Pat Rice. Sinn Feineko militantea

«Bi urte barru Irlandaren batasunerako galdeketa egin nahi dugu, garrari eusteko»

Irlandako politika gertutik ezagutzen du Pat Ricek, Sinn Feineko buruetakoa izana baita. Euskal Herrikoa ere segitzen du, lehendik baduelako hartu-emanik eta urtean aldi bat Lizartzan pasatzen duelako. Gaelikoaren alde lan handia egina da.

enekoitz esnaola
Lizartza
2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Urtean bi hilabete Lizartzan (Gipuzkoa) pasatzen ditu Pat Ricek (Camlough, Ipar Irlanda, 71 urte). Duela 16 urtetik etxe bat du han, eta «eroso eta gustura» dago herrian. Urriaren 25ean egingo du martxa Belfastera, beste etxera.

Ipar Irlandako hegoaldeko herri batekoa zara: Camlough-ekoa.

Hego Irlandako mugatik gertusamar dago, ekialdera. Lehen, behintzat, mugalariek zeukaten diru gehien. Baserritarra zen gure familia, pobrea, baina inguruan ia guztiak ginenez txiroak, ez ginen ohartzen hala ginenik. Gure gurasoak 1940an ezkondu ziren; garai ona etxalde batean lan egiteko, gerra garaia baitzen. Ardiak eta arkumeak, behiak, oiloak, txerriak... genituen guk. Sei anai-arreba ginen —neu zaharrena—, baina, familia pobrea izan arren, seiok joan ginen unibertsitatera.

Zer ikasketa egin zenituen zuk?

Hizkuntzetara jo nuen. Frantsesa eta irlanderaren Hizkuntza Modernoen titulua atera nuen, Belfasten, Queen's Unibertsitatean.

Nola zegoen gaelikoa orduan?

Gure gurasoek ez zekiten irlandera, aitona-amonek ere ez. Beraz, gaelikoa ez genuen etxean ikasi. Eskolan irlanderaz, erakutsi-erakutsi, irlanderaz errezua baino ez ziguten erakutsi, eta ikasgai gisa, gehienez, astean ordubeteko klasea geneukan. 10 urterekin gau eskoletara joaten ginen gu gaelikoa ikastera, eta udan, barnetegi batzuetara. Etxekoon artetik neuk jarri nuen interesik handiena irlanderaren sustapenean eta.

Nola dago orain?

Ipar Irlandan %1ek daki gaelikoa ondo hitz egiten eta irakurtzen. Hego Irlandan, berriz, esaten da %40k dominatzen dutela ondo.

Noiz hasi zinen gaelikoa sustatzen?

1968an Donostiara etorri nintzen, eta 1971ra artean izan nintzen han, EUTGn,Enpresaritzan ingelesaren maisu. Garai garrantzitsua izan zen hura Ipar Irlandan, jendea eskubide zibilak-eta eskatzen hasi zelako. Londresen partetik errepresioa besterik ez zegoen. IRA bazen, aspalditik, baina kasik ez zeukan armarik, eta Ipar Irlandako jende abertzalea defentsa eskatzen hasi zen. IRAren berpizkunde bat gertatu zen, eta orduan itzuli nintzen hara, Belfastera, ez Camloughera, irlandera sustatzeko lan egitera.

Zer lan egin zenituen?

Esana zidaten Belfasteko Shaw's Road auzoan zazpi-zortzi familitako kide denek irlandera ikasi zutela gau eskoletan, eta seme-alabentzako eskola gaeliko bat sortu nahi zutela. Dirua behar zuten, baina Erresuma BatukoGobernuak ez zien diru laguntzarik eman; are gehiago, gobernuak esan zien legez kanpo jarriko zuela ikastetxea. 1971ko abuztuan heldu nintzen Belfastera, eta orduan hasi zen eskola hura martxan, 5 urteko bederatzi ikaslerekin eta andereño batekin. Dirua biltzeari ekin nion. Ez zen erraza, langile auzo bat baitzen. Errifak saldu edo kontzertuak antolatu genituen; gauez tabernetara ere joaten ginen diru eskean.

Zer egin zuen Londresek?

Ordurako eskola txiki hura baino askoz arazo potologoak zeuzkan Londresek. IRAk, herritarrekin batera, Belfasteko mendebaldea bereganatzea lortu zuen. Kaleak blokatu zituen eta armadak ezin zuen sartu; han IRA zen Polizia, nolabait esatearren. Estatuak gure eskolarentzat 1984an eman zuen lehen diru laguntza. Zazpi irakasle eta 140ren bat ikasle genituen dagoeneko. Gaur egun hamazazpi irakasle ditu. Belfasten gaelikoko lehen hezkuntzako beste hamarren bat eskola daude, eta bigarren hezkuntzako eskola bat, 600 ikaslekoa. Ipar Irlandan bost mila ikasle daude gaelikoa erakusten duten ikastetxeetan. Aitzindaria bat izan zen Shaw's Roadekoa, baina auzoak sufritu egin zuen, jende asko hartu zutelako preso.

