«Ikusi, partekatu, egin barre eta ordaindu. A ez. Debalde da». Antton Telleria itxialdian hasi zen umoreari tiraka, eta badira bi urte oholtza gainean txisteak kontatzen hasi zela. Nekatutak bakarrizketaren hirurogei emanalditik gora egin ditu Euskal Herrian zehar; horietan azkena, martxoaren 4an, Donostiako Antzoki Zaharrean. Izan zuen berezitasunik. Grabatu zuen saio bakarra izan zen, eta herenegun jarri zuen ikusgai sareetan: Nekatutak-Grabatutak.
Arrakasta handia izan du ikuskizunak Youtuben, berehala. Bost egunetan, irailaren 17tik 22ra, 20.000 ikustaldi baino gehiago pilatu zituen. Telleria bera harrituta geratu zen bakarrizketak izandako harrerarekin: «Sinetsi ezinda nago, baina hala da, ze, ziurtatzeko, 2.000 aldiz sartu eta atera naiz».
Zenbaitek besterik ez zuten ahala esateko Nekatutak ikusi zutela, oraintsu arte. Sare sozialetan eskerrak eman dizkiote euskarazko umoreari egindako ekarpenagatik: «Nork esan du ezin daitekela euskaraz kalitatezko stand up-a egin». Euskarazko komedia «gehiago» eskatu duenik ere bada. «Horrelakoak behar ditu euskarak, kalitatezko entretenimendua. Eskerrik, Antton», dio beste batek. Nahita idatzitakoa da eskerrik hori; bakarrizketan bertan aitortzen du umoregileak gehien gorroto duen jendea «eskerrik» esaten dutenak direla.
10/10. Ordu bete beti irribarre bat aurpegian marraztuta. Gai gatzen inguruan ere barre egin daitekeela erakusten. Horrelakoak behar ditu euskarak, KALITATEZKO entretenimendua. Eskerrik @antton_telleria 😉https://t.co/oHP5AVQTYY
— Mikel García Martikorena (@mikelgm_) September 18, 2023
Euskarazko stand up komediari «balio bat» emateko modua izan zen Nekatutak grabatzearena, Telleriaren ahotan: «Atzetik datozenek izan ditzaten erreferentziak eta ikus dezaten gauza txukunak ere egiten direla euskaraz komediaren arloan». Hala adierazi zion Gipuzkoako Hitza-ri eskainitako elkarrizketan, martxoaren 4ko emanaldiaren atarian.
Antzokietan, herriko plazetan, gaztetxeetan, tabernetan... eta, orain, pantailetan. Mikrofono batekin izan den txoko guztien artean, Eibar izan da kuriosoena (Gipuzkoa). Joan den otsailean, etxetik mugitu gabe gozatu zuten zenbaitek bakarrizketaz; Eibarren bi emanaldi eskaini zituen. Bata pisu bateko egongelan, eta bestea, eraikin bateko zabaltzan.
Ikusi gehiago:Antton Telleria: «Gustatzen zait zuzentasunetik pixka bat aparte ibiltze hori»