Ordizia tabernako jabeak

Mikel Benito eta Joseba Benito: «Betiko taberna da, auzokoa; jende askok hemen ezagutu du elkar»

Ja(ki)tea sariketako pintxo tradizional onenaren saria irabazi du Ordizia ostatuak, Donostiako «etxeko» tabernak.

Joseba Benito eta Mikel Benito, Ordizia ostatuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Joseba Benito eta Mikel Benito, Ordizia ostatuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

Ja(ki)tea sariketako pintxo tradizional onenaren saria jaso zuen Ordizia tabernak uztailaren 22an, Aduna sagardotegian egindako ekitaldian. Donostiako San Lorenzo kalean dago ostatua, Parte Zaharrean, eta bertako jendearentzat egiten dute lan. Bi anaia dira tabernako jabeak eta langileak: Mikel Benito Dolado (Donostia, 1976) eta Joseba Benito Dolado (Donostia, 1980). 

Zuek ez duzue platerik ematen pintxoak hartzeko.

JOSEBA BENITO: Ez, guk hemengo jendearentzat egiten dugu lan, eta hala izatea nahi dugu, gainera. Egia da geroz eta turista gehiago etortzen direla, baina guk eguneroko jendea daukagu, etxekoa; beti etortzen dena. Horrela izan da beti. 

Familiako ostatua da?

MIKEL BENITO: Bai, aitak 1980an hartu zuen ostatua, eta gero, 1998an, alokairuan utzi, ze garai hartan gu biok gazteegiak ginen taberna hartzeko. 2008an, baina, dena berritu, eta guk hartu genuen.  

Zer bezero mota etortzen da hona?

JOSEBA BENITO: Poteoan ibiltzen direnak, asko. Gero haien semeak, bilobak… Betiko jendea eta haien ondorengoak. 

Nola sentiarazten zaituzte etxeko taberna izateak?

JOSEBA BENITO: Niri poz handia ematen dit. Batzuetan pentsatzen dut ez ote genukeen taberna alokairuan utzi behar, baina gero pena ematen dit... Betiko taberna da, auzokoa; jende askok hemen ezagutu du elkar. Harreman oso ona daukagu auzoan; guk, gainera, oso goiz irekitzen dugu, eta goizetan sekulako mugimendua izaten da. Ederra da hori. 

Aste Nagusian bertze langileren bat behar izaten duzue, ezta?

MIKEL BENITO: Bai, estra bat daukagu, lanaldi erdian aritzen dena; eta sukaldari bat. 

Pintxoez gain, ogitartekoak ematen dituzue.

MIKEL BENITO: Bai, ogitartekoekin lan handia egiten dugu; geroz eta gehiago, gainera. Karmenetan, Jazzaldian eta Aste Nagusian ogitarteko pila-pila bat ateratzen dugu.

Pintxo tradizional onenaren saria Txipiroiak plantxan pintxoarekin irabazi duzue. Nondik dator errezeta? 

JOSEBA BENITO: Berez osabarena da errezeta. Ordizian bazeukan taberna bat, eta han saltzen zuen txipiroiaren pintxoa. Hemen, gurasoek, txanpiñoia egiten zuten: urdaiazpikoa, txanpiñoia, otarrainxka eta saltsa. Txanpiñoiaren ordez txipiroia jartzea da desberdintasuna. Pintxoa, beraz, osabaren ostatutik dator, eta handik jaso genuen guk. Aitaren familia osoa ostalaritzan aritzen da. 

Anitz saltzen da?

MIKEL BENITO: Bai, eta saria irabazi ondotik, are gehiago. Beti saldu izan da asko, dena den. Jendeari asko gustatzen zaio. 

Harremana duzue kaleko bertze ostatuekin?

MIKEL BENITO: Bai, harreman oso ona daukagu. Parte Zaharreko kale honetan justu denak gara etxekoak eta betiko ostatuak, bertakoentzat lan egiten dugunak, eta ez turistei begira. Kale honek badu bere izaera propioa, eta horri eutsi nahi diogu. Txikitatik ezagutzen dugu elkar.

JOSEBA BENITO: Gu bertako jendearengatik gaude hemen; hori oso argi daukagu. Turista batek behin etorri eta sekulako gastua egiten badu, ondo, baina eguneroko jendea da gu hemen mantentzen gaituena. Gainera, guztiok ezagutzen dugu elkar, eta harreman polita daukagu auzoan. Hori ezin dugu galdu. 

Lehenbiziko aldiz aurkeztu al zarete sariketara?

MIKEL BENITO: Bueno, egia esan, ez ginen aurkeztu. Guri ez ziguten esan pintxorik ateratzeko gero haiek epaitzeko. 

JOSEBA BENITO: Jakitea elkartea bertako jendearekin eta produktuekin ibiltzen da, euskal kulturarekin. Aurten guri eman digute sarietako bat, urte asko daramatzagulako tabernarekin eta etxekoa delako.

Bertze saririk irabazi duzue inoiz?

MIKEL BENITO: Bai. Gogoan dut behin beste sari bat eman zigutela; txipiroiarekin, gainera. 

LOTSABAKO

Txipiroiarekin edateko?
M.B: Zuria. J.B: Txakolina.

 

Sukaldari bat?
BIEK: Arzak.

 

Izozki zapore bat?
M.B: Kafea eta banilla. J.B: Mandarina eta jogurta.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.