Zeu bai?

Ez orduan eta ez gero. Nire lagunek gauza arriskutsuagoak egingo zituzten... Segurtasun neurri handiak hartzen nituen. Esaterako, lantokira eta udal batzarretara balen aurkako txalekoarekin joaten nintzen, edota gure etxeak gotorleku bat zirudien. Poliziak behin atxiki izan nau: ez Irlandan, AEBetan baizik. 1997a zen, Sao Pauloko Forora nindoan, baina hegazkinak Brasilerako bidean Houstongo (AEB) aireportuan geratu beharra zeukan. Heldu ginen, eta Poliziak atxiki egin ninduen, Sinn Feinekoa izateagatik ustez. IRAk hiru urte lehenago eman zuensu-etena, Gerry Adams jada Etxe Zurian izana zen, baina ni atxiki egin ninduten. Gaua ziega batean pasatu nuen, eta eskuburdinekin beste hegazkin batean sartu ninduten, Irlandara bidaltzeko.

Ipar Irlandako Gobernuak zer lan egiten du gaelikoaren alde?

Nahi baino apalagoa. 1998anOstiral Santuko hitzarmenean jaso zen hizkuntza sustatuko zela, beste akordioetan ere bai modu zehatzagoan, ofiziala izango dela-eta aginduz, baina oraindik Ipar Irlandan ez da hizkuntza ofiziala.

Sinn Fein gobernuan dago...

Bai, baina unionistek ez dute harekin gobernatu nahi. Zailtasun handiak daude. Gobernuaren garairik onena bertan Ian Paisley egon zenekoa izan zen. Baina unionistek orangisten martxak eta bandera kontuak atera zituztenetik, gobernua ez dabil ondo.

Zeu noiz hasi zinen Sinn Feinen?

Presoek 1981ean egindako gose greba sonatuaren ondoren sartu nintzen mugimendu errepublikanoan. 1985ean zinegotzi kargua hartu nuen, Lisburnen, Sinn Feineko ordezkari modura. 30 hautetsietatik bi baizik ez ginen gure alderdikoak. Hamabi urtean izan nintzen hautetsi. Baina, aldi berean, irakasle aritu nintzen.

Sinn Feineko zuzendaritzaraino iritsi zinen.

Lisburnen zinegotzi, Kultura Batzordean ez ezik —gaelikoagatik—, Nazioartekoan ere ibili nintzen, eta alderdikoek jakinarazi zidaten nire izena Mahai Nazionaleko kide izateko atera zela, eta ea zer nioen. Ez nuen nahi, ez nuelako astirik izango lana taxuz egiteko. Baina 1997an Bairbre de Brun-ek Nazioarteko lantaldeko zuzendaritza postua utzi zuenean, neu jarri ninduten buru, eta zuzendaritzan sartu nintzen. Urte hartan hartu nuen lantokian erretiroa. Sinn Feineko zuzendaritza 1999an utzi nuen; Ostiral Santuko ituna sinatu zen egunean aurreratu nien beste urtebete egingo nuela karguan, ez gehiago.

Zer moduz dago zuen alderdia?

Ondo. Goraka doa. Belfasten, adibidez, zinegotzi gehien geuk daukagu: hamasei. DUP dago ondoren, hamabostekin. Gainera, laster indar handiagoa izango du Sinn Feinek han, Lisburneko langile auzo bat Belfasteko parte izango delako datorren urtean.

Demografia kontua ere bada zuena, ezta?

1921ean, Irlandaren zatiketan, katolikoak Ipar Irlandan %35ziren eta protestanteak %65. Gaur esango nuke katolikook %48garela eta protestanteak %52. Ume gehiago eduki ditugu guk. Demografia faktore garrantzitsua da inoiz galdeketa bat irabazteko.

Eskozian egin dute erreferenduma. Zuenean noizko?

Sinn Feinek lan egingo du 2016an izan dadin, urte esanguratsua baita guretzat. Dublingo altxamendua 1916an gertatu zen, eta Irlanda independentearen parlamentua sortu zuten. Gero zatitu zuten gure herria, bost urtera.

Ipar Irlandan soilik ala Irlanda osoan egingo litzateke batasunerako erreferenduma?

Osoan. Eta 2016koa galduko bagenu, lasai egon gaitezke; izan ere, bake akordioaren arabera, zazpi urtean behin egin ahal izango da galdeketa, betiere Londresko gobernuari iruditzen bazaio gizartean aldaketa egon dela.

