ATZEKOZ AURRERA. Mikel Urrutia. Hutsun Txalapartako kidea

«Bi hitzetan definituta, indarra eta jolasa da txalaparta»

'Txalaparta Hutsa' ez da ikuskizun soil bat. Badu bestelako helbururik: musika tresnaren historia azaltzea. Estilo desberdinekin ere ausartu izan da taldea, eta diskoa kaleratu berri dute: Baratzean.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hutsun Txalaparta taldeak 2011n ekin zion bere ibilbideari, Iruñean. Horko kide da Mikel Urrutia (Iruñea, 1982): hark eta Anai Ganbrak osatzen dute taldea oinarrian, baina beste kolaboratzaile batzuek ere parte hartzen dute ikuskizun batzuetan. Hainbat kolaborazio egin dituzte estilo desberdinetako taldeekin: hala nola jazz musika eta folka landu dituzte. Ikuskizun desberdinen artean, bada nabarmentzen den bat: Txalaparta Hutsa; bihar emango dute Elizondon (Nafarroa). Txalaparta jotzeaz gain, musika tresnaren jatorria eta historia azaltzea dute helburu: argi izan zuten jende askok ezagutzen duela txalaparta azaletik, baina gutxik ezagutzen dutela horren jatorria. Euskal Herrian zein kanpoan 160 kontzertu baino gehiago egin ostean, diskoa kaleratu dute: Baratzean.

Zerk bihurtzen du didaktiko Txalaparta Hutsa ikuskizuna?

Txalaparta jotzen dugu, noski, baina azalpenek borobiltzen dute emanaldia. Txalapartaren historia azaldu nahi dugu, eta 1960ko hamarkadatik hasten gara. Gure aitatxi-amatxiek nola jotzen zuten eta musika tresna nola ezagutu zuten irudikatuz, eboluzioa azaldu, eta gaur egungo egoerara iritsi arte. Urteekin formula aproposa aurkitu dugula uste dut. Txalaparta oso musika tresna polita da, baina guk geuk ere badakigu «txapa» ere bihur zitekeela. Oso pozik gaude.

Jendea ere pozik agertzen da ikuskizunaren ostean?

Jendeak asko eskertzen du musikaz gozatu bitartean ikasi ahal izatea. Museo batean gida bat izatearekin alderatzen dute batzuek. Esaten dute artelanen inguruko azalpenak eman eta bitxikeriak kontatzen ahal dizkizun norbait alboan izatea eskertzen den bezala gauza bera gertatzen dela gure ikuskizunean.

Txalapartak Euskal Herrian du jatorria. Hemendik kanpo nolakoa da harrera?

Katalunian hainbat kontzertu egin ditugu, baina, tira, hango baskitisa dela-eta, ez da adibiderik onena kasuak alderatzeko [irriak]. Egia esanda, Euskal Herritik kanpo jasotzen dugun erantzuna oso ona da. Ausartuko nintzateke esatera gehiago ere eskertzen dutela, batzuetan. Behintzat, modu desberdinean: euskal kulturan txalaparta sinboloa ere bada, eta hemendik kanpo musika gisa baloratzen da gehiago. Iruditzen zait musika tresna gisa duen aberastasunaz gehiago ohartu beharko genukeela hemen.

Zein da Hutsunen estiloa?

Napar estiloa: gogor eta azkar jotzen dugu. Langile estiloa ere badela esango nuke. Ordu asko eman ditugu txalapartarekin, eta uste dut horrek bere isla duela gure jotzeko moduan. Gainera, txalaparta afinatuarekin hasi ginenetik gauza desberdinak probatzeko aukera eta gogoa izan dugu, eta estilo desberdinekin aritzea gustuko dugu. Ezagutzen genituen kantuak txalapartara moldatu izan ditugu, esaterako.

Zer lortzen duzue transmititzea?

Indarra. Hori da burura etortzen zaidan lehen izenondoetako bat. Gure diskoaren kantu batean horixe bera definitzen saiatu gara. Hitz bakarrean zaila da esaten, baina bi hitzetan deskriba nezake: indarra eta jolasa da txalaparta. Gu geu jolasean hasi ginen jotzen, hobby modura, ongi pasatzeko. Poliki-poliki konturatu ginen, orduak sartu ahala, jolasa bakarrik ez, bizimodu bilakatzen hasi zela.

Ogibide bihurtu zaizue lehenago zaletasun zena, beraz.

Bai, orain, ogibidea da guretzat, baina ez dio inoiz jolas izateari utzi. Noski, profesionaltasunean sartzeak lan handiagoa eta nolabaiteko seriotasuna eskatzen du. Jolasean bakarrik utziko bagenu, ez genuke lortu duguna izanen. Metronomoarekin entseatzea ez da hain jolasa, adibidez: aski gogorra da.

Zer aurkitzen ahal dute entzuleek zuen disko berrian?

Diskoa entzuten duenak Hutsunen zazpi urteetako bildumatxo bat aurkituko du. Ez da egun batetik bestera martxan jarritako proiektua, eta gure lana eta ibilbidea islatzea nahi genuen. Askotarikoa da gainera: kolaborazio asko izan ditugu.

Nolakoa da txalapartarekiko zaletasuna?

Jendea txalaparta probatzera animatu nahi dut: gutxi ausartzen dira. Oso ongi pasatuko lukete, guk egiten dugun bezala. Lagunen artean jotzen dugu. Musika tresna gutxik eskatzen dute ezinbestean beste batekin jo behar izatea, eta horrek berezi egiten du txalaparta. Onerako eta txarrerako beste bat behar duzu. Entseatzeko, gozatzeko eta txalaparta maitatzeko. Hori da txalapartaren xarmetako bat.

Proiekturik etorkizunerako?

Uste dut Txalaparta Hutsa-k oraindik baduela zer emana, baina baditugu bestelakoak buruan. DJ batekin zer edo zer egitea gustatuko litzaidake, adibidez. Zergatik ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.