Bezeroei etxean sentiarazten

Getariako Iribar jatetxeko sukaldaria da Pili Manterola, eta parrilan egindako arraina da haien berezitasuna. Euskal sukaldaritza tradizionala egiten dute.

Pili Manterola Getariako Iribar jatetxearen jabeetako bat da; herriko jatetxerik zaharrenetako bat da Iribar. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Getaria
2015eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ez da geldirik egotekoa. Beti zerbait egiten ibili behar du. Jatetxean lanean ez dabilenean, Euskadi Irratian hitz egiten du, eta ETB1eko kameren aurrean egon da orain gutxi arte, Txoriene saioan. Getariako (Gipuzkoa) jatetxerik zaharrenetako bat eramaten du Pili Manterolak (Getaria, 1968): Iribar. Familiako negozioa da jatetxea, eta senideen hirugarren belaunaldia da Manterola. Parrilan egindako arraina da haien berezitasun nagusia.

Bezeroekin duten harremana ere asko zaintzen dutela nabarmendu du Manterolak. «Oso garrantzitsua da. Leku askotan jaten da ongi hemen inguruan, eta garrantzitsua da, baina bezeroak etxean bezala egon behar du. Ongi eta eroso sentitu behar du. Hori ezinbestekoa da», azaldu du sukaldariak. Bisitariek jatetxe bat aukeratzeko orduan alderdi horri ere asko begiratzen diotela uste du Manterolak. «Jendeari bere izenez deitzeak edo betiko zerbitzaria ikusteak asko balio du. Bezero fidelak mantentzen saiatzen gara».

Manterolaren aitonak ireki zuen Iribar jatetxea. Hasieran, saltokia eta taberna zen. Turismoaren gorakadarekin bisitariak ugaritu ziren, eta jatetxe funtzioa hartu zuen denborarekin. Jatetxearen gainean dagoen izen bereko ostatua ere haiena da. «Betidanik egon da». Gurasoek jarraitu zuten familiako negozioarekin, eta berak hartu zuen gero lekukoa. Oskar Fernandez-Quejo sukaldaria du kide gaur egun.

«Ikasteko ez nuen askorik balio, eta udan gurasoei jatetxean laguntzen nien. Segituan ikusi zuten nik etxeko negozioa eramateko gaitasuna nuela», jarraitu du sukaldariak. Madrilgo ostalaritza eskolara joan zen, hala ere, lehendabizi, eta Luis Irizarrekin egin zituen praktikak hiru urtez, Madrilgo euskal etxean. Oso oroitzapen politak ditu urte haietaz, eta asko eskertzen die gurasoei aukera hori eman izana. «Sukaldaritzaz asko ikasi nuen, eta bizitzaz ere bai; gazteleraz hitz egiten, etxetik kanpo ibiltzen…». Ordura arte erabili gabeko produktuekin jardun zuela eta ikuspegia asko zabaldu zitzaiola nabarmendu du. Gerora oso baliagarria izan zaio Madrilen ikasitako guztia.

Denetik egiten du Manterolak Iribarren. Beharra non dagoen, hura han. Sukaldean aritzen da lanean, bezeroei harrera egiten die, eta jatetxearen martxa eramaten du. Euskal sukaldaritza tradizionala egiten dute Iribarren, baina gaur egungo joerei muzin egin gabe. Getaria kostaldeko herria izanik, arraina da haien plater nagusia; parrilan mota guztietako arrainak prestatzen dituzte. Bisigua eta erreboiloa eskatzen diete gehien. «Aurkitzen zailagoak diren arrainak ere saiatzen gara prestatzen, itsas kabrak, adibidez», jarraitu du sukaldariak.

Horrez gain, garaian garaiko elikagaiekin lan egitea gustatzen zaie, eta karta zabaldu egin dute azken urteetan. «Ehiza denboraldian ehizako produktuak eskaintzen ditugu, adibidez». Barazkiak ere prestatzen dituzte parrilan. «Gari zainzuriak, orburuak… Halako izenak ikasi behar izan ditut telebistarako!!», esan du barrez.

Jatetxean 50 lagun ingururentzako lekua dute, eta kartan 50 eurotik gora jateko aukera dago. Eguneko menua ere ematen dute, 25 euroan, aste barruan.

Etxe bat. Horrela definitzen du jatetxea Manterolak. Lantalde finko bat izatea gustatzen zaie Iribarren, eta horrek laguntzen die bezero fidelak izaten. Adibide bat jarri du. Manu Zulaikak 30 urte baino gehiago daramatza parrilan lanean. «Produktuak ona izan behar du, baina ongi maneiatzen ere jakin behar da. Manuk segituan daki bisigu bat kalitatekoa den edo ez». Beti langile berak izateak bezeroei hurbiltasuna ematen diela pentsatzen du Manterolak. «Bezeroen bigarren eta hirugarren belaunaldiak etortzen zaizkigu hona».

Baina lapiko artean ibiltzeaz gain, irratian eta telebistan ere jarduten du Manterolak. Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan, Sukaldari dema egiten du Igor Zalakainekin —Arzak jatetxeko sukaldariarekin—, astearte eguerdian. Asko gozatzen du Manterolak. «Osagai bat ematen digute, eta guk errezeta bana egin behar izaten dugu. Gero, entzuleek deitzen dute baten alde edo bestearen alde egiteko. Igorrek irabazten du ia beti; protestaka hasten naiz, baina…», bota du, txantxetan. Saioarekin asko ikasten duela adierazi du. Liburuak irakurri behar izaten ditu, eta buruari buelta asko ematen dizkio errezeta berriak asmatzeko.

Telebistakoari ezetz

Manterolaren ama Claudia Iribar azaldu da jatetxean. Goiko solairuan bizi da, eta alabari bitxikeria bat kontatu nahi dio. «Telebistan Andoni Aizpuruak eguraldia eman eta gero, Txoriene saioa aipatu du, eta zuk oso ondo egiten zenuela esan du». Barre egin du Manterolak.

Izan ere, ETB1eko Txoriene sukaldaritza saioa aurkezten ibili daurte eta erdiz Manterola. Lehengo astean eman zituzten azken saioak, eta hemendik aurrera Zigor Iturrietak aurkeztuko du. Emakume izateak ateak ireki dizkiola uste du. «Emakume izateak lagundu egin dit. Sukaldean emakumeak egon izan dira tradizioz, baina aurpegia gizonezkoek ematen zuten. Hori aldatu egin da gure belaunaldiarekin».

Bitxikeria bat kontatu du: ez zela sukaldeko saioen zalea; katea aldatzen zuela telebistan sukaldaritza saioren batekin topo egiten zuenean. Oso gustura ibili da, hala ere, eta ikusle datu onak izan ditu. Hainbat jatetxetako sukaldariak joaten zitzaizkion gonbidatu gisa astero, eta egun batean grabatzen zituzten asteko saio guztiak, hamaika orduz jarraian. Pozik dago Getariako jatetxeetako sukaldariak eta Luis Irizar gonbidatzeko aukera ere izan zuelako. «Asko ikasi dut, eta sukaldari asko ezagutu ditut».

Baina etapa hori amaitutzat eman du. Bakarrik aurkezteko proposamena eskaini zioten, eta ezetz esan du. «Nahiago gonbidatuekin eta beste baten laguntzarekin egin». Josten hasi da orain: Getariako Balentziaga museoan ikastaro batean izena eman du. «Makinan josten erakutsi behar digute», azaldu du, ilusioz. Geldirik ezin egon, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.