Donostiako Aste Nagusia

Bi dantza talde emanaldi berean

Euriak baldintzaturiko arratsaldea izan zen asteazkenekoa. Eskola dantza taldeak emanaldia egin zuen, eta ez ziren bakarrik egon oholtzan. Berrikuntza modura, Miarritzeko Oldarra taldea izan zuten lagun.

Eskola dantza taldea. Eskola dantza taldeko dantzariak, banakoa egiten. JON URBE / @FOKU.
Iraia Irazusta Mujika.
Donostia
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Arratsaldeko seietan entzun ziren lehenengo musika notak asteazkenean, Donostiako Konstituzio plazan. Ordurako, bazen jarrita zeuden ehunka aulkietan eserita zegoenik, baita jakin-minagatik oholtza ingurura gerturatu zenik ere. Hala ere, Eskola dantza taldearen ikuskizuna hasteko bi orduren faltan, arkupeetan zegoen jende gehiena. Eguraldiaren ziurtasun faltagatik, aterpean geratzea aukeratu zuten gehienek. «Ez dakit dantza egiteko aukera izango duten, begira zeinen laino beltzak datozen», esan zuen emakume batek. Hala ere, emanaldia egin zuten.

Dantzariak oholtzara igo ziren entseatzeko asmoz. Haize eta euri gogorragatik entsegua eten zuten, ordea. Oholtza atzera joan ziren, denbora aprobetxatzeko asmoz, arropak ordenatzera. Bi neska gaztek sakelakoak atera zituzten eguraldia begiratzeko. «Euriagatik ez da emanaldia bertan behera geratzen, haizea eta deskarga elektrikoengatik izaten da. Atertzea espero dugu, eta bestela euria bakarrik egitea», esan zuen Eskola dantza taldeko dantzarietako batek. Mame Amunarriz dantza taldeko irakasleak, berriz, esan zuen atzean dagoen lan guztiagatik bertan behera ez gelditzea espero zuela.

Izan zen plaza erdian zutik gelditu zenik, baina eguraldiagatik aulki guztiak hustu ziren 19:00etarako. Aterrune baten ondoren, muntaketa enpresako langileetako batek oholtza gainean pilatu zen ura kendu eta lurra lehortu zuen, dantzariak berriz ere entseatzen hasteko. Pixka bat beranduago, euritarako zirak eta aterkiak hartuta, sei laguneko talde bat aulkietan eseri zen, eta, horien ondoren, inguruan zalantzan zeuden beste hainbatek ere gauza bera egin zuten. Emanaldia hasteko hamar minuturen faltan, euri gogorra hasi bazuen ere, lehenengo ilarak jendez beteta zeuden. «Ez dit axola euria egiten badu, beranduago lehortuko naiz. Urtero ikusten dut Eskolaren ikuskizuna, eta aurten ere ez dut galduko». adierazi zuen Lide Altolagirrek. Aulkiak bete ez baziren ere, zutik gelditzeko hautua egin zuten ehunka ikuslek.

Senidetze historikoa

Egitarauan Eskola dantza taldea jartzen bazuen ere, ez ziren bakarrik aritu oholtza gainean. Ohi baino dantzari gutxiago zituztela ikusita, kolaborazioa eskatu eta Miarritzeko Oldarra dantza taldearekin batera sortu zuten emanaldia. «Ohore handia da senidetze historikoa daukagun taldearekin oholtza partekatzea», adierazi zuen Lontzi Amadok, Oldarra taldeko dantzariak.

Euritan dantzan

20:00ak puntuan, aurkezleak, oholtzara igota, hasiera eman zion ikuskizunari. Emanaldiak izango zituen lau zatiak azaldu zituen: lehenengo zatia, guztiz tradizionala; bigarrena, Gernika, dantza garaikidearekin sortua; hirugarrena, sorkuntza berezia, eta laugarrena, hiru dantzek osatuko zuten Zuberoa.

Eguraldi txarra bazen ere, dantzarien aurpegietan ilusioa nabarmentzen zen; horren adibide zen Maialen Ubarretxena: «Niretzat oso berezia da Konstituzio plazan dantza egitea, txikitatik amestu dut Aste Nagusiko emanaldi honetan dantza egitearekin». Urte guztiko lanaren emaitza erakusteko aukera da askorentzat, eta horrek urduritasuna ere handiagoa izatea eragiten du. «Pozik bezain urduri nago», gaineratu zuen beste dantzari batek.

Hanka puntetan igo ziren dantzariak oholtzara, eta, haien txandaren esperoan, izara baten gainean jartzen zituzten hankak, oinetakoak busti ez zitezen.

Lehenengo zatia sokadantzarekin hasi zen, eta desafioak eta makil dantzak jarraitu zion. Hara bildu zirenek ez zuten aukerarik galdu sakelakoak atera eta oholtza gainekoa grabatzeko. Txalo zaparrada batekin jaitsi ziren behera.

Bigarren zatiak Gernikako bonbardaketari egin zion erreferentzia. «Aurtengo berrikuntza Gernika egitea izan da», nabarmendu zuen Amunarrizek. Oldarra taldekoek ekin zioten dantza garaikidea egiteari. Ikusleen artean harridura izan zen nagusi. «Ene, nola egiten dute hori?», esan zuen adineko gizon batek, dantzari batek beste bat gainean hartuta egin zuten pausoari erreferentzia eginez. Dantzak aurrera jarraitu zuen ikusleen txalo zaparrada artean.

Hirugarrena izan zen zatirik alaiena. Fandangoekin eta arin-arinekin, ikusleak ere dantzan jartzea lortu zuten dantzariek. Horren ondoren, bi musikarik, gitarra eta esku soinuarekin, hainbat euskal kantu tradizional jo zituzten, giroa alaituz.

Azkenik, Zuberoako dantzak ikusteko aukera egon zen. Horien artean, godaleta. Edalontzia oholtzaren erdian jarrita, bitan pentsatu gabe egin zuten jauzi gainera.

Emanaldiak iraun zuen bitartean ateri egon bazen ere, agurtzera ateratzean berriz ere euria hasi zuen. Hala ere, irribarretsu eta hunkiturik atera ziren dantzariak, eta, oholtza uztean, besarkadetan eta zorion agurretan hartu zituzten euren familiakoek eta lagunek. Ondoren, bi taldeak batu eta elkarrekin ospatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.