Medikuntza eta euskara banaezinak ditu Jabier Agirrek (Donostia, 1952), mantal zuriarekin edo gabe.Idazle bainoago, kontalari aritu da prentsan —besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn—, dozenaka azalpen eta aholku emanez: «Saltseroa nola izan naizen beti, mikrofonoek eta kamerek ez didate sekula lotsarik eman». Aspaldiko hogei urteetan UZEIn aritu da lanean, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxean. Erretiroa hartu berri du.
Ezetz esatea asko kostatzen omen zaizu. Erretiroa hartzeari ere bai?
Ez, ez, hori ez. Berrogei urte baino gehiago lan eginda, hori da ezetz esaten gutxien kosta zaidana.
Orain ere izango duzu denbora zerekin bete.
Afizioak eta asmoak asko dauzkat. Nire afizioa beti euskara izan da, eta, hortaz, euskararen inguruko hainbat gauza egin nahiko nituzke: etxean dauzkadan esaera zaharrak txukun jarri, dauzkadan liburuak irakurri, musika entzun... Eta familiarekin egon, lasai. 11 hilabeteko biloba bat daukagu orain, eta oso gustura.
Nola gogoratzen duzu zure haur denbora?
Gu zazpi anai-arreba gara, 11 urtean zazpi, eta ni beti sentitu izan naiz familia batean. Bost urtean bost anai gara, eta eskolara batera joaten ginen. Batera ibiltzen ginen anaien artean, eta lagunekin.
Karmele Esnal andereñoarekin hasi zinen ikastolan. Garai hartako oroitzapenik badaukazu?
Ikastola, hasieran, alegala zen, eta bageneuzkan halako truko batzuk. Nik ez dauzkat gogoan, baina bai entzunda eta irakurrita, inspektoreak etortzen zirenean ezkutatu egiten gintuztela edo tranpak egiten zituztela justifikatzeko nola zen posible horrelako etxe partikular batean hainbeste ume egotea.
Ikastolatik kanpo, giroa euskalduna zen Donostian?
Ni beti izan naiz familia euskaldunekoa eta giro euskaldunekoa. Pentsa ni naizela ikastolako umea, eta gero Santo Tomas lizeoan ibilitakoa; geroko ikasketak erdaraz izan arren, nik hondar handia nekarren. Gure garaian jesuitak, marianistak... erabat erdaldunak ziren: euskara ez zen ikasgai ere kontsideratzen. Giro euskalduna bizi izan dugu, baina ez, Donostia garai hartan ez zen izango oso euskalduna.
Lizeotik Bilbora joan zinen, unibertsitatera. Txikitatik argi zenuen mediku izan nahi zenuela?
Bai. Osaba bat geneukan familian oso gertukoa, pediatra, eta betidanik argi eduki dut. Bilbon hasiberria zen karrera, baina talde handia ginen. Ikasketak Basurton hasi genituen, gero Leioan, eta Basurton bukatu genituen.
Urte haietan Burgosko Prozesua izan zen. Giro nahasia tokatu zitzaizuen?
Lehen urtean tokatu zitzaigun, Basurton ginela. Giro oso mugitua zegoen, ez euskararen aldetik bereziki, baina giro politikoa oso mugitua zen. Guretzat urte oso txarra izan zen akademikoki: unibertsitatea itxita egon zen denbora luzean, batzar pilo bat egoten ziren, enfrentamenduak guardia zibilekin noiznahi... Gure ikasketetan oso ohikoa zen greba bat egotea, alderdi politikoek deituta; gu, estudiante garaian, denetara apuntatzen ginen. Hori 1975era arte, Franco hil bitartean; gero, giroa lasaituz joan zen.
Medikuntza klaseak zer moduzkoak ziren?
Dena erdaraz; euskararik ez zegoen batere. Ikasketak hala moduzkoak izan ziren. Orain askoz arautuago dago, eta praktika gehiago egiten dituzte. Gogoratzen dut praktika batzuk egiten ari ginela, medikua kontsulta pasatzen eta gu ondoan, gauzak nola egiten ziren ikasi nahian. Gaixoa adinekoa zen, bizkaitarra, euskaraz hitz egiten zuena. Problemak zituen pixa egiteko, eta medikua ez zen kapaz galdetzeko gaixoari zer zuen. Galdetu zuen ea gure artean bazen euskaldunik, eta nik egin nion interprete lana. Pentsa, 1975. urte inguruan zen.
Duela bi urte, EHUko medikuntza ikasleek euskaraz ikasteko izan zituzten zailtasunak azaldu zituzten, graduazio ekitaldian. Zer sentitu zenuen?
Oso logikoa eta bidezkoa iruditzen zait. Horrekin gertatzen da beren ikasketa maila ere galtzen ari dela. Jartzen baldin bada hasierako filtro bat, eta hor euskara ez bada kontuan hartzen... Etorri dira azken urteetan Espainia osotik igual beren jatorrizko lekuetan medikuntzan sartzeko nota betetzen ez zutenak, baina hemen bai. Demagun medikuntza ikasketetarako ehun ikasle hartzen direla: ehun horietatik agian erdiak baino gehiago ez dira euskaldunak, eta haientzako ikasgaiak euskaraz jartzea ezinezkoa da. Ikasgai baterako ez badauzkate bi irakasle, bat euskalduna eta bestea erdalduna, beti erdarak du lehentasuna, besteek euskaraz ez dakitelako.
Nola saihets liteke hori?
Badakit zaila dela, eta agian ez dagoela medikurik momentu honetan —eta orain dela 30 urte dudarik ez— ikasgai guztiak euskaraz emateko, baina hori denborarekin aurreikusi egiten da, eta martxan jartzen da. Guk karrera bukatu genuenean, bazeuden ikasle argiak, gero klaseak primeran eman dituztenak edo emango lituzketenak, baina ez zegoen inongo borondaterik, ez Osakidetzaren aldetik, ez EHUren aldetik.
Osakidetzarekin kritiko agertu zara euskararen arloan. Zerk huts egiten du, zure ustez?
Nik beti argi azaldu ditut nire ustez Osakidetzak dituen alde onak eta txarrak. Jada badauzka 30 urte baino gehiago, eta uste dut ez diola heldu euskarari behar zuen moduan. Osakidetza eta Ertzaintza izan dira beti Eusko Jaurlaritzan euskararen kontua okerren maneiatu duten sailak. Donostiako erresidentzia jartzen dut adibide. Euskaldun kopuru handia dauka langile aldetik. Ba, oraindik ere ez da entenditzen egotea hainbat eta hainbat lanpostu euskararik ez daukatenak. BadakitOsakidetzan kosta egin zitzaiela Euskararen Legea ateratzea ere. Epela izan zen bere garaian, halakoa da gaur egun ere, eta ez da konplitzen: beti ateratzen dira salbuespenak eta aitzakiak. Guk, euskaldunok, ez dugu jakin euskara behar adina baloratzen eta jendeari erakusten hizkuntza beharrezkoa dela osasun munduan. Zailtasunak baldin badaude, aurkitu bidea zirkuitu erabat euskalduna jartzeko, bai lehen mailako arretan eta bai ospitaleetan. Hori ez da inolaz ere lortu. Egoera hobetu egin da, dudarik ez, baina ez dugu aurreratu beharko genukeen guztia: ez da nahikoa.
1991n, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE) sortu zenuten, eta lehendakari izan zinen hogei urtez. Zer testuingurutan elkartu zineten?
Mugimendua berez sortu zen. Baziren mediku euskaldunak han eta hemen. Erakundetxo bat sortu genuen, nahiko apala hasieran, ondo funtzionatu duena, eta funtzionatzen duena. Osasun arloan dabilen jende ororentzat irekia izan da, eta egin ditugu gauzatxo batzuk, urteroko jardunaldiak, adibidez. Beti izan da Osakidetzari hau eta bestea eskatu beharra... eta are egoera okerragoa, Nafarroan. Nire kezka izan da Iparraldean ez dugula lortu behar adinako oihartzuna; beti eduki ditugu lankide leialak han, baina gutxi.
Donostiako Antiguako anbulatorioan aritu zinen zu mediku. Nolako lana zen?
Osakidetza sortu aurretik hasi nintzen oheburuko mediku gisa lanean, 1978an. Ia lau urte egin nituen, oso gustura: Antigua txikia zen, giro oso ona genuen lantaldean... Beti gustatu izan zait gauzak esplikatzea, eta euskarak ere erraztasun hori eman dit. Auzo euskalduna zen, eta jende helduak garai hartan euskarari bazion halako kariño berezi bat. Gogoratzen dut jendea etorri eta ia-ia berorika nigana zuzentzea. Medikua ia Jaungoikoa bezalakoa zen. Ni beti saiatu naiz hori apurtzen, gertutasuna erakusten, gauzak ulertzeko moduan azaltzen.
Eta hori estimatuko zuten, ziur.
Medikuak enpatia bat eta kariño bat behar ditu bere lanean, eta, arlo jakin batzuetan, lagungarria da euskara. Esaten zutenean: «Zer nahiago duzu, mediku euskalduna edo ona?». Nik biak nahi ditut: ez dira ezkonezinak.
Zergatik utzi zenion kontsulta izateari?
Anbulatorioaren ondoren, pediatra zen osabarekin aritu nintzen kontsultan, eta gero kontsulta eduki nuen nik. Baina anbulatorioa utzi nuenean ikusi nuen nire bidea ez zihoala hortik. Medikuntzan, etengabe eguneratuz joan behar duzu. Konturatzen naiz orain dela 40 urte esaten nituen gauza batzuk orain ezingo nituzkeela esan, demostratu delako agian ez zirela horrela. Arrain urdina, adibidez, lehen txarra zen, koipea besterik ez zeukan... Eta orain, zuria baino gehiago gomendatzen da, dauzkan gantz azidoak hobeak direlako eta abar. Hori bezala, beste mila gauza.
Medikuntzako hiztegi bat zela medio deitu zizuten UZEItik.Nola hartu zenuen gonbita?
Ez ginen asko izango mediku euskaldunak garai hartan horretan afizioa geneukanak, eta Simon Gurrutxaga eta biok hartu gintuzten medikuntzako hiztegiaren zuzentzaile. Poliki-poliki, orduka hasi nintzen lanean; 1983an kontratua egin zidaten, eta, geroztik, orain arte.
Pentsatzen dut ez zenutela oinarri sendorik izango hiztegiak osatzeko. Nora jotzen zenuten?
Inork ez zuen oinarri handirik, ez medikuntzan bakarrik. UZEIren hasierako lana ezerezetik izan zen. Euskaraz ez zegoen irakaskuntza arauturik inongo mailatan. Matematika hiztegia hutsetik sortu zen, fisika-kimikakoa ere hutsetik... Ahal genuen moduan egiten genituen. Gaur egun, ebidenteak iruditzen zaizkigun ziurtagiri edo borragoma... Asko UZEIn sortu ziren, edo sekula ordura arte ez ziren idatzira iritsi.
Medikuntzakoak ez ezik, kirol hiztegiak ere landu dituzu.
UZEIk enkargua hartu zuen kirol hiztegi bat egiteko, Kirolkidea. Ni aritu nintzen hasieran giza gorputzaren irudi batzuekin lanean. Kirola betidanik gustuko izan dut, eta, Kirolkidea-ren ondoren, futbolaren ingurukoa egin genuen.
Nolatan barneratu zinen komunikabideen munduan?
Hasieran, borondate hutsez. Lehen gauza Herri Irratian egin nuen, karrera bukatu berritan. Gaueko hamaiketan programa bat egiten zen. Astean behin joaten ginen Joseba Jauregi, Alberto Iturbe eta hirurok, eta zuzenean erantzuten genien jendearen galderei. A zer ausardia eduki genuen garai hartan... Gazte-gazteak ginen, eta oso esperientzia kliniko txikia genuen.
Egunkarietan ere artikulu mordoa argitaratu duzu; besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn. Erraza egin zaizu?
Kontatzea gustatzen zait. UZEIko lana akademikoa zen, baina gero horri beste tonu errazago bat ematea zen kontua. Ezetz ez esatearen ondorioz, toki askotatik deitu naute. Dibulgatzea ez da erraza; gaia ezagutu behar duzu, eta askotan tokatu zait dibulgatzea ezer gutxi nekien gai batez. Gauza bat da euskalduna izatea eta medikua, baina ezin duzu denaz jakin. Nire asmoa zen etorriko zirela gazteago batzuk. Oso ondo formatuta daude, baina ez digute erreleboa hartu. Felix Zubiak, adibidez, dibulgazioa primeran egiten du orain, baina gazteagorik ez dago.
Pentsatu duzu inoiz artikulu horiek guztiak liburuetan biltzea?
Bitan bildu nituen, Elhuyarrekin eta Elkarrekin, gai orokorrekin bat eta pediatriari buruzkoa bestea.
Jabier Agirre. Medikua
«Beti gustatu zait gauzak esplikatzea, eta euskarak eman dit erraztasun hori»
Txikitatik argi zuen Agirrek mediku izan nahi zuela. Gaixoei arreta egokia eta gertutasuna emateaz gain, buru-belarri aritu da osasun arloa euskalduntzeko ahaleginean. Kontsulta utzi ondoren, hiztegigintzan eman ditu azkenengo urteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu