Iazko neguan abiatu zuten Aldapan izeneko filma Txomin Durgueillek (Baigorri, Nafarroa Beherea, 2004), Oihan Connorrek (Haltsu, Lapurdi, 2004) eta Arhan Ibargurenek (Ziburu, Lapurdi, 2004). Pirinioetan egin zituzten zeharkako eski ateraldiak filmatzen hasi, eta horri buruzko pelikula bat sortzeko gogoa piztu zitzaien. Dokumentala bukatzear dute, eta zinema aretoetan proiektatu nahiko lukete irail bukaeran. Beren abenturen zatiak zabaltzen dituzte @aldapan_film instagram kontuan.
Pirinioetako mendietan egin duzue Aldapan filma. Spoilerrik egin gabe, zer kontatuko du filmak?
OIHAN CONNOR: Filma ez da fikzioa izanen, dokumental gisakoa izanen da. Lore baten bila arituko gara gure filmean. Lili horren atzemateko izanen ditugu etapa batzuk, etapa errazak zein zailak, eta ederrak ere bai. Saiatuko gara lore horren xerkatzeaz mezu batzuen pasarazten; adibidez, ulertaraztea zer lan egin behar duen bakoitzak berekiko, edo zerk biziarazten duen...
Nolatan piztu zitzaizuen proiektu hori egiteko gogoa?
ARHAN IBARGUREN: Lizeoan ezagutu genuen elkar. Lizeo bukaeran ohartu ginen ber pasioa genuela: zeharkako eskia. Pentsatu genuen horri buruzko zerbait egin genezakeela. Beraz, filmaketetan hasi ginen. Hasieran gure arteko esperientziak edo abenturak filmatu nahi genituen, baina berantago, ohartu ginen zerbait landuagoa egin nahi genuela.
CONNOR: Beraz, istorio bat eta gidoi bat idazten hasi ginen iazko neguan. Eta pixkanaka planoa hartzen hasi ginen, eta abar. Istorio horren bidez, bukaerako proiektua ez da eskizaleei soilik zuzendua izanen, baina publiko zabalago bati.
Zeharkako eskia egiten duzue, hau da, eski estazioetatik kanpoko eskia. Nola prestatzen dituzue zuen ateraldiak?
CONNOR: Lehenik, mendigunea hautatzen dugu. Behin hautatua, eguraldiari eta baldintzei so egiten diegu, zer kondizio baden, elurra egin duenetz, zer tenperatura... Eta horren arabera ateraldia egokituko dugu, zer material hartu...
IBARGUREN: Beti egokitu behar da. Pentsatu genuena ez bada egingarria, beste zerbait pentsatu behar dugu. Guretzat joko bat da.
Halere, mendia leku lanjerosa da, ongi menperatu behar da