Komunikazioa. Javier Vizcaino. Onda Vascako esataria

«Beti saiatu naiz egon naizen lekuetan gerra pixka bat ematen»

Astelehenetik ostiralera 'Gabon' irratsaioa gidatzen du Vizcainok, 22:00etatik 23:30era. Eztabaidetan ahots guztiei egiten die lekua.

ONDA VASCA.
urtzi urkizu
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Radio Euskadin 21 urtez aritu ostean, Onda Vascara iritsi zen iazko udazkenean Javier Vizcaino(Barakaldo, Bizkaia, 1967). Zutabeak idazten ditu Noticias taldeko egunkarietan eta Público-n.

Nolakoa izan zen zuretzat Radio Euskadiko asteburuetatik Onda Vascako gauetara egindako aldaketa?

Oso gutxi kosta zitzaidan ohitzea; trantsizioan pentsatzeko denborarik ere ez nuen izan. Orain asteburuetaz gozatzen dut, aspaldi egiten ez nuen zerbait. Goizetan idazten aritzen naiz, eta arratsalde-gau partea irratian egiten dut.

Zer premisekin gidatzen duzu Gabon saioa?

Aurrenekoa da ahots guztiak entzun daitezela. Saio entretenigarria izan dadila nahi nuke. Ez dadila tertulia klasiko bat izan, non dena dakiten solaskide burutsuak dauden. Bestetik, planteamenduetan zintzotasuna egon dadin saiatzen naiz. Ez gara egiaren jabe. Iritzia ematen dugunean ere, azpian karteltxo bat dago «hau ez da egia absolutoa» esaten duena.

CIESen neurketak Onda Vascari 98.000 entzule eman dizkio. Nola baloratzen duzu datu hori?

Niretzat mirari bat da. Konparatzen baditugu gure bitartekoakirrati handi batzuen bitartekoekin, konturatzen gara gure entzule kopurua mirari bat dela. Bitarteko tekniko eta pertsonalez gain, errepikagailuena dago. Oraindik leku askotan ez da ondo entzuten Onda Vasca. Gainera, irrati berri bat agertzen denean normalean urte asko behar izaten ditu entzule kopuru hauetara iristeko.

Entzule horietatik gehienak Radio Euskaditik iritsitakoak dira ala beste entzulego mota batengana iritsi zarete?

Beste jende mota batengana iristen ari gara. Bestetik, jende asko dago Radio Euskadi eta Onda Vasca entzuten dituena. Herri Irratia entzuten zuen jendea ere kontuan hartu behar da.

Ahots ezberdinak entzunaraztea aipatu duzu. Hauteskunde kanpainan mahai inguru berean Bilduko eta PPko ordezkariak eseri dira. Tertulietarako beste garai bat al dator?

Bai, hala dirudi. Guk, hala ere, lehenagotik bagenuen hori. Ostegunetako tertulian Iñaki Antiguedad (ezker abertzalea) eta Iñigo Manrique (PP) egoten dira. Haien arteko giza tratua aparta da, nahiz eta ideiak ez konpartitu. Hori normala bilakatzea erraza izango da epe laburrean.

Onda Vascan maiz entzuten dira egungo Eusko Jaurlaritzarekin kritikoak diren ahotsak. Bizkaiko foru aldundiari eta Bilboko alkateari egindako kritikak neurri berean entzuten al dira?

Nik esango nuke baietz. Dena den, Eusko Jaurlaritzak motibo gehiago ematen du kritikarako. Kritikak guztientzako daude Onda Vascan.

Cocidito madrileño ahaztua duzu. Baina azkeneko asteetan LTDko telebista kate batzuetan entzuten diren esaldiekin lapiko majoa egin zitekeen, ezta?

Nahiz eta kate horiek gero eta gutxiago ikusten ditudan ia ezinezkoa da ez enteratzea zer astakeria esaten dituzten. Bilduren kontuarekin, kate horietan esan dituztenekin material oparoa izango nuke astero Cocidito bat egiteko.

Pascual Serranoren arabera, eskuineko kate horiek «txiringito fundamentalistak» dira. Baina berarentzat larriagoa da bere burua neutral eta progretzat jo eta informazio eskuindarra ematen dutenen jokaera.

Pascual Serranok esaten duena asko errespetatzen dut. Kazetari batek eskuineko ikuspegia izatea ez zait axola; ez dut konpartitzen, baina ez bada gezurrean eta isekan sartzen, ez dut ezer esaterik.

Sare sozialak eta kazetaritzaren arteko loturaren inguruan, zer gomendatuko zenieke kazetari gazteei?

Alderantziz, haiek gomendatu beharko lidakete niri. Egun bokazioa duten gazteek ematen dizkigute lezioak. Sare sozialekin jendearen berehalako erantzuna duzu, eta hori irratian zailagoa da. Twitter eta Facebook beti ditut irekiak, eta bestela jakingo ez nituen kontu batzuetaz enteratzen naiz horri esker. Sare sozialak erabili behar dira, horietan bakarrik gelditu gabe. Ez dira kazetaritzaren berrasmaketa ere.

Nola ikusten duzu kazetari lanaren egoera krisialdi ekonomikoaren erdian?

Kazetaritza gaur egun ez da hain militantea. Kazetari askok ez dute bokazioa, kazetari lana egiten dute hipermerkatu batean kutxazain lana egin zezaketen moduan. Egokitzen dira dauden hedabidera. Ni beti saiatu naiz gerra pixka bat ematen egon naizen lekuetan: lehen, irrati publikoan, eta orain, pribatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.