Bi helburuko txosna

25 urte dira Hor Dago Abante konpartsa sortu zutela; iazko hutsunearen ondoren, Areatzara itzuli da euren txosna. Bilboko Aste Nagusian euskara sustatzeko sortu zuten, baita 'Euskaldunon Egunkaria' babesteko ere.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Eguzkiak gogor jotzen zuen atzo goizean Bilboko Areatzan. Bero egiten zuen, eta eguneko programazioaz gozatzen ari ziren herritarrak itzal bila zebiltzan. Haurrak, berriz, uraren bila. Batzuk iturri baten azpian zebiltzan burua busti eta gorputza freskatzen, edo elkarri urezko puxikak botatzen. Beroari aurre egiteko, baina, ura botatzen duen elefantea dauka Hor Dago Abantek. Euskara eta euskal kultura bultzatzen dituen konpartsaren txosnako elementu hori klasiko bihurtua da dagoeneko Bilboko Aste Nagusian, eta atzo ere, inguruan zebiltzan haurrentzako ura botatzen aritu zen, beroari aurre egiteko. Eta hala aritu da azken 25 urteetan. Duela mende laurden, Euskaldunon Egunkaria laguntzeko eta Bilboko Aste Nagusian euskara sustatzeko sortu zuten konpartsa hainbat euskaltzalek, eta,egun, ildo horretatik jarraitzen dute: BERRIA laguntzen, eta baita Hamaika Telebista eta Uriola webgunea ere.

«Duela 25 urte, euskara bultzatzen zuen txosna bakarra zegoen, eta giroa oso erdalduna zen: bilbainadak Zazpikaleetan, eta bertsoak zer ziren ere... Giroan ez zen euskararik sumatzen, eta entzun ere apenas egiten zen». Gisa horretan hasi dira garai hartako giroa gogoratzen Arritxu Zubeldia eta Arantza Iturbe konpartsakideak. Euskal Herrian Euskaraz elkarteari lotutako Hau Pittu Hau konpartsa zen garai hartan euskalgintzako bakarra, eta egoera hura aldatzeko asmoarekin hasi ziren hainbat euskaltzale konpartsa sortzeko ideia garatzen. «Bilboko Aste Nagusian euskararen presentzia handitzea zen helburua, baina baita garai hartan sortu berria zen Euskaldunon Egunkaria bera laguntzea ere», dio Zubeldiak. Alegia, konpartsa batekin bi helburu lortu nahi izan zituzten horrela. Eta biak lortu zituztela esan daiteke, hein batean bada ere.

Izan ere, ordura arte Bilboko Aste Nagusian antolatu gabeak ziren bertso saioak antolatzen hasi ziren, beste eragile batzuekin batera. Gaur egun udalak antolatzen duen programazioanhain sustraituta dauden saioak egiten hasi zen Hor Dago —izen hori izan zuen konpartsak lehen urteetan—. «Bertso saioak programatzen hasi ginen. Ikusten genuen egunero bertso saioa jartzea gehiegi izan zitekeela, eta, horregatik, bertso bazkari batekin tartekatzen hasi ginen», dio Iturbek. Zenbait urte geroago, gaur egun, bertso saio horiek elkarrekin antolatzen dituzte konpartsek eta udalak, batzorde mistoaren bidez. «Euskararen esparruan udalak ohar batzuk hartu zituela esan daiteke», Zubeldiaren arabera.

Diotenez, asko baitzegoen garai hartan egiteko. Eta hainbeste zegoenez, euskalgintzaren esparruko beste konpartsaren ondoan jarri zuten euren txosna Hor Dago-ko kideek. Era horretan, bien elkarlanarekin Areatzako jaigunean presente dagoen Euskalgunea sortu zuten bi konpartsek. Geroago Txori Barrote eta Eguzkizaleak ere elkartu zitzaizkien. Baina, hasieran, bi horiek izan ziren. «Lehen urtean bertsoak antolatu genituen, eta hurrengo urtera begira zerbait gehiago egitea pentsatu genuen», gogoratu du Iturbek.

Programazio osatuago bat antolatzeko asmoarekin, kontzertuak eskaintzen hasi ziren txosnan bertan. «Gaur egun normala iruditzen zaigu hori, baina garai hartan Aste Nagusian antolatzen ziren kontzertuak udalak antolatzen zituen; txosnetan ez zen apenas kontzerturik egiten». Zuzeneko musika eskaintzen hasi ziren lehen urte horretan, Exkixu eta Alaitz eta Maider taldeak eraman zituzten, besteak beste.

Horretaz aparte, Aste Nagusiko mus txapelketak egiteko ardura ere eurek hartu zuten. «Urte batean norbaitek esan zigun genuen izenarekin mus txapelketa bat antolatu beharko genuela», gogoratu du Iturbek. Esan eta izan. Jaietako asteartean egiten dute txapelketa, eta 128 bikotek hardezakete parte. «Arrakasta itzela izan zuen hasieratik, baina mugatu egin behar izan genuen; urte batean, txapelketako finala jokatzen ari zirela, zezensuzkoa igaro zen txosnatik».

Konpartsa, beraz, aitzindaria eta dinamizatzailea izan zen ekitaldi batzuk antolatzeko garaian. Horien eraginez ala ez, baina Bilboko Aste Nagusian apurka euskararen presentzia handituz joan dela ere sumatu dute konpartsakideek. «Euskalgunetik kanpo, beste konpartsa euskaltzale bat gehiago dago egun, eta beste konpartsek ere oro har sentsibilitate handiagoa daukate euskararekiko». Urratsak egiten ari direnaren seinale.

Hor Dago soilik izateari utzi

2003. urtean itxi zuten Euskaldunon Egunkaria, eta gertaera hark zuzenean eragin zion konpartsari. «Euskaldunon Egunkariko akziodun nagusietako bat ginen, lortzen genuen diru dena bertara bideratzen baikenuen; horregatik, abokatuak izena eta irudia aldatzea aholkatu zigun, eta hala egin genuen». Hor Dago izateari utzi, beraz, eta Hor Dago Abante bihurtu ziren, eta, logotipoan, Euskaldunon Egunkaria agertzen zen lekuan, pirata bat jarri zuten. Baina, finean, izena izan zen aldatu zena, lan bera egiten jarraitu baitzuten.

Azken urteetan, ordea, aldaketak izan ditu konpartsak. Besteak beste, Euskalgunetik atera zen duela lau urte, eta joan den urtean, ez zuten txosnarik jarri, «hausnarketa prozesu batean murgilduta egon zirelako». Baina aurten konpartsa sortu zeneko urteurrena ospatzeko, berriz ere txosna Areatzara itzuli da, eta kokagune berriarekin, gainera. Ibai ertzean jarri izan dute urte luzez, baina, orain, Triangune ingurura mugitu dira. «Aste honetan esan zidaten ideia aparta izan zela leku aldaketa; era horretan, Euskalgunetik kanpo ere konpartsa euskaltzale gehiagoren presentziarekin euskararen presentzia gero eta handiagoa izango delako», Iturberen arabera.

Leku aldaketarekin batera, berritasunak ere badakartza aurten Hor Dago Abante konpartsaren programazioak. Igandean, Siestarik ez hitzaldi sorta egiten hasi ziren, eta gaur, mus txapelketa ezaguna egingo dute. Ostegunean, euskarazko komunikabideen inguruko hitzaldia egingo dute, 17:00etan, txosnan bertan, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren eta Ane Zabala eta Lur Mallea kazetarien eskutik. «Beste ekitaldi batzuekin gertatu bezala, akaso hitzaldien ideia honek jarraipena izango du beste konpartsen artean», esan du irri artean Iturbek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.