Bizitza istorioak biltzen, zaintzen eta transmititzen espezializatuta dagoLabrit Ondarea. Oraingo honetan, beste urrats bat egin du: familia egiturak ardatz gisa hartu ditu, eta bizi memoria guztia proiektu bakar eta pertsonalizatu batean biltzen duen tresna digitala sortu du. Sei urteko lanketa prozesua izan da, eta duela urte erdi inguru hasi dira publikoki merkaturatzen. Asmoa bizitza istorioak hurrengo belaunaldiei transmititzea da. Izan ere, pixkanaka, belaunaldien arteko transmisio hori galtzen ari da. «Globalizazioak eta teknologia berrien erabilerak zeharo aldatu du belaunaldien arteko harremana», esan du Gaizka Arangurenek. Kazetaria da Aranguren, eta egun, Labrit Ondareko zuzendaria. Haren ustez, beharrezkoa da transmisio hori ikus-entzunezko bidez gordeta geratzea: «Transmisiorako bide tradizionala oso murritza denez, garrantzitsua da transmisio hori pantailara eramatea».
Proiektuan parte hartu duten bezeroen artean, bi erabiltzaile mota daude. Batetik, norbere bizitza pertsonala kontatu nahi dutenak daude. «Ondorengoei bere ondare immateriala testigantza bidez utzi nahi diotenak». Bestetik, eta ohikoagoena dena, hurrengo belaunaldia dago. «Normalean, seme-alabak dira gurasoen bizipenak gordetzeko nahia erakusten dutenak». Etorkizunean, produktu horrek familia osoaren bizitza «guztiak» biltzea da asmoa. «Hosto bakoitza bizitza bat izango da zuhaitz horretan, baina izen-abizenak agertu beharrean, horietako bakoitzak bere bizitza ikus-entzunezko formatuan kontatuko du».
Urratsez urrats
Norbere ondarea transmititzeko, Labritekoekin harremanetan jartzea da bete beharreko lehen urratsa. Hasieran, bildu beharreko bizitza istorioaren «mugarri nagusiak» identifikatu behar dira, galdetegi pertsonalizatua prestatzeko. Galdetegia prest dagoenean, berriz, Memoria Bilketa egiten dute, ikus-entzunezko grabazioa. Hiru orduko elkarrizketa izaten da, eta parte hartzaileak «gustura» egon ohi dira: «Lehenengo bost minutuetan pixka bat deseroso egon daitezke, ohituta ez daudelako, baina denbora hori igarotakoan, ahaztu egiten zaie kamera aurrean daudela». Ondoren, elkarrizketaren azterketa antropologikoa egiten dute, eta nahi izanez gero, argazkien interpretazioa ere egin daiteke.
Emaitza, familiaren lan dokumentua da: «Fisikoki, kutxa pertsonalizatu bat da, baina barnean dago garrantzitsuena». Kutxa zabaldu eta pendrive batekin topo egingo du erabiltzaileak: «Bizitza hori guztia biltzen duen softwarea, gerora, edonork ikus dezake, etxeko ordenagailuan edo telebistan». Bertan dago elkarrizketa osoa, gaika antolatuta, sekuentzia bakoitza zatika ikusi ahal izateko. Gainera, argazki interpretatuak, bideoteka edo bestelako dokumentuak ere badaude. «Pertsona bakoitzak bere bizitzaren adierazgarritzat jotzen dituen elementu guztiak daude, modu inmaterialean eta betiere, ikus-entzunezko formatuan». Dokumentu eta irudiez haratago, oroitzapenek ere leku handia hartzen dute: «Bizipenak eta kontakizunak zuzenean transmititzea gero eta zailagoa denez, bilketa horretan istorio berezituak, bitxikeriak... kontatzen badituzte, oso adierazgarriak dira».
Betirako altxorra
Mikel Muñoak (Baiona, 1967) lagun baten bitartez izan zuen lehenengoz proiektu horren berri. «Nire aitona-amonen edo gurasoen istorio asko galdu egingo genituela pentsatu nuen, eta lekukotasuna jasotzea interesgarria izan ahal zela iruditu zitzaidan». Izan ere, etxeko istorioak, sarritan, «baztertu» egiten dira. «Gure herriaren historiaz hitz egiten dugunean, etxeetako istorioei garrantzi txikia ematen zaie; baina, gure historia etxeko istorioen mosaikoa da, eta gorde egin behar dira». Hortaz, gurasoei galdetu, eta, amak ezezkoa eman bazion ere, aita elkarrizketa egiteko prest agertu zen. «Hasieran, garrantzi txikiko kontuak galdetu zizkioten hitz egitera bultzatzeko, eta, elkarrizketak aurrera egin ahala, gaietan sakontzen joan ziren». Esperientzia «ona» izan dela nabarmendu du Muñoak: «Oso pozik gaude, altxor bat da». Oraindik ere, aitortu du ikus-entzunezkoa ez dutela askotan ikusi, baina «hor dago, eta alabek ere eskura izango dute nahi dutenean ikusteko».
Etorkizunera begira, «misio» bat du Labritek: «Ondare inmaterialak kudeatuz, edozein giza kolektiboren iruditeria landu nahi dugu, eta horren bitartez, edozein gizatalderen identitatearen atarietara iristea lortuko dugu».
Ondarea
Betirako denen memorian
Belaunaldien arteko transmisioa ez galtzeko, tresna digitala sortu du Labrit Ondareak. Sei urteko lanketa prozesua behar izan dute. Mikel Muñoa da erabiltzaileetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu