Joxeanjel Arbelaitz

«Beti eramaten dut Pagoa kaxa bat geuk antolatutako kontzertuetara»

'Aldeaniztun' hitzaren sinonimo. Abokatu, kultur sustatzaile, dokumental zuzendari, garagardo sortzaile... hori guztia eta gehiago da Joxeanjel Arbelaitz. Harekin hizketan hasiz gero, solaskideak ez du behintzat gai faltarik edukiko.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Jende gutxik ezagutuko du Joxeanjel Arbelaitzek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1953) adina kultura arloko pertsona. 40 urte inguru daramatza kontzertuak antolatzen eta beste beharretan. Halere, apal-apal mintzo da, edozein protagonismo izpi uxatuz: «Motel, ez gaituk horren inportanteak!».

Abokatua, kultur sustatzailea, dokumental zuzendaria, telebista saioak egindakoa, garagardo sortzailea... Hainbeste jenderekin, nondik hasi elkarrizketa!

Oiartzunen sortua naiz, orain Zuberoa jatetxea dagoen baserrian [anaia Hilario da hango jabea]. Donostiara etorri nintzen Zuzenbidea ikastera; 18 urterekin euskaraz alfabetatzen eta kontzertuak antolatzen hasi nintzen. Beti izan dut ilusioa eta pasioa euskaraz sortzen duten artisten inguruan. Osasuna badaukat, ez dut hori uzteko asmorik.

Kultur gizon eta euskaltzale amorratua.

Hor daukat nire afiziorik handiena. Euskal Herri euskaldun batean bizi nahi nuke, lehen mailakoa. Musika eta artea gogoko ditudanez, nire arloan ahal dudana egitea gustatzen zait. Zaletasun handia izan dut betidanik. Gaztetan rock talde bat egin genuen Oiartzunen. Ingelesez kantatzen genuen, deus jakin gabe. Atzerrian egon nintzen, eta euskaldun izateko kontzientzia sortu zitzaidan orduan. Ordutik aurrera euskarazko artistekin saiatuko nintzela erabaki nuen.

Azken hamarkadetako artistarik handienak gertutik ezagutu dituzu.

Ia 60 urte ditut. Zortea eduki nuen hasieran, Ez dok amairu mugimenduaren hastapenak ziren, eta haien kontzertuak antolatzeko aukera izan nuen: Lertxundi, Laboa, Lete... Gerora ere, artista onekin lan egin dut. Uste dut beti sortuko direla artista berriak, beti izango dugula aukera urte osoan kontzertuak antolatzeko.

Horietako asko adiskide bihurtuko ziren urteen poderioz.

Ezingo nuke guztiak esan, baina denekin saiatu gara harreman zuzena izaten. Askorekin, behintzat, adiskidantza handia eduki dugu. Euskal Herrian zortea dugu, ez da oso handia. Neurri aldetik, perfektua da—batzuk txikiegia dela esan arren— hemengo artistak pertsonalki ezagutzeko.

Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko. Alde horretatik, bada etorkizunik, ezta?

Baietz uste dut. Baina, oraindik ere, askoz gehiago kantatu beharko genuke.

Etorkizuna bai, baina ez al diogu iraganari gehiegi begiratzen?

Aurreko garaietan oso kantari onak izan ditugu. Zorionez, gaur egun ere badugu oso belaunaldi ona, eta jendeak ez luke atzera begira egon behar beti. Urte luzerako belaunaldi ona daukagu. Poza emateko aukera handia dugu, eta mereziko luke horien kontzertuetara joatea, denek pasatuko genuke ongi.

Musikaz jardun gara, baina iazko Donostiako Zinemaldian Bernardo Atxagari buruzko dokumentala aurkeztu zenuen.

Atxaga adiskide dut, eta esan nion interesgarria litzatekeela dokumental bat egitea. Baiezkoa eman zidan, animatu ninduen. Lantalde ona fitxatu nuen, eta denon artean egin genuen Leku hutsak, hitz beteak. Oso pozik gaude, baina gurea ez da hainbesteko meritua, Atxagak salbatu du dokumentala.

Ba al duzu besteren bat buruan?

Asmoarekin banabil, baina, oraingoz, ezin dut asko kontatu, oraindik zenbait gauza lotzea falta zaigulako.

Beti geratu zara bigarren plano batean. Ez zara hedabideetan azaldu zalea.

Ez zait gustatzen. Artista da garrantzitsuena, eta antolatzailearen lana, antolatzea da. Artistak agertu behar du,xarma eduki. Ez dut uste gure lana denik hori, nik horrela uste dut, behintzat. Elkarrizketa hau ez da horri buruzko eredu ona... baina, tira.

Kazetari beteranoak bere telefono agenda ei du altxor preziatuena. Zureak bai izan behar duela altxorra!

Gehienbat, Euskal Herriko artistak ditut, baita kanpoko adiskideren bat ere. Baina, bai, badago non begiratu.

Pagoa garagardoaren sortzailea ere bazara. Nolatan egin zenuen kulturatik garagardorako jauzia?

Kasualitatea izan zen, duela hamabost bat urte edo. Adiskide batzuen bitartez, atzerrian garagardotegi txiki batzuen berri izan genuen lagun batek eta biok. Ikustera joan ginen, ausartu ginen, eta genituen lokal batzuetan jarri genuen. Hor jarraitzen dugu, ustez produktu ona egiten, baina apal beti.

Izan ere, kontzertuak eta garagardoa askotan doaz elkarrekin. Hori bai, argi dago zuk antolatutakoetan zein edan!

Ohitura dut geuk antolatutako kontzertuetara Pagoa kaxa bat eramatea beti; bukatu ondoren fresko-fresko edateko.

Zuen familia ez da makala. Anaiak, sukaldariak; semea, kazetaria. Ez zarete geldi geratzekoak!

Anai-arrebak estima handikoak ditut; balio handikoak eta jende ona dira. Semea kazetaritzan ari da Argia-n. Hura ere pozik dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.