BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (eta V)

Bi belarrien mendian, altuera altueragoa denean

Bi belarrien mendian, altuera altueragoa denean.
2016ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
BERRIAk antolatzen duen Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa irabazi duen lana dabi orrialdeotan irakur daitekeena. Aingeru Epaltzak idatzi du. Perun, Valluna mendiaren gailurrera iritsi arte egindako bidea kontatu du, 5.686 metroan «mundua gelditu» den arte.

Chiclayo. Sican. Túcume. Pómac. Sipan. Titikaka. Cusco. Machu Pichu... Guztia, ederki. Baina behin munduaren bertze puntaraino joanen, ezin gailur bat zanpatu gabe itzuli. Gailur bat mardula. Garaia. Itsasoko alde honetan ez direnetarik. Baldintzak tratua ekarri du. Hiru egun niretako. Ez gehiagorik.

Uztailak 6. Lima

Dolü gabe utzi genituen atzo munduan parerik ez omen duten bestak. Lurraren translazioari esker, 06:00etan atera ginen hiri buruzagitik eta 23:00etan jo genuen Peruko zorua. San Fermini uko egiteak zigorra dakarkigu, ordea: bart gu ere Jarautan ibili bagina bezala gabiltza gaur Liman, jendetzaren eta trafiko alimalearen artean. Negua da hemen, baina galtza motzetan goaz zeru kutsatuaren azpian.

Autobusa 22:30ean abiatu da. Perun, autobusa da bidaia luzeetarako erosoena. Jarleku zabal etzangarrian atzarri naizen batean, ibilgailua mantso doa mendate piko batean barna. Kristalak lurrineztaturik daude. Kanpoan hormatzen ari du.

Uztailak 7. Huaraz

Gaztigatu zidaten: «Perun hotza hotzagoa da, eta altuera altueragoa». Huarazen, 07:00etan, zainak ere izoztu dizkigu Sierra-ko haizeak. Gau bakar batean, itsasoaren mailatik 3.000 metrora egin dugu jauzi. Berehala nabari dugu garaieraren eragina ere: hatsa laburtu zaigu eta zangoek pisua hartzen dute hoteltxoko eskailerak igotzean. Zorionez, koka hostoz egindako produktu erabat legezkoek sail luzea osatzen dute Perun. Guk, infusioan —matea-, gozokietan eta mermeladan dastatuko dugu hurrengo egunetan.

Ez da bertze galaxia batera aldatu garelako marka bakarra. Turista eta mendizaleak, bertze mutur-zuririk ez dabil bazterretan. Peru indiarrenean gaude, jendearen itxura eta mintzaira lekuko. Gaztelania nagusi, hala ere. Huarazko karriketan luze ibili gabe ohartu gara: adinean eta pobrezian zenbat eta gorago, handiagoa kitxuaren erabilera.

Perun ez da alpinismorik egiten, andinismoa baizik. Eta Huaraz da andinismo perutarraren hiriburua. Hemendik abiatzen dira Cordillera Blanca eta Huayhuash aldera doazen trekkingak. Mendizalearendako altxorra gordetzen dute bi mendikate horiek: 23 sei milako eta 80 bortz milako baino gehiago. Horrez gain, milaka mendi-lepo, ibar, aintzira, oihan eta erreka, mendi-ibilien, eskaladaren, mendi-bizikletaren eta gainerako abentura-kirolen zaleen gozagarri. Arratsaldean, gidari-enpresa ezagutu dugu. Dozenaka daude Huarazen, baina honen seriotasuna famatu digu hona ekarri gaituen agentziak. Bisitaldiak balio dit jabetzeko zein alferrik bete dudan maleta kranpoiekin, pioletarekin eta lo egiteko zakuarekin. Halakoak bertan dituzte alokatzeko, kalitate oneko eta merke. Eta ni herrialde «azpigaratuez» ez fidatzen.

Uztailak 8. Wilcacocha

Etzi arte erran diet niretarrei. Callejón de Huaylas delakora doaz, Huascarango mendi zolan, komunitate kitxua batean hiru eguneko egonaldia egitera. Bertzelakoa da nire egitekoa, eta horretarako ez nabil denboraz soberan. Aklimatazioa ezinbertzekoa dut garaiera garaitzeko.

Gidariarekin 09:00etan dut hitzordua. 08:40ean hoteltxoko ezkaratzean dago nitaz galdezka. Wilson, 21 urteko gazte bizkorra. Ordu laurden bat geroago, combi batean nago, bertze bidaiarien artean hertsitua. Auto partikular guti da Perun. Jendeak garraio kolektiboa erabiltzen du, eta garraio kolektiboan erabiliena combiak dira, 14-16 bezero har ditzaketen monobolumenak. Gureak Chiwipampan utzi gaitu 25 minuturen ondotik. Ez gaude Cordillera Blancan, haren haurride zatarra den Cordillera Negran baizik: 5.000 metrora iritsi gabe, ez zuriunerik ez berdegunerik ageri ez duten mendi idor ilunak.

Zubi bat zeharkatuta abiatu gara. Bidea sigi-sagaka doa, landetxe xume-xume eta laborantzen artean. Arbolak bakanka ageri dira eta orobat aziendak —zerriren bat, behiren bat- pentzeetan. Gizon-emakumeek motz agurtzen gaituzte. Kitxuaz «egun on» nola erraten den galdegin diot Wilsoni. Ez dela oroitzen erantzun inken ondorengoak.

Bi ordu gabe gara Wilcacochako aintziran. 3.745 metrotan gaude, sumatzen dut altuera. Lekuak ezagun du kanpinzale eta igandekarien helmuga ohikoa dela. Haren erdian hegazti moko-luzeren bat eta basa-ahate batzuk igeri badabiltza ere, ertzak ez daude zikinkeriaz libre. Ikusmira, berriz, ikaragarria du Cordillera Blanca aldera. Huascaran (6.768 m.) dago nevadoen armadako buruzagi, eta Huandoy (6.395 m.), Chopicalqui (6.354 m.), Ranrapalca (6.162 m.), Hualcan (6.122 m.) eta bertze aunitz gehiago, bizkartzain. Haien aldean, apalago ageri da nire biharamuneko helmuga: Vallunaraju (5.686 m.). Bi belarrien elur-mendia, sierrako mintzairan. Valluna, hemengo mendizaleen ahotan.

Uztailak 9. Kanpalekua

Taxia 09:15ean heldu zait eske. Barnean, bi lagun: Lucho, mendi-gidaria —34 urte, mito bat Cordillera Blancako andinismoan—, eta Roberto, zamaketari eta sukaldaria. Perun mendi aterpeak urriak dira; egun bat baino luzeagoko trek gidatuak ez dira ulertzen laguntzaile gehiago gabe.

Kostaldean nahiz mendialdean, perutarrak karrikan bizi dira egunez, eta hura musikaz, postutxoz eta trastez betetzen. Haien artean, puzkerka eta tutu-joka egin dugu bidea. Alderrietan, errepidea pista bilakatu da eta kaleen lekua hartu dute laborantzek eta landetxeek. Goiti egin arauz, etxeak ere bakantzen doaz. Gaurgero, pistako harriek eta arrokek edozein 4x4ren gidari izutuko luke gure herrian. Noizbait, gurpil batek zapart egin du. Ikararik ez auto barnean. Taxilariak ordezko bi daramatza maletategian. Llaca quebrada-n sartu gara. Bi aldeetara, arroilaren jabe da queñua garaien oihana.

Ordu eta erdi, 22 kilometro egiteko. 4.200 metrotan gaude. Presa ñimiñoa eta glaziar gaitzekoa ditugu begi aitzinean. Ez da hori gure helmuga, alde batera dagoen mazela pikoa baizik. Robertok nire motxila handia, berea -are handiagoa- eta kanpadendak lotu dizkio bere gorputz iharrari eta goiti abiatu da, bikuina baten abiaduran. Malda zakarrak eztitu dit motxila tikia bizkarreratzeagatik sentitzen dudan erruduntasuna. Luchok gozo tiratzen du nigandik, baina birikak ezin betez nabil eta zangoetan beruna itsatsi didate. Inguruaren edertasunak akuilatzen nau goraka. Bada, bertzalde, ni baino makurrago dabilenik. Bikote gazte estatubatuarra bere gidariari eta sukaldariari ezin segituz dabil bidexka hertsian.

Belarra desagertzen den tokian akitu da gaurko ibilaldia, glaziarraren morrenaren ondoko terrazetan. Hortik aitzina, haitza eta horma baizik ez da. Robertok prest du gure bazkaria. 13:00ak dira eta 4.900 metrotan gaude. Inoiz ez naiz hain altu izan.

Jendetasun handiz adierazi didate kanpadendak muntatzen laguntzea ez dela nire lana. Inguruak miaka, glaziarraren hasieraraino hurbildu naiz. Bueltan bizkatxa ikusi dut, Andeetako marmota erbi-belarriduna, baita zapelatz koloredun ikusgarria ere. Jende gehiago ailegatu da kanpalekura. Arestiko gringoez gain, errumaniar bikote bat eta argentinar batzuk. Nire gidariak estatubatuarrenekin ari dira, kitxuaz. Noizbehinka, Luchok zerbait itzultzen dit. Emakumeez ari dira, algara handitan.

20 gradu baino gehiago egiten zuen Huaraztik ateratzean. Arratsaldeko bostetarako iluntzen du Perun, eta iluntzearekin, berogailua itzaltzen dute Andeetan. 18:00etan afaldu dugu, kopeta-argiaren laguntzaz, lumazko anoraka eta eskularruak jantzita. 19:30ean zaku barnean nago, dardarika.

Uztailak 10. Valluna

Ez dut ordu bakar bat ere lo egin. Hotzak ez ezik, susmoa dut koka mateak ere begiak ezin bildurik atxiki nauela. Bazkalondoan litro bat eta afalondoan bertze bat prestatu zidan Robertok. Horrekin, sorocheari kontra egin diot, beharbada; logalea ere uxatu dut ederki.

01:00ean, zero azpiko hamabi gradu inguruan gabiltza. Zentzumenak sorgorturik ahoratu dut Robertok prestatu digun gosaria. 02:00etarako abian gara gidaria eta biok.

Ordu erdiz-edo haitzen artean ibilita, kranpoiak jantzi ditugu eta sokaz lotu. Hatsanka jarri nau glaziarreko lehen maldak. Kontua eztitu egin da horren ondotik. Bakarrik goaz; bezperako estatubatuar gazteek amore eman dute, altuerak zanpatuta. Gau ilunean, gidariaren kopeta-argiari segitzera mugatzen dut nire ahalegina. Lucho noizbehinka bihurtzen da, nola noan jakiteko. Lasaitasuna kutsatzen du. Peruko gidariek ez dute Europakoen zorrik.

Buruko mina gero eta biziagoa dut, hala ere, eta gero eta handiagoa gerritik beheitiko karga. Geldialdiek istant batzuk baizik ez dute irauten. Hotz honekin gehiagorik ezin. 05:00ak aldera, mendi-lepo batean gaude. Makilak utzi eta pioleta hartzeko tenorea. Punta zorrotz baten itzala sumatu dut eskuin aldera, eta bertze bat, bihurgunetsuagoa eta bi belarri ageri dituena, ezker aldera. Hego eta ipar gailurrak. Vallunaren bi belarriak. Bigarrena hautatu dugu, garaiena.

Pasabide mehea zeharkatuz gainditu dugu arraila bat. Zango azpian, 800 metroko erorikoa dut Ocshapalcako glaziarrera. Malda 40 gradu baino gehiagokoa da jada. Pioletaren mutur zorrotza darabilgu goiti segitu ahal izateko. Kranpoietako hortz guztiak landatzen ditugu, ostikoka, elur hormatuan. Azken metroak hamar urratsetik behin geldituz egin ditut, hats hartzeko.

06:00ak dira. Argitzen ari du. Vallunarajuko kaskotik Huarazko argiak ikusten dira. Eta Cordillera Negra guztia. Eta Ocshapalca eta Ranrapalca hurbilak, Vallunaren bi haurride garaiagoak. Eta Huascarango mendi-multzo guztia, urrunago, lehen eguzki printzek zuri-gorrituak. 5.686 metrotan nago, eta mundua gelditu dela ematen du.

Jaitsieran, goiti ari diren pare bat bikoterekin gurutzatu gara. Luchok txarrean agurtu ditu. Elurrolde arriskua areagotu egiten da hain berandu igota. Ezari-ezarian epeltzen duen bitartean, nondik pasatu garen jabetu naiz eguzki oraino herabearen laguntzaz. Izugarria, hogei metro baino gehiagoko izotz-zubia, glaziarraren azken tartean. Klima aldaketak opari pozoitsua utzi dio Vallunarajuri ere. Hamaika tokitan zartatua ageri du mendebaldeko mazela.

09:00etan morrenan gaude berriz. Robertok dendak bilduak ditu jadaneko. Zerbait jan eta Llacako arroilera abiatu gara. Bezperako taxiak Huarazko plazan utzi nau 13:00etarako. Niretarren esperoan, banku batean lo gelditu naiz, motxilei besarkatuta. Inguruan, zalapartaka dabil bizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.