Zer emaitza legoke 2016an?

Hego Irlandan irlaren batasunaren aldeko botoak irabaziko luke. Ipar Irlandan, ezezkoak. Beraz, ezezkoa litzateke emaitza, Ostiral Santuko hitzarmenean esaten baita Ipar Irlandako gehiengoaren babesa ere beharko delaIrlandaren batasuna emateko; ez du balio emaitza globalak. Baina 2016an egin nahi dugu erreferenduma, garrak bizirik segi dezan.

Zeinek negoziatu behar dute erreferenduma? Egin ala ez, noiz egin, galdera...

Hego Irlandako eta ErresumaBatuko gobernuen ardura da hori. 1998ko hitzarmena biek egin zuten, eta gero Ipar Irlandako alderdi nagusi gehienek berretsi genuen. Sinn Feinek presio lana egingo du. Gainera, hurrengo legealdian —2015etik aurrera— igual egongo gara Dublingogobernuan ere, eta horrek aukera handiagoa emango liguke.

Zu pixka bat euskal herritarra ere bazara, Lizartzakoa.

1968-1971 artean Donostian irakasle egondakoan, Euskal Herriaz maitemindu egin nintzen. 1974an hemen egon nintzen berriro, eta 80ko urteetan ere bai. Erretiratu nintzenean, neure artean nioen euskara ikasi beharra nuela, eta bikotekideari aipatu nion urtean pare bat hilabete Euskal Herrian pasatzeko asmoa nuela. 1998an Joxan Azpirozzenari deitu nion —1968tik nuen laguna—, eta galdetu nion ea bazeukan eremu euskaldunean etxe bat topatzerik guretzat, baina soilik bost milioi pezeta neuzkala. Lizartzan aurkitu zidaten etxe zahar bat, 4,5 milioi pezetakoa. Etorri ginen, eta hogei minuturako kontratua sinatua genuen.

Zer egiten duzu hemen zaudenean?

Lizartzan etxean bezala sentitzen naiz, familian, jendea oso jatorra baita. Euskal Herriko txoko ugaritan izaten naiz; duela bi aste Usurbilen izan nintzen lagunbatzuekin, eta Bilbon ere bai, Sareren ekitaldian. Nire 70.urtebetetze egunean Lizartzan tokatu nintzen, eta Euskal Herri osoko ehunen bat lagunek festa handi bat egin genuen; Irlandako pare bat ere baziren.

Jarraituko duzu euskal politika.

Bai, eta presoek naukate arduratuta. Guk, preso politiko guztiak bi urtean kalean egotea lortu genuen. Hemen, ETAk jarduera armatua bukatu zuela duela hiru urte iragarri zuen arren, oraindik ia 500 preso politiko daude; ia guztiak, gainera, sakabanatuta dauzkate. Irlandan ez zen sakabanaketarik izan; batzuk Ingalaterran zeuden kartzelan, baina han atxilotu zituztelako zen. 1998ko akordioaren ostean haiek Belfastera eraman zituzten, geroago aska zitzaten. Gure auzian bagenuen zorte on bat: unionista presoak ere bazirela. Hemen beste parteko presorik ez dago, handiak gertatu diren arren. Izugarria da gertatzen ari dena.

Aurrerabiderik ikusten al diozu presoen auziari?

Derrigor egon behar dute aurrerapausoek. Espainiako legediaren beraren aurkako neurri bat da sakabanaketa. Nazioartea gero eta gehiago ari da egoeraz jabetzen, nahiz eta estatuak ez diren besteen kontuetan sartzen. Tortura kasuak ere hor dira, etaEspainiak Europatik jaso izan ditu zigorrak.

ETAri desegiteko eta armak entregatzeko eskatzen diote.

IRA ez zen sekula desegin etaarmak ez zizkion sekula Londresi entregatu; lur azpian sartuzituela uste dut.

Arnaldo Otegi ezagutzen duzu.

Aurreko aldian kartzelan eduki zutenean, bisita egin nion. Munduko pertsonarik baikorrena da Otegi. Lotsagarria da bakea bultzatu duen politikari bat espetxean edukitzea. Adams eta McGuinness, gaztetan preso zirela, kartzelatik atera eta helikopteroan eraman zituzten Ingalaterrara, IRAren su-eten bat negoziatzera.

Zer etorkizun du Euskal Herriak?

Egoera zailean dago, bainaikusten dut badela herri bat kontzientzia politikoa duena.Zehazten hasita, gustukoa dut Udalbiltza; hau da, ez dizute uzten erakunde nazionalak sortzen, baina zeuk sortzen duzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.