.

Azukre kanabera kostan

Itsasozalea izaki, gehien erakarri gaituen eskualdea Costa Ricako Ozeano Bareko aldea izan da. Eguraldi onaz gozatzeko aukera izan genuen, eta oinez inguru haietako aberastasunak ere ondo asko ezagutu genituen. Moctezuma izeneko herri txikian izan ginen sei egun. Paraje haietan, alemaniar, argentinar eta italiar anitz bizi da, eta horietako askok ostalaritza dute diru iturri nagusi. Garai batean, atzerritar hippyak biltzen ziren kostaldeko txoko paradisuko horretara. Gaur egun, hippy gutxi gelditzen da; diru grinak hippyen bizimodu eta pentsaerak desagerrarazi ditu. Hala eta guztiz, herria eta inguruak oso polit gorde dituzte. Hotel txiki samarrak dira guztiak, gehienak zurez eginak, eta oso polit dituzte. Egia da, bestalde, naturaren indarrak eta edozein txokotan eskaintzen dituen landare moten aberastasunak zoragarri bihurtzen dutela edozein lorategi edo parke.

Oso hondartza ederrak dituzte, luzeak, hondar fin eta garbikoak, eta landaretza itsasertzerarte iristen da. Eguzkiak horren zuzen eta gogor jotzen duenez, primeran datoz harea artean ateratzen diren kokondoen, bananondoeneta beste hamaika zuhaitzen itzalak.

Itsasoko bizidunen aberastasuna paregabea da. Semea hondartzan sekula ere ez da aspertzen, baina paraje haietan are eta gutxiago, lagun berriak egiteko aukera baitzuen egunero. Izan ere, ur ertzean noizbehinka burua ateratzen duten barraskilo bizidun anitz agertzen dira, eta ura igo bezain laster burua hondar azpian sartzen dute. Semeak elkarrizketa luzeak izaten zituen barraskiloekin: burua atera orduko berak bakarrik ulertzen duen hizkuntzan egiten zien, eta hondarpean sartu orduko eskuarekin agurtzen ibiltzen zen.

Barraskilo horietaz gain, atentzioa eman zigun Costa Rican zenbat animalia ezberdin bizi den eta bizilagunengandik zein hurbil ibiltzen diren; gure herrian ez bezala, ingurumenaren parte dira eta edonon topo ditzakezu. Tximinoak gosaltzeko orduan lagun izaten genituen; hainbat musker berde eta handirekin topo egin dugu oinez gindoazela edozein errepide edo kaletan; eta kolore askotako tukanak askotan ikusi ditugu.

Itsasoak Pazifiko aldean duen aberastasunaz gain, azukre kanabera da lurralde hartan gehien lantzen eta saltzen den produktua. Kafeak eta bananak adina indar eduki ez arren, kontuan hartzeko diru iturria da, jende anitzek lan egiten baitu horretan.

Costa Ricaz oro har zera esango genuke: motxila bizkarrean duzula edo zeure kabuz bidaiatzeko herri seguru eta erraza dela; ez duzu bidaia agentzia baten beharrik edozein ibilaldi egiteko edo garraio eta lotarako lekurik bilatzeko. Guztia eskura duzu, eta bertakoek oso erraz eskaintzen dizute guztia. Herri ona da bidaiari gisa bidaiatzen hasteko, eta ez turista gisa.



GIDA PRAKTIKOA

Nola iritsi. Iberia hegazkin konpainiak egunero hegaldi zuzen bat du Madrildik San Josera. Paristik ere badira.

Nola mugitu. Garraio publikoan egokiena autobusa hartzea da. Euskal Herrian ez bezala, autobusek izugarri zerbitzu ona eskaintzen dute. Edozein herrixkatara iristen dira, eta ordutegia asko errespetatzen dute. Ez dugu sekula atzerapen bat bera izan, eta autobusak berak ondo daude. Atzerritar askok 4x4 ibilgailuak alokatzeko ohitura du.

Ostatuak. Hotel, pentsio edo Bed & Breakfast ugari dago. Zenbait lekutan ostatuak ere badaude. Gaua 20 dolar inguru ordaintzen da, eta batzuek gosaria ere ematen dute prezio horren truke.

Eguneroko bizitza. Lo egin eta jatea hemen baino zertxobait merkeagoa da. Garraioa askoz ere merkeagoa da.

Janaria. Gosaltzeko Gallo pinto (arroza babarrunekin) izenekoa jaten dute, kafe batez lagundurik. Bazkaritan, casado-ak prestatzen dituzte; gosaria bezalakoa da, baina okela edo arrautza gehitzen die arroz eta indabei. Oilaskoa da gehien jaten duten okela, eta guk ogia dugun gisara haiek arroza eta babarrunak dituzte. Arrain freskoa ez da askorikikusten, baina kostako Punta Arenas herriko merkatuan Ozeano Barean harrapaturiko arrain itzel batzuk ikusi genituen salgai. Postre edo edari gisa, bertako fruituz eginiko irabiaki edo zukuak eskaintzen dituzte, mango, papaia, banana, masusta, marrubi eta beste hainbat fruiturenak.

Noiz joan. Garai lehorra gure negua da, eta bidaiatzeko onena ere horu da. Gure udan, euriteek bide ixte eta azpiegitura arazo anitz eragiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.