Medikuntza ikasi nahiko lukeen Juan Joxe Agirre Begiristain (Alegia, 1930) beneditarrak bizitza erdia baino gehiago darama Euskal Herriari buruzko «paperik txikiena» ere biltzen, Euskal Herriko historia gorde, sailkatu eta zaintzen. Euskal gaietan mundu mailan erreferentzia den Lazkaoko Beneditarren Artxibategia eta liburutegia osatu du Agirrek. Sari ugari jaso ditu orain artean eta urrian jasoko du beste bat Lazkaon bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lazkaoko Udalarekin eta Lazkaoko Beneditarren komunitatearekin elkarlanean antolatutako aitortza ekitaldian.
Alegiarra zara jaiotzez baina 13 urterekin Lazkaora, Beneditarretara joan zinen, 1943an. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Hamar senide ginen eta anaia eta biok etorri ginen Lazkaora. Garai hartan, beste ideologia batekin bizi ginen. Frankismoa zen, orduan normala zen igandero elizara joatea... Kultura aldetik, antzerkiak egoten ziren, koruan ere ibili nintzen... giro horretan bizi izan ginen. Orain ez dago pentsatzerik. Batxilerra ikasi nahi zuena seminarioetara joaten zen. Euskaldunak berandu hasi ziren ikasten. Lehenengo legealdian, politiko guztiak, erdi fraide, erdi apaiz izandakoak ziren.
Garai hartan, ia familia guztietan bazen fraide, apaiz edo mojaren bat.
Giroa halakoa zen. Orduan normala zen igandero elizara joatea. Akolito ibiltzen nintzen elizan, bost edo sei lagun baginen. Gogoratzen naiz fraideak nola joaten ziren eskolara, bakoitzak zeukan eskaintzaren berri ematera, propaganda egitera. Frantziskotarrak, jesuitak, kaputxinoak... Herrira bokazio bila etortzen ziren.
Arantzazukoa etorri zen batean denok baiezkoa eman genuen, Arantzazura joateko prest geundela. Handik hiruzpalau hilabetera bueltatu zenean serio hitz egitera eta eguna finkatzera, ezezkoa eman genion. Neuk esan nion ezezkoa aurrena, joatekotan, Lazkaora joango nintzela, bi osaba beneditar nituela eta.