Asteburuko proposamenak

Bidaia bat bihotzeraino

Laugarren aldiz egingo dute ‘Ipuingarria izango da’ egitasmoa, gaur hasi eta igandera arte, Iruñean, Kondestablearen jauregian eta Laba espazioan.

Duela bi urteko 'Ipuingarria izango da' egitasmoko saio bat, Iruñean. KARRIKIRI
Duela bi urteko 'Ipuingarria izango da' egitasmoko saio bat, Iruñean. KARRIKIRI
unai zubeldia
2024ko azaroaren 7a
05:00
Entzun

Bidaia bat proposatuko dute Iruñean. Gaur hasi eta igandera artekoa. «Bidaia bat barruan, barrutik eta barrurako. Hitzetik bihotzetara eta bihotzetatik herrira». Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topaguneak eta Amaia Elizagoien ipuin kontalariak sustatuta, laugarrenez egingo dute Ipuingarria izango da egitasmoa Iruñeko Alde Zaharrean. Kontalariak, ilustratzaileak, idazleak, musikariak eta ipuinen konplizeak... denetik izango da lau egunotan.

«Ipuinaren, liburuaren festa bat da Ipuingarria izango da», hala zehaztu du Jon Barandiaranek, Karrikiri topaguneko langileak. «Ikusteko euskaraz ere badagoela kalitatea haur, gazte eta helduentzat. Ipuin kontalarien magia goraipatzeko egiten dugun festa bat da, eta herria egitea, auzoa egitea... ere bada helburua». Barandiaranek azpimarratu du «Iruñeko beste espazio batzuk ezagutzeko aukera» ematen diola jarduera horrek hainbati. «Eta nabari dugu urtetik urtera geroz eta haur gehiago etortzen direla; guretzat izugarria da hori bertatik bertara ikustea». 

Bi gune nagusi izango ditu: Kondestablearen jauregia —Kale Nagusiko 2. zenbakian—, gaur eta bihar, goizez. «Bi eskolatako haurrek ipuin kontalarien saioa izango dute, batetik». Lupe Lekuona eta May Gorostiaga izango dira ipuin kontalariak. «Eta baita ilustratzaileen txokoa ere, Dom Campistrom eta Juan Angel Perotxenarekin». 

Laban, bederatzi jarduera

Laba gunea izango da bigarren txokoa, Gazteluko plazan, 2. zenbakian. Bihar arratsaldean, etzi goiz eta arratsalde, eta igande goizean edonork parte hartu ahal izango du Labako ekintzetan. Bihar arratsaldean (17:30-18:30) Zaku bete ipuin ipuina kontatuko du lehenik Dorleta Kortazarrek —6 urtetik gorakoentzat—, eta 80 Amandre helduentzako ipuina ondoren (19:30-20:30).

Lau ekitaldi izango dira bihar. 10:30ean, Nerea Ansok eta Yanira Calvok Eta zu, nire kumea ipuina irakurriko dute —3 urtetik gorakoentzat da—, eta 12:00etan Mamuki liburua aurkeztuko dute Nerea Ariznabarretak eta Maite Rosendek. Arratsaldean, berriz, Ezberdin bezain eder ipuina irakurriko dute —3 urtetik gorakoentzat—, Naita Produkzioak-en eskutik, eta Nahita helduentzako kontaketa musikatua izango dute 19:30ean: Itsas lamiak eta bestelako izakiak.

Juan Kruz Igerabideren txanda iritsiko da igande goizean, 11:00etan; Baratxuri ausarta ipuina kontatuko du Adunako (Gipuzkoa) idazleak —2 urtetik gorakoentzat da—. Igerabideri lekukoa hartuta, Denonartean argitaletxeak Euskal Herrietako ipuin bilduma aurkeztuko du ondoren —4 urtetik gorako haurrentzat da—. Eta 12:15ean, gutxi gorabehera, urteroko kristal margoketa egingo dute, guztientzako egokia den ekinaldia.

Barandiaranek argi utzi du ipuinek ez daukatela adin mugarik. «Baina Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzara arteko haur guztientzat oso egokia da proiektu hau; gazteak eta helduak ahaztu gabe, noski. Horixe erakutsi nahi dugu, adibidez, Nahita kontaketa musikatuarekin».

«Oso goxotik» antolatutako egitasmoa bat da Ipuingarria izango da. «Beti saiatzen gara kuxinak, mantak eta halakoak eskaintzen». Eta, goxotasun horretan, Barandiaranek bereziki eskertu nahi izan du ipuin kontalarien eta ilustratzaileen ekarpena. «Guretzat plazer handia da beti prest egotea eta gurera poz-pozik etortzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.