Kantuan ari dela, Joanes Etxebestek besoak eta eskuak atzean jarri ditu. «Bertsolari baten moduan», egin dio irri Xabier Zabala musikari eta konpositoreak. Baina berehala askatu dizkio besoak Etxebestek, ahots soken erritmora. Go!azen telesaileko aktore Etxebeste, Maria Redondo, Danae Riaño eta Ander Lacalle —azken hori jada ez da telebista saioan agertzen— Bizipoza elkartearen Mundu berri bat guztiontzat egitasmoko kanta bat grabatzen aritu ziren atzo Donostian, Elkarren estudioan. Bideoklipa ere grabatu zuten. Urtarrilean argia ikusiko duen CD-DVDaren abestietako bat da haiena, Agipase elkarteari lotua, gurasoak bananduak dituen familia ereduari kantatzen diona.
Diskoko hamabi kantetako bakoitza elkarte batekin lantzen dute. Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak sortu ditu Eredu bat kantaren hitzak. Gonbidapena jaso zuenean, ezagutza prozesu batean murgildu zen. «Hasi nintzen hizketan Agipase elkartekoekin, eta bananduta dauden gertuko zenbait gurasori galdetu nien ea zer mezu eman nahiko luketen abestian». Bertsolariak jaso duenaren arabera, estigma asko daude familia bananduen inguruan. «Askoz hobea da ondo dagoen familia bati heltzea, banaketaz lasai hitz egingo duena, baina haientzat ezer ezkorra izango ez dena». Aitortu du gai «delikatua» dela, eta lehenbizi entzun egin behar dela.
Abestiarekin transmititu nahi izan dute gizarteko eredu bat gehiago dela guraso bananduen familia. Hala dio kantaren errepikak: «Familian sortu dira/ galderak eta dudak/ beraz, hobe sortzen badugu/ beste eredu bat».
Lau kantariak giro onean ari dira grabaketan. Riaño zati bat behin eta berriz ari da errepikatzen. «Presiorik gabe», esan dio Zabalak, errealizazio mahaitik. Lacalle kantuan hasi denean, berriz, dantzan hasi dira Redondo eta Etxebeste. Ondo ezagutzen dute elkar: beste une batean, Etxebestek ahotsarekin bete-betean jo ez duenean, Redondok zera esan dio, umorez: «Dagoeneko ez du balio Iparraldekoa zarela esateak».
Neska gazte bat grabaketari adi-adi dago. Izan ere, Agipase elkarteko partaide batzuen haurrak estudioan dabiltza, Go!azen-ekoei begira. Agipase elkarteko partaide Joanes Barandiaran, berriz, oso eskertuta agertu da Bizipozak emandako aukerarekin. «Haurrak babestea da gure helburua, neska-mutikoen ongizatearen alde aritzen gara», adierazi du. Nabarmendu du laguntza behar duen edozein familia gerturatzen bazaie «besoak zabalik» hartuko dituztela. Bananduak ez dauden gurasoei ere laguntzen diete.
Agirrezaldegiren kantak horrela jarraitzen du: «Korapiloak askatu/ eta bidea zelaitu/ goxo dagoen bihotzak/ beti hobeto maite baitu».
Etxebesteri nabari zaio gustura ari dela grabaketan parte hartzen, nahiz eta isilpean aitortu duen nahiago duela antzezten aritu kantuan baino. «Proiektua esku onetan dagoela ikusten dugu. Gu hona gatoz magia pixka bat egitera edo laguntza ekartzera, baina ondo eramana dago dena», gaineratu du aktore eta kantariak.
Redondok oso argi du: «Kanta polita geldituko da». Riañok ere hala uste du: «Abestia gurea egiten dugu».
Agirreazaldegiren hitzak haien ahotsetan entzun dira: «Zaintzen nauten bi guraso,/ lau beso eta lau belarri,/ bi bihotz, bi irribarre/ ni ez naiz maitasun egarri». Redondok baieztatu du «ohiko eredu heteronormatiboen aldean» askotariko ereduak zabaldu behar direla. Lacalle irakasle ikasketak egiten ari da, eta halako gaiak «oso garrantzitsuak» direla iruditzen zaio.
ETBko kamerak han direla aprobetxatuz, aktoreek gogorarazi dute azaroaren 18an hasiko dela Go!azen-en denboraldi berria.
11 bideoklip grabatuko dira
Ez da berria Mundu berri bat guztiontzat egitasmoa: hirugarren urtez argitaratuko dute CD-DVDa. Eta ikasturte honetako lana amaitzen dutenean, 33 elkarteren errealitatea gizarteratuko dute doinu, hitz eta irudien bitartez (11 disko bakoitzeko).
Leire Elizegi Bizipoza elkarteko koordinatzaileak nabarmendu du egitasmoaren barne dauden elkarte guztiek helburu komuna dutela: «Guztiontzako herri inklusiboa eraikitzea, euskaratik eta euskaraz». Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren kasuan, euskal sortzaileekin egiten dute hori. «Baina elkarteak dira Bizipozaren oinarri nagusia, balio eta gai batzuetan elikatzen gaituztenak».
Elizegi «jarrera baikorraz» mintzo da, eta Zabala musikariak ere hori goraipatu du: «Jendearen inplikazioa sekulakoa da. Giro onean aritzen gara, jendeak badaki zertara datorren».
Diskoko kanta grabatu ostean, estudiora joan dira Etxebeste, Riaño, Redondo eta Lacalle. Kaskoak jantzi, eta kamerariak bideoklipa grabatzeari ekin dio. Ez dituzte besoak atzean utzi.
ATZEKOZ AURRERA
Bi guraso: lau begi, lau belarri
Bizipoza elkartearen 'Mundu berri bat guztiontzat' egitasmoaren barne, guraso bananduen familiei buruzko kanta grabatu dute, Donostian. Diskoa urtarrilean aterako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu