Ehun urte atzera egingo dute larunbatean Otsagabian (Nafarroa). Ostiral gauetik otsagabiarrek garai bateko arropak jantziko dituzte, eta herri osoak 1900. urtera bidaiatuko du. Urtero, Pirinioetako herriak Orhipean festa ospatzen du, eta herriak mende hasierako ohiturak eta bizimoduak berreskuratzen ditu egun batez. Herri osoan egiten dute, eta txoko guztietan izaten da zer ikusi.
Larunbat goizean ezkilen doinuek festa egunari hasiera emango diote. Egun osoan garai hartako ogibideak eta ohiturak ikusteko aukera izango dute herrira bertaratzen direnek: garbitzaileak errekan arituko dira, artzainak gazta ekoizten, umeak eskolan, dentista, jostunak, garai hartako arroparen erakusketak, bizargina...
11:00etan ogi mamiak dastatzeko aukera izango da, eta mundu guztiak probatu ahalko ditu. Arratsaldean, 17:00etan, ezkilek elizara joateko deia egingo dute. Antzina bazegoen ohitura urte horretan jaunartzea egin zuten neskek elizan festa bat egiteko: jaunartzearen soinekoa janzten zuten, eta lore petaloak botatzen ziren. Arratsaldean, hori ikusteko aukera egonen da. 18:30ean kalejira egonen da, eta 19:30ean musika jaialdia hasiko da. Musikaz aparte, dantzarako parada ere egongo da, eta Otsagabiko ingurutxoa eginen dute, Blankoa plazan. Eguna amaitzeko, dantzaldia egingo dute.
Egun nagusia larunbata izan arren, ostiral gauean hasiko da Orhipean festa, 21:30ean. Gauean, akelarre batek hartuko du herria: sorginak eta akerrak ibai ondotik aterako dira, eta horren ondorioz herri osoak iraganera bidaiatuko du.
Prestaketa egunak
Egunotan, azken orduko prestaketekin dabiltza Otsagabian. Sergio Itsaso antolatzaileetako bat da, eta adierazi du egun hauek «eromena» izaten direla: «Aste honetan herria jantzi behar dugu: animalientzako hesiak jarri, herria apaindu, kartel guztiak estali...». Azkeneko gauzak lotzen ibiltzen dira, eta aitortu du batzuetan larri ibiltzen direla guztira iristeko.
Batik bat Otsagabiko herritarrak dira festaren antolatzaileak eta bertan parte hartzen dutenak. Ez dira bakarrak: «Bailarako jendea ere etortzen da parte hartzera». Horrez gain, ogibide batzuk egiteko jendea kanpotik etortzen da: «Adibidez, gazta prozesua egiteko Iparraldetik etorriko dira: Iratitik». Hala ere, herriko jenderik gabe Orhipean egitea ezinezkoa litzatekeela adierazi du Itsasok: «Festa honek jende asko eskatzen du, ia herri osoak parte hartzen du, eta haiei esker aurrera eramaten dugu».
«Nik uste dut eguna berezia dela gure filosofia desberdina delako», gehitu du antolatzaileak. «Gu boluntarioak gara; ez dugu ezer irabazten. Jendeari nola bizi zen erakutsi nahi diogulako egiten dugu, ez besterik». Aurrekontu txikia dute gainera, eta hein handi batean herriko jendeak jartzen du beharrezko material guztia.
COVID-19aren pandemia dela eta, bi urte daramatzate Orhipean festa ospatu gabe, eta gogoz gainezka daude eguna iristeko.
Orhipean
Larunbatean, egun osoz, Otsagabian (Nafarroa).
PROPOSAMENAK
Bidaia bat XX. mendera
Orhipean besta ospatuko dute larunbatean Otsagabian. Duela mende bateko ohiturak berreskuratuko dituzte egun batez, garai hartako bizimodua nolakoa zen erakusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu