Gorka Otxoa

«BEZaren igoera antzerkia eta zinema desagertzeko saioa da»

'Goenkale'-n hasi zenetik, ez du lanik falta aktore donostiarrak, baina oso haserre nabari zaio Espainiako Gobernuak BEZaren inguruan berriki hartutako erabakiarekin. Donostiako Zinemaldian 'Bypass' filma aurkeztuko du.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Adarrak jartzen dituen senarra, gizotsoen aurka borrokatzen den arrakasta gabeko idazlea... Gorka Otxoa (Donostia, 1979) bat baino gehiago ikusi ahal izan da udan. Eta gehiago datoz; zorionez, aktorea gelditu gabe baitabil lanean.

Euskal Herritik kanpo zaude orain, baina udan izan zara Euskal Herrian, Para lo que hay que vivir... mejor no morirse nunca antzezlana aurkezten.

Bai, uztailean estreinatu genuen Carla Hidalgok eta biok komedia ero eta dibertigarri hau. Orain, irailetik aurrera, bira hasiko dugu, bai Euskal Herrian, baita Espainiako Estatuan ere.

Geldirik ez zara ibili gutxienez; film bat ere aurkeztu duzu. Otxoatik Otsoara pasatu zara Lobos de Arga [Argako otsoak] lanean. Harrera ona eduki al du?

Komertzialki hitz egiten badugu, harrera eskasa izan du. Ez zegoen dirurik promoziorako, eta gainera Spiderman eta Batman artean estreinatu zen... Jende gehiena ez zen konturatu ere egin. Pena da, oso film entretenigarri eta dibertigarria baita. Izan ere, munduan askoz harrera hobea ari da izaten: jaialdi ugaritan dago —urrian hamabi bat festibaletan egongo da—, sari ugari irabazten ari da, eta herrialde askotan saldu da filma. Pena da, baina Espainiako Estatuko egoera tamalgarria da.

Aski ez, eta Donostiako Zinemaldian Bypass filma estreinatuko duzu Barbara Goenaga, Sara Cozar eta hainbat aktore euskaldun ezagunekin.

Bai, oso film polita, dibertigarria eta hunkigarria da. Primerako komedia erromantikoa, eta, gainera, euskaraz. Oso garrantzitsua da euskarazko filmak egitea, eta badirudi azkenaldian gehiago egiten ari direla. Gidoia irakurri nuenetik, oso ona eta maila altukoa iruditu zitzaidan. Filmatu eta gero, gehiago oraindik. Egia esan, ikusteko gogo handia dut; non eta etxean gainera, Zinemaldian. Ondoren, areto komertzialetan estreinatuko da, urriaren 11n.

Hainbeste rol desberdin hain denbora gutxian, burua galduko duzu egunen batean.

Oraingoz ez dut burua galdu [barrez], baina gertatzen da batzuetan gauza desberdinekin batera zaudenean horiek nahastea.

Lobos de Arga-z hitz egin dugu, baina udako haginkada handiena Espainiako Gobernuak eman dizue; %21eko koska, alegia.

Izugarria eta penagarria da. Antzerkia eta zinema guztiz desagertzeko saio argia da. Berez, oso egoera tamalgarrian zeuden biak, eta azken ziztada izan da. Milaka lanpostu sortzen dituen bi industria oso garrantzitsu dira. Hori, balio kulturalez aparte, noski.

Kinka larrian geratu da kultura?

Kultura luxu bat bihurtu nahi dute, gutxi batzuk soilik goza dezaten, pixkanaka desager dadin. Azken helburua jendeak ez pentsatzea da, etxean geratzea, gauzak hobetzen eta aldatzen ez saiatzea. Guztiz tamalgarria.

Hozkadak hozkada, mingainean ez duzu herdoilik, ez gutxienez zure Twitter kontuari so eginez gero. Egurra eman ohi duzu.

Ba gauza eta pentsamendu ugari isiltzen ditut, kontuz ibili behar dudalako niri batere gustatzen ez zaidan pertsonaia publikoa naizelako. Askoz gauza gehiago esango nituzke, baina askotan eutsi egin behar diot.

Goenkale-n Margariren iloba gisa ezagutu genuen 18 urteko gazte hura eta oraingoa asko aldatu al dira?

Askorik ez... uste dut. Mutil hura naiz, baina 15 urte gehiagorekin; eta bizitako aldaketa eta gauzekin hazita, noski.

Aspaldi egin zenituen lanez gogoratzen al da jendea oraindik? Kalean behin baino gehiagotan geratuko zaituzte...

Batzuek pertsonaia batekin lotzen zaituzte; beste batzuek, beste batekin; eta baten batek zure curriculum osoa daki. Baina kuriosoa da adibidez zenbat jendek hitz egiten didan Vaya Semanita-ri buruz; ez Euskal Herrian bakarrik, Espainiako Estatuan ere bai. Izugarri harritzen nau horrek oraindik.

Umoreko pertsonaiekin egin zara famatu. Hor iltzatuta geratzea da zure patua?

Azkenaldian telebistan eta zineman egin ditudan gehienak umorezkoak izan dira; baina lehengo urtean, adibidez, La Ratonera antzezlanean hiltzaile eroa nintzen, eta urrian estreinatuko dudan Hamlet antzezlanean pertsonaia ugari egin behar ditut. Telebistan eta zineman ere eskaini dizkidate pertsonaia dramatikoak, baina beste lan kontuengatik ezin izan ditut egin. Ez ditut proiektuak komikoen edo dramatikoen artean banatzen; interesgarriak direnen edo ez direnen artean baizik.

Gutxienez ederki pasarazten duzu ikuslea. Zuk ere grabatzerakoan ondo pasatzen duzun seinale?

Gehienetan bai, noski; oso ondo pasatzen dut lan egiten, eta oso zorteduna sentitzen dut neure burua gogoko dudan lan bat edukitzeagatik. Halere, lana da, eta, edozein lanetan bezala, momentu gogor eta nekagarriak daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.