«Aita-semeen arteko elkarrekiko harrotasun istorio bat» da Bidearen amaieran, Alex Antunez Hortzmuga teatroko aktorearen hitzetan. Hori, eta «komedia kabaretero eta emozional bat» ere bai. Divina Pedrea drag artistaren rola jokatzen du Antunezek antzezlanean. Hogei urte lehenago, kasualitatez emanaldi bat egiten ikusi eta etxetik bota zuen aitak, baina, Madrilen hainbat urte eman ondoren, Bilbora itzuli da orain, Euskalduna jauregira, bere ikuskizun propioarekin. Aita ere zaindu beharko du, ordea, eta, alzheimerrak jota, etengabe itzultzen zaio gogoa lantoki zuen Euskalduna ontziola itxi ez zezaten lortzeko egindako borrokaldietara. Gabriel Encinak jokatzen du pertsonaia horren rola, eta bien artean dantzan eta kantuan jarriko dute publikoa. Batez ere barrez arituko da jendea obran, baina, Antunezek emandako abisuaren arabera, seguruenik pixka bat hunkituta ere bai. Eta horregatik guztiagatik esan du Antunezek bi norabideko harrotasun istorio bat dela. Ostegunean eskainiko dute lehen saioa, eta hilaren 29an izango da bigarrena. Horrez gainera, irailaren lehenera arte, emanaldi sorta bat eskainiko dute gaztelerazko bertsioan.
Hori izango da Bilboko Aste Nagusiko antzokietako egitarau oparoan euskaraz ikusi ahalko den emanaldi bakarrenetako bat.
«Emanaldian ez dugu istorioa kontatzen: jendea gonbidatzen dugu istorioa gurekin batera bizi dezan» ALEX ANTUNEZAntzezlea
Kaleko pieza bat izan zen emanaldia lehenik. 2021ean estreinatu zuten, eta hamaika herritan izan dira geroztik. Euskaldunan egin ahal izateko moldatu dute orain emanaldia, baina mantendu egin dute kalean izan ohi duen berehalakotasuna. Prentsa aurkezpenean ere, Antunez aktoreak lehen-lehen unetik jo die adarra bertaratutako kazetariei, haien mahaietara banan-banan gerturatuta. Begoña Krego eta Mar Garcia dantzariek dantza erraz batekin tentatu dituzte, eta Gabriel Ocina aktorea ere ia inolako trantsiziorik behar gabe aritu da bere pertsonaian sartu-irtenean. «Euskalduna ez itxi! Euskalduna ez itxi!».
«Ez dugu istorioa kontatzen», zehaztu du Antunezek, «jendea gonbidatzen dugu istorioa gurekin batera bizi dezan, eta horregatik eman diogu klub itxura Euskaldunako gune honi».
Festa giroa
Karabana batek hartzen du Euskalduna jauregiko agertokia, gainean letra deigarriz idatzitako izen batekin: «Divina Pedrea». Zilar koloreko oihalak ditu atean, eta bi pantaila ere badaude haren bi ertzetan, diskoteketako bola distiratsuen irudiekin; lanpara esferikoek argi urdinxka batekin argiztatzen dituzte lehen lerroko mahaiak, eta musika entzuten da bozgorailuetatik. ABBA taldearen 1979ko arrakasta ezagunaren bertsio bat, adibidez, lehenik —«Gimme, gimme, gimme your love after midnight»—, eta Loona musikari herbeheretarrak 2011n ezagun egindako Vamos a la playa kantua, ondoren — «Vamos a la playa/ a mí me gusta bailar/ al ritmo de la noche:/ salsa, fiesta»—.
«Komedia asko du, eta kabaret bat da, baina emozio gorabehera handiak ere badaude; errusiar mendi bat da»
GABRIEL OCINAAktorea
Eta festa giro hori eraman nahi dute emanaldira ere. Saioa hasi baino hiru ordu laurden lehenago irekiko dituzte ateak horretarako, eta bertaratzen direnek aukera izango dute bertan martxan jarriko duten tabernan zerbait hartzeko. Bi sarrera mota ere izango dira salgai. Eserlekuetarako izango da 28 eurokoa, eta lehen lerroko mahaitxoetan esertzeko 36 eurokoa. Azken horretan, txanpan botila bat ere izango dute ikusleek.
«Komedia asko du, eta kabaret bat da», azaldu du lehenik Encinak, baina ñabardura ere gehitu du gero: «Emozio gorabehera handiak ere badaude: errusiar mendi bat da». Eta aldarrikapen puntua ere nabarmendu nahi izan du Antunezek: «Orain oso modan dago sexilio hitza, baina hori beti gertatu da, eta oraindik ere gertatzen da. Halako istorioak ere bizi dira gaur egun, zoritxarrez».
Drag artisten lekukotasunak
Antunezena izan zen antzezlaneko jatorrizko ideia, eta dokumentazio lan sakona egin zuten hura prestatzeko. Bi norabidetan aritu behar izan zuten, gainera. Alde batetik, Alzheimerren gaixotasuna duten hainbat pertsona elkarrizketatu zituzten, eta, beste alde batetik, Euskal Herriko drag artista ezagunak ere elkarrizketatu zituzten Divina Perrea pertsonaia sortzeko. La Otxoak, Asier Bilbaok, Yogurinha Borovak eta Nagore Gorek lagundu zituzten.
Gazteleraz sortu zuten pieza lehenik, eta Nerea Lorentek egin ditu itzulpenak. Angel Mirourena da dramaturgia lana, Izpiñe Sotok egin ditu zuzendari lanak, Raul Cancelok zuzendari laguntzailearenak. Oskar de Paz eta Iñaki Aginagak egin dute eszenografia, eta Ivan Lopezek jantziak. Alicia Suarez da ile apainketaren eta makillajearen arduraduna, Gorka Agirre karakterizazioarena, eta Ibon Agirre soinuarena.