EUSKARAZKO TELESAILEK 30 URTE (II): 'SITCOM'-AK

'Bi eta bat' eta beste hainbat

Beste herrialde batzuetako ereduak egokituz, 1991n euskarazko 'sitcom'-ak edo egoerazko komediak egiten hasi ziren. Eneko Olasagastik eta Carlos Zabalak sortu zituzten aurrenekoak.

Ramon Agirre, Juan Luis Mendiaraz, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz eta Elena Irureta, Bi eta bat telesailean. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Xabier Otaegi eta Jose Inazio Ansorena Funtzioa ikuskizun saioa ETBn egiten ari zirela, Eneko Olasagastik eta Carlos Zabalak hamahiru minutuko iraupena izango zuen gidoi bat bidali zieten. Ezetz esan zieten arren, Olasagastik eta Zabalak ez zuten etsi: Anjel Amigo ekoizlearekin hitz egin zuten; Amigok ETBri telesail bat egitea proposatu zion, eta proiektua martxan jarri zen. Horrela sortu zen Bi eta bat, 1991. urtean. Hura izan zen euskarazko sitcom-en bide arrakastatsuaren hazia.

[youtube]https://youtu.be/eSpOID-Jf6E[/youtube]

Olasagastik gogoan du primeran pasatzen zutela atzerriko sitcom-ak ikusten. Cheers, The Golden Girls eta Night Court ziren haietako batzuk. «Esaten genuen gure artean hori egin genezakeela, euskaraz: ez zen baliabide asko behar; nahiko antzerki formatua zeukan... zergatik ez genuen egingo horrelako zerbait euskaraz?». The Golden Girls-eko Sophia (amona) pertsonaian inspiratu ziren Ane Gabarain aktorearena sortzeko Bi eta bat-en. «Ez genuen zuzenean kopia egiten, baina inspiratu izan gara beste batzuengan». Gabarainekin batera, Elena Irureta eta Jose Ramon Soroiz ziren aktore protagonistak. «Oso gure gustuko aktoreak ziren, gure belaunaldikoak, eta konplizitatea genuen haiekin antzerkian egindako lan batzuengatik. Gainera, oso aktore onak iruditzen zitzaizkigun. Denborak arrazoia eman digu», nabarmendu du Olasagastik. Joselontxo, Idoia eta Jaioneren gorabeherek ederki konektatu zuten euskal ikus-entzuleekin. 26 atal izan zituen sitcom-ak.

Gero, Jaun eta jabe iritsi zen, eta harekin asko gozatu zuela oroitu du Olasagastik: «Jauzi bat izan zen. Gaur egun egin ezingo litzatekeen zerbait: politikarekin eta populismoarekin sartu ginen». Fikzioaren jatorrizko izenburua Ajuria Enea zen, baina ETBk beste izen bat jarri nahi zion: EITBko zuzendari nagusi Iñaki Zarraoak bultzatuta, Jaun eta jabe jarri zioten. Jose Ramon Soroizek Joxean Arizkorretaren pertsonaia jokatzen zuen: Eusko Jaurlaritzako lehendakari bihurtu zen sukaldariarena.

Estreinatu zutenean, Jaun eta jabe-k datu oso apalak izan zituen. Asko aldatu zuten egunez. «Baina, gero, udan eman zuten, eta orduan jo zuen goia», azaldu du Olasagastik, telesailaren zuzendariak. Zenbait atalek %11ko ikusle kuota gainditu zuten. Zuzendariak nabarmendu du, halaber, orduan ez zegoela zentsurarik. «Atal batean, Ajuriaeneko mahaia jarri genuen. Barne sailburuak Egurrola zuen abizena, eta maila horretan. Askatasun handiarekin jokatzen genuen». Hiru denboraldi iraun zuen.

2012an, soldata txikiagoa

Sortzaileek, dena den, eurengan izan nahi zuten produktuaren ardura; hala, Bi eta bat eta Jaun eta jabe Igeldo ekoiztetxeak egin zituen, baina Martin telesaila Tentazioa ekoiztetxeak ekoitzi zuen. Fikzio horren 100 atal eman zituen ETB1ek, 2003tik 2009ra. Herri Irratiaren tankerako irrati txiki batean zegoen girotuta komedia hura —Olasagastik berak hainbat urtez egin zuen lan gaztetan Herri Irratian—. Soroiz eta Irureta zeuden orduan ere, baina aktore belaunaldi gazte bat behar zuten (atalak 50 minutukoak ziren, eta trama gehiago behar zituzten): aktore gazte berri horien artean, Aitziber Garmendia zegoen. Eta adineko pertsonaiak interpretatzeko, Olasagastik gogoan du «zorte handia» izan zutela Joxe Ramon Argoitiarekin eta Itziar Aizpururekin.

Olasagastik ETBrentzat zuzendu zuen azkeneko sitcom-a Bi eta bat-en bigarren partea izan zen —2012an eman zuten—. Aitortu du itzulera «gogorragoa» izan zela: «Umore maila mantendu genuen, baina 21 urte pasatu ziren lehen hartatik. Agian, zerbait berria egin izan bagenu, hobea izango zatekeen». Zuzendariak azaldu duenez, gutxiago kobratzen zuten 2012an 1991n baino.

Sitcom-en garaia —lerrootakoak baino gehiago egin dira euskaraz— pasatu da, bai Euskal Herrian bai munduan. Beste estilo bateko komediak egiten dira gaur egun. Baina Olasagastiri iruditzen zaio sitcom-ei ez zaiela nahikoa aitortza egin: «Balio handiagoa ematen zaio dramari, beti, komediaren gainetik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.