Errepideko segurtasuna Euskal Herriko txirrindularien kezka nagusia da egun. Duela hiru aste Gaintxurizketan (Irun, Gipuzkoa) gertatutako istripuak azaleratu zuen ziklistek sentitzen duten mehatxu horren azken aztarna: auto gidari batek 43 urteko txirrindulari bat jo, eta hil egin zuen. Ordutik, Euskal Herriko errepideetako segurtasunaren afera jendaurrera agertu da berriz.
Donostiako Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteko lehendakari Gorka Hoyosek argi du: «Euskal Herriko errepideak ez dira seguruak; Gaintxurizketako istripua horren azken adibidea baino ez da». Errepideko babesaz mintzo dela, Hoyosek fisikoak eta ukigarriak ez diren kontzeptuei erreparatu die bereziki. Segurtasunerako bidean «aldatzeko kontu ugari» daudela dio: abiadura mugez, seinalizazioaz eta sentsibilizazio kanpainez ari da.
Antzeko moldez mintzo da Iruñeko Club Tenis txirrindulari taldeko Daniel Ruano ere. «Sinestezina» begitantzen zaio egun hainbeste istripu egotea. Arazoaren muina, haren ustez, hezkuntzan datza: «Eskoletan, erlijioa edo hiritartasuna lantzen diren bezala, errepideko segurtasuna ere jorratu beharko litzateke, umeek aurrez aurre izango baitute gai hori bizitza osoan».
Ruano hiriguneen arriskuez ere kexu da; uste du Iruñea barruan bizikletaz dabilenaren egoera errepide irekian dabilen txirrindulariarena baino konplexuagoa dela. Hain zuzen ere, Iruñean eraiki dituzten bidegorriak «negargarriak» direla dio, «oztopoz gainezka baitaude»: zuhaitzez, bihurgunez eta obraz josita daude», azaldu du.
Halaber, ustez txirrindulariei gordetzen zaizkien bideetan txirrindulariak ez direnen egitekoa ere azpimarratu du: «Ez da bidezkoa bizikletaz segurtasunez ibiltzeko daukagun eremu bakarrean oinezkoak, patineteetan doazenak edo korrika, musikarekin, zeharo bakartuta dabiltzanak topatzea». Ziklistak errepidera sartzera bultzatzen ditu jokabide horrek, Ruanoren aburuz.
Ikuspuntu bera du Bilboko Txirrindulari Batzordeko lehendakari Javier Sanchez-Beaskoetxeak ere. Bizkaiko hiriburuan, udaletxe aurreko bidegorriaren eta Jesusen Bihotza plazako biribilgunearen beldur dira txirrindulariak: «Lehenengo eremuan, errepidea bera baino dezente arriskutsuagoa den bidegorria eraiki digu udalak; bigarrenean, ostera, auto gidariak zoroen pare sartzen dira biribilgunera», dio Sanchez-Beaskoetxeak. Lurraldeko errepideen egoerari, berriz, «perspektibaz» begiratu behar zaiola uste du: «Bizkaiko errepideak, oro har, seguru samarrak dira, baina badaude trafiko ugariko guneak ere».
Bilbotik ateratzeko, Enkarterri eta, bereziki, Sodupe (Bizkaia) ingurura jotzen dute ziklistek: «Kadaguako korridorea doakoa denez, gidari guztiek bertara jotzen dute, eta, ondorioz, eskualdeko errepidea libre samar geratzen da txirrindularientzat». Dena dela, Galdakao (Bizkaia) eta Durango (Bizkaia) lotzen dituen N-634, Basauri (Bizkaia) eta Arrigorriaga (Bizkaia) batzen dituen BI-625 eta Gernika (Bizkaia) eta Bermeo (Bizkaia) lotzen dituen BI-2235 errepideak hizpide ditu: «Teknikoki, inguru oso errazak dira, ez baitute bidegurutze edo bihurgune konplexurik, baina astebarruan trafiko izugarria ibiltzen da hor», argitu du.
Antzeko zerbait jazotzen da gainontzeko herrialdeetan ere: errepideak itxuraldatu egiten dira asteburutik aste bitartera. Gipuzkoan, Gaintxurizketa gailendu da, aspaldion, gunerik arriskutsuenaren zerrendan. Baina Irun (Gipuzkoa) eta Iruñea lotzen dituen N-121A eta Zumaia (Gipuzkoa) eta Zarautz (Gipuzkoa) arteko N-634 errepideek «zeresan handia» dute, Hoyosen arabera: «Lehenengoa, ziurrenik, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko errepiderik arriskutsuena da, kamioi kopuruagatik; bigarrenari dagokionez, hainbatetan proposatu dugu asteburuetan oinezkoentzat eta txirrindularientzat bakarrik izatea».
Gipuzkoako zikloturistek adierazi dute auto gidariek Oikiatik barrena doan saihesbidea daukatela Zumaiatik Getariara eta Zarautzera (Gipuzkoa) joateko, baina oraindik ez dute jaso inongo erantzunik.
Ruano ere N-121Aren «mehatxuaz» mintzo da: «Ostitz eta Olague eremua arriskutsua da, eta Belateko tunel ingurua ere saihestu egiten dugu guztiok». Aste bitarteko auto kopurua eta tamaina handiko kamioien abiadura dira txirrindularien kezka nagusiak guneotan.
Electro Alavesa-Zuia txirrindulari taldeko zuzendari Xabier Ortuzarrek ere hori uste du: «Gasteiztik Murgia aldera doan N-622 errepidea, berez, ez da konplikatua, baina txirrindulariak autobiako abiaduran datorren trafikoaren alboan sartzen dira, eta hori oso arriskutsua da». Antzeko egoerak gertatzen dira, beraz, herrialde batean eta bestean.
Aldapa eta txirrindularitza ohituraz eskutik joan diren terminoak izanagatik ere, Euskal Herriko lurraldeetako txirrindularien ordezkariak bat datoz mendateen «izaera aldakorraren» inguruan. Sanchez-Beaskoetxeak Sollube, Barazar, Kanpazar eta Santo Domingo aipatu ditu, «Bizkaiko arriskutsuenetakoak» diren kezkaz: «Astebarruan, auto eta kamioi trafikoa dute, jende pila pasatzen da, eta ez dira egokiak bizikletan ibiltzeko». Asteburuetan, ordea, egoera «errotik» aldatzen zaie bi gurpilen maitaleei, mendateotan ez baita ia batere ibilgailu motordunik ibiltzen.
Baiona inguruan, Beñat Blazquezek antzeko sentimenez bizi du Ipar Euskal Herriko txirrindularien egoera. Baionak, Angeluk eta Miarritzek (Lapurdi) osatzen duten hirigunea Iparraldeko «eremurik hilgarriena» dela dio. Hori dela eta, bertako txirrindulariek saihestu egiten dituzte Baionatik Uztaritzera eta Angelura doazen errepide handiak.
Gainera, Nafarroarako mendate mugakideak ere istripu iturri bihurtzen zaizkie asteburuetan, inguru ustez lasaiagoak izanagatik ere. «Ibardin, Lizarieta eta Lizuniagako gune erosoak turismoa eta erosketak egitera doan jendez betetzen dira», nabarmendu du Blazquezek.
Errepide bazterrak, arerio
Orobat, herrialde guztietako ordezkariak bat datoz bide bazterren egoera aipatzean. Salatu dute lurraldeetako arduradun politikoek ez diotela erreparatzen elementu horri, eta errepide bazter batzuen «hil edo biziko arriskua» plazaratu dute. «Bazterrak zikinkeriaz gainezka daude; ondorioz, zulatuak eta erorikoak sortzen dituzte», dio Ortuzarrek. «Zikinkeriak txirrindularia erdialdera mugitzera behartzen du, eta autoekiko segurtasun tartea murriztu egiten da», Sanchez-Beaskoetxeak esan duenez.
Blazquezen iritziz, «errepide batzuetako abiadura muga handiak ez datoz bat txirrindularientzat gordetako bide bazterren egoera zinez negargarriarekin». Ruanoren arabera, neguak arazoa larriagotzea dakar: «Errepidera botatzen duten gatza bi alboetarantz barreiatzen du autoen iragateak, eta gatz hori oso irristakorra da ziklisten gurpil finentzat».
Oraindik ez da urteko lehen hilabetea bukatu, eta, dagoeneko, bi pertsona zendu dira Euskal Herriko errepideetan. Txirrindularitza zaleen eskakizunek geroz eta gehiago dute presiotik, larritasunetik eta etsipenetik. Errepidean bizikletaz ibiltzeak, ostera, geroz eta gehiago du ozartasunetik.
Bi gurpilen babesik eza
Euskal Herriko txirrindulariak kexu dira errepideen egoeraz eta ibilgailu motordunen gidarien jokabideaz. Ahotan duten utzikeria horrek hainbat istripu eragiten ditu errepidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu