Donostiako Aste Nagusia

Bi su eztanda, jaia hasteko

Donostiako Aste Nagusia ofizialki hasi da kanoikadarekin, eta Bera Bera eskubaloi taldekoek kantatu dute 'Artillero'. Donostiako Piraten txupinazoa, berriz, Kaleko Afari Solidarioak taldekoek jaurti dute. Jendez beteta dago hiria.

Kanoikadaren unea. GORKA RUBIO / FOKU
Kanoikadaren unea. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
Donostia
2024ko abuztuaren 10a
20:35
Entzun

Kanoikada Alderdi Ederren, eta Piraten txupinazoa kaian. Hasi da festa Gipuzkoako hiriburuan. Donostiako Aste Nagusiari hasiera eman diote bertakoek eta kanpotik iritsitako bisitariek. Kontxako hondartza jendez betea zen bitartean, Elias Arruabarrena Gastronomiako Euskal Anaiarteko artillero nagusiak eman die hasiera ofiziala zortzi eguneko jaiei, ohiko kanoikadarekin. Abanikoak astintzen aritu dira herritar eta bisitari asko. Hala aritu dira Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak ere, Artillero kantatzen eta dantzatzen aritu ostean. Hori izan da lehen su eztanda, baina ez bakarra. Handik ordu erdira jaurti baitute txupinazoa kaian Donostiako Piratek. Gauean, berriz, 22:45ean, suen nazioarteko lehiaketa abiatuko dute Alemaniako Pyrogenie Feuerwerk su etxekoek.

Alderdi Ederren abanikoa astintzen aritu diren herritarren artean, Asun Montaños. Lazkaokoa (Gipuzkoa) da, baina abuztua Donostian pasatzen du senide batekin. «Urtero etortzen naiz kanoikada ikustera. Donostiako jaiak oso politak dira, bakanak dira». Zarauzko (Gipuzkoa) Amaia Zulaikak, berriz, lehen urtea du kanoikada ikusten. Haurrekin eta bikotekide donostiarrarekin da Alderdi Ederren, eta esan du erraldoiak ikusteko irrikitan daudela haurrak. Handik gutxira azaldu dira erraldoiak eta buruhandiak. Parte Zaharretik, berriz, danborra joz heldu dira Gastronomiako Euskal Anaiartea elkartekoak, Trintxerpeko (Pasaia, Gipuzkoa) musika bandakoekin batera. Euskaraz eta gaztelaniaz ez ezik, frantsesez eta ingelesez ere entzuten da Alderdi Ederren. Adierazgarria izan da kanoikada bota dutenean zenbat donostiarrek eta bisitarik altxatu duten eskua, sakelakoarekin momentua jasotzeko. Haien artean da Pablo Saiz, alabarekin. «Bigarren urtea da kanoikadara etortzen naizela. Egitarauan badaude haurrentzako ekitaldi dezente, behintzat». Mokoroa sendikoek izan dute urte luzez kanoikada jaurtitzearen ardura. Arruabarrenari egokitu zaio aurten ohorea, eta amonari eskaini dio, aurten hil dela eta.

Donostiako Aste Nagusia. Kainoikada jaia hasteko
Bera Bera taldeko jokalariak, kanoikadaren aurretik. GORKA RUBIO / FOKU

Handik metro gutxira, Bulebarrean, Holi Fest ekitaldia egin dute, Lorea Intxausti aktoreak eta Josu Rodriguez DJak gidatuta. Kolorez bete da kioskotik gertu dagoen eremua. Neska-mutiko ugari elkartu dira.

Protestarik ere izan da hiriaren erdialdean. Izan ere, zezenketen aurkako manifestazioa egin dute arratsaldean, Zezenketarik ez! lelopean.

DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA. ZEZENKETAK
Zezenketen aurkako manifestazioa, gaur, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU

 «Lehorreko piratak»

Kaian, bestetik, Flamenkan jaurti dute Donostiako Piraten txupinazoa. Kaleko Afari Solidarioak taldeko Marta Alzuate Arsuaga eta Kristina Fernandez Alvarez arduratu dira txupinazoa jaurtitzeaz eta taldearen izenean mezua irakurtzeaz: «Kaleko Afari Solidarioa taldekoak lehorreko piratak gara. Eta gauero okupatzen ditugu lapiko, tuper eta platerekin Parte Zaharra, Egia eta Amara. Gure etxeko suan kozinaturikoekin, gose direnen sabeleko jaia baretu eta hartu-emana eta elkar ezagutza elikatzen ditugu». Iragarri dute, gainera, Matti (Piraten pertsonaia) izaten jarraituko dutela aste arruntetan ere, «gosea eta ezezagutzak sorturiko beldurrak itzaltzea lortu arte». Nabarmendu dute haiengana joaten den oro ongi etorria izango dela. «Donostiako lagun piratak, mila esker bihotzez, eta segi gure txalupa barruan duintasunezko norabideetan arraunean, laster itsasontzi izatera iritsi gaitezen».

Donostiako Piraten Txupinazoa
Donostiako Piraten Txupinazoa, kaian. IÑIGO URIZ / FOKU

Txupinazo hori jaurti baino minutu batzuk lehenago, Alzuatek eta Fernandezek esan dute «izugarrizko ohorea» dela haientzat aurtengo Matti izatea. «Zenbait esparrutan gure lana kriminalizatzen ari dira azken bolada honetan, eta Piraten aitortza hau jasotzea oso garrantzitsua da guretzat. Gainera, egunero egiten dugun lana ikusarazteko aukera bat izan da hau. Kalean daudenen bazterketa egoera salatzeko tokia ere eman digute».

Donostiako Piraten artean askotariko kofradiak daude. Kalepoza eta Bihurriak kofradietakoak elkarrekin jolasean eta dantzan aritu dira, Zuloaga plazan. Bihurriak-eko Nora Goialdek nabarmendu du jaietan haur eta familientzat eskaintza izatea aldarrikatzen dutela. Kalepozakoek hamar urte betetzen dituzte aurten. Bestetik, Eskifaia kofradiako Manex Lizartzak nabarmendu du gogotsu daudela asteleheneko abordatzeari begira. «Eta Donostia gure egiteko gogoz gaude». Aitor Egaña lagunak ontzat jo du azken esaldi hori, harrotasunez. «Oso pozik gaude», gaineratu du, eta Flamenkako kontzertuetan «denetarik eta oso talde onak» izango direla adierazi dute biek. Denek dute buruan astelehen arratsaldea: 17:00etan aterako dira kaitik abordatzera, bakoitza bere baltsarekin edo ahal duen itsasoko garraiobidearekin.

Donostiako Piraten jaien hasiera.
Donostiako Piraten jaien hasiera, Flamenkan. IÑIGO URIZ / FOKU

Donostiako Aste Nagusia, beraz, bi jai eredurekin hasi da, oso metro gutxiko tartean eman baitiote jaiei hasiera udaleko arduradunek eta Donostiako Piratek. Edonola ere, udala Bulebarrean banatzen ari den egitarau ofizialean jasota dago Piraten abordatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.