Betty itzuli da pantailetara

Prime Videok Yo soy Betty, la fea telenobela kolonbiar arrakastatsua berreskuratu du eta telesail bat egingo du, 2024rako, jatorrizko bertsioaren jarraipenarekin.

Argazki nagusian, Jorge Enrique Avello eta Ana Maria Orozco aktoreak, gaur egun. Argazki txikian, Orozco, Bettyren rolean, 1999an. HERNAN PUENTES / EFE.
Igone Urtaza
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Plataformetan ikusten diren telesailek hamar-hamabost kapitulu inguru izaten dituzte. Telesailik luzeenek zertxobait gehiago. La Casa de Papel telesailak 41 atal ditu; Game of Thrones-ek 73; Sex in the City-k 94; eta Friends-ek 236. Azkartasuna eta aktualitatea nagusi den gizartean, telesail luzeak dira horiek. Geroz eta azkarrago aspertzen da jendea telebistaren aurrean. Hori dela eta, orokorrean, plataformek eduki motzak lehenesten dituzte. Prime Videok, ordea, 335 atal dituen Yo soy Betty, la fea telesaila berreskuratu du eta jatorrizko bertsioaren segida egitea erabaki du, 2024rako. Zer egiten du berezi telesail kolonbiarra, Prime Videok erabaki hori hartu nahi izateko?

Yo soy Betty, la fea-k Guinness errekor bat eskuratu zuen: telebistaren historian gehien egokitu duten telenobela izan da. 180 herrialde ingurutan eman dute, eta hamabost hizkuntzatara itzuli.

Telesaila bueltan dela iragartzeko, Prime Videok, bideo bat jarri du sareetan. Bertan, Jorge Enrique Abello eta Ana Maria Orozco aktoreak ageri dira. Bi aktoreek ondo ezagutzen dituzte telesaileko protagonistak, 1999an ere haien rola jokatu baitzuten, Armando Mendoza —moda enpresa bateko nagusia— eta Beatriz Aurora Betty —nagusiaren idazkaria—.

Bettyk harreman profesional estua du Mendoza nagusiarekin, eta maite du; Mendozak, ordea, ez du maite, eta neska-laguna du, enpresa bereko goi kargu bat. Neska lagunak Betty gutxiesten du etengabe.

Telenobelaren jarraitzaileek Bettyren, Mendozaren eta haien familiaren gorabeherak ikusteko aukera izango dute, jatorrizkoa estreinatu eta 25 urtera. Izan ere, 1999an estreinatu zuten, Fernando Gaitan kolonbiarraren zuzendaritzapean. RCN telebista kateakekoitzi zuen orduan, eta RCNk ekoitziko du Prime Videok emango duen bertsioa ere. Netflix plataformara ere iritsi zen telesailaren jatorrizko bertsioa. Atal berriak streaming bidez emango dituzte, 240 herrialdetan baino gehiagotan.

Azken 24 urteetan Yo soy Betty, la fea-ren arrakastaz mintzatu izan dira adituak. Teoria eta argudio guztien artean hiru arrazoierrepikatzen dituzte gehien. Lehena, Elizabeth Wissinger New York Hiriko Unibertsitatekomoda eta soziologia irakasleak aipatua: ahaleginaren kulturarekin duen lotura. Lan egin eta borrokatuz gero, ametsak beteko direla. Wissingerrentzat, gizartea eboluzio pertsonalaren mendeko bilakatu da.

Telenobelan, Betty itsusia da hasieran, eta ederra da bukaeran.Telesailaren sortzaile Fernando Gaitanek berak Errauskine eta Ahatetxo itsusia kontakizunak aipatzen ditu istorio kolonbiarraren hezurdura eta Bettyren eraldaketa azaltzeko: itsusi zena ederbihurtua, eta gutxietsia zena arrakastatsu bihurtzea.

Telesailaren oihartzuna azaltzeko beste arrazoietako bat gidoia da. Hori nabarmendu du, esaterako, Carolina Acosta-Alzuru Georgiako Unibertsitateko irakasleak. MAG egunkari digitalean adierazi zuenez, «telesailakez du gainerako telenobelen hezurdura rik, eta horrek berezi egiten du». Protagonista ez da ederra. Ez dago printze urdinik. Protagonista, «antiheroia» da, hau da, ez ditu pertsonaia nagusien ezaugarriak betetzen. «Ikusleak Betty maite du. Jendeak berak irabaztea nahi du», Acosta-Alzururen esanetan.

Carlos Ochoak, Kolonbiako telenobeletan adituak, bat egiten du Acosta-Alzururekin. Publimetro egunkari digitalean adierazi zuenez, «telesailaren arrakastaren atzean, estereotipoak hausteko gaitasuna dago». Ochoaren hitzetan, pertsonaien aniztasunak erakarri du ikusleen arreta. «Edertasunaz eta zatartasunaz hitz egiten da, baina zalantzan jartzen da emakumeek horiei kasu egin beharko lieketen edo ez».

Umorearen garrantzia

Enrique Rojasentzat, Casa Grande Unibertsitateko irakaslearentzat, gidoiak duen umoreak egiten du berezi telesaila: «Telesailean telenobela orok duten elementuak ageri dira: matxismoa edota klasismoa, besteak beste. Gaitanen telenobelan, ordea, elementu horiei buruzko umorea egiten da, eta barregarri uzten ditu». Rojasek gertuko sentitzen du Betty.

Gertutasuna. Hori da telesailaren arrakastaren atzean adituek gehien aipatzen duten beste arrazoia, hirugarrena. Rojasek berak, El Universo egunkari digitalak argitaratutako elkarrizketa batean, adierazi zuen egokia zela telesailak eguneroko arazoak eta pertsonaiak aurkeztu izana. Berak gertuko sentitzen du Betty:«Ikusleak bere burua ikusten du pertsonaietan, eta identifikatua sentitzen da. Edozein lekutan aurkitu zenezakeen pertsona da protagonista».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.