Bere aita Aitor Mazori esker, aktore munduari lotuta hazi da Nerea Mazo (Bilbo, 1998). Ikus-Entzunezko Komunikazioa ikasi zuen EHUn, eta egun, Madrilen ari da antzerki ikasketak egiten. Zineman eta telebistan hainbat lan egin baditu ere, orain egin ditu lehen urratsak antzerkigintzan: Ameriketako bidaia antzezlana aurkezten ari da Miren Arrietarekin. Tanttaka Teatroak sortu du obra, eta AEBetara doazen bi neraberen istorioa kontatzen du. Gaur emanaldi bat egingo dute Bilboko Arriaga antzokian.
Jone du izena zure pertsonaiak. Nolakoa da?
Jone ilusio handiarekin helduko da AEBetara, pelikuletan ikusitako amets amerikarra bizi nahi duelako. Pixka bat inozentea da, alaia eta maltzurkeriarik gabekoa. Hala ere, lehenengo egunean, AEBen inguruan zeukan ideia pixka bat aldatuko zaio, eta berehala konturatuko da guztia ez dela uste bezain polita.
Antzezlaneko bi pertsonaiak oso desberdinak dira elkarren artean. Zertan bereizten dira?
Mirenek interpretatzen duen Mariaren pertsonaia gogoz kontra doa AEBetara, ia-ia gurasoek behartuta, eta bertan igaro beharreko urtea ahalik eta azkarren pasatzea nahi du. Hortaz, oso desberdinak direnez, elkarren artean talka egingo dute. Biak doaz aurreiritzi jakin batzuekin, eta, obra osoan, aurreiritzi horiek deseraikiz joango dira. Hala ere, bi pertsonaiek asko ikasiko dute esperientzia horretatik.
Hortaz, aurreiritziak apurtzea da nolabait obraren asmoa?
Oro har, antzerkiak gai asko jorratzen dituela esan daiteke: immigrazioaren auzia, aurreiritziak... Baina helburu nagusia publikoak antzerkiaz gozatzea da. Agerian dagoen errealitate bat erakusten dugu, baina ez gatoz inori inolako irakaspenak ematera. Oso antzezlan arina da; tonu komikoan jorratuta dago, eta jendeak tarte atsegin bat igarotzea nahi dugu.
Gaur egun Madrilen bizi zara. Nola moldatu zarete obra prestatzeko?
Nahiko ondo. Miren eta biok Madrilen bizi bagara ere, entseguak egiteko Euskal Herrira itzultzen ginen. Oraintxe bertan, aurrera eta atzera gabiltza: emanaldiak ditugunean itzultzen gara, eta bukatutakoan, Madrilera bueltatzen gara.
Go!azen telesailean ezagutu zenuten elkar Miren Arrietak eta biok. Nolakoa izan da berriro ere elkarrekin lan egitea?
Telesailari esker, Miren oso hurbileko laguna bilakatu da, eta ordutik, ez dugu harremana galdu. Gainera, orain biok Madrilen bizi gara; antzerki eskola berean gaude, eta antzerki honek gehiago batu gaitu. Mirenekin lan egitea plazera da; konplizitate handia dugu oholtza gainean, eta oso ondo moldatu gara.
Horrez gainera, Mireia Gabilondoren gidaritzapean egon zarete, eta Patxo Telleria da obraren egilea.
Hori da, eta Mireiak du gure lanaren merezimendu guztia. Oso ondo zuzendu gaitu, eta modu librean jokatzeko aukera eman digu. Patxo Telleria ere txikitatik ezagutzen dut, eta gidoiarekin jolasteko aukera eman digu. Oso prestakuntza prozesu polita izan da.
Obra hau izan da zure lehenengoa antzerkiaren munduan. Nolako esperientzia izan da?
Oso berezia. Erronka handia izan da, baina antzerkiaren munduan izan nezakeen estreinaldirik onena izan da. Une oro oso babestuta sentitu naiz; familia bat izan gara, eta, horrez gainera, balio sentimental handia du niretzat. Izan ere, proiektu honek nire aitarengandik hurbil sentiarazi nau, badakidalako aita oso harro egongo litzatekeela ni taula gainean ikusteaz. Hortaz, oso pozik nago, eta asko gozatu dut, baina, aldi berean, saihetsezina da tristura puntu hori sentitzea.
Alde handia dago telebistatik edo zinematik antzerkira?
Bai, ez dute zerikusirik elkarren artean. Antzerkiak lan handia du aurretik; asko entseatu behar da, baina segurtasuna bermatuta duzu, eta badakizu taula gainera irtetean ondo aterako dela. Telebistan edo zineman ez da hori gertatzen: telebista oso arina da; ez dago prestatzeko denbora askorik, eta zineman denbora gehiago dago; mimo gehiagoz prestatu daiteke. Agian, telebista da hiruretatik gogorrena, baina denek dute beren konplexutasun puntua eta beren xarma.
Txikitatik hainbat lan egin dituzu aktore gisa. Betidanik erakarri izan zaitu mundu horrek?
Bai, aitaren figura horren presente izanda, betidanik izan dut aktore izateko grina. Txikitatik entseguetara joaten nintzen; bat-batekotasuna lantzen nuen berarekin... Barre asko egiten genuen elkarrekin. Orain, gainera, Madrilgo antzerki eskolan ari naiz ikasten, eta zorte handia dut, bitartean aukera dudalako aktore gisa lan egiteko.
Aurrera begira, aktore gisa lan egiten jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, oso argi dudan zerbait da. Egia da oso mundu gorabeheratsua dela, baina, egia esan, ez dut nire burua beste ezertan ikusten.
ATZEKOZ AURRERA. Nerea Mazo. Aktorea
«Betidanik izan dut aktore izateko grina»
Miren Arrietarekin batera, 'Ameriketako bidaia' antzezlana aurkezten ari da herriz herri. Antzerkigintzan egiten duen aurreneko lana da, eta gaur Bilboko Arriaga antzokiko taula gainera igoko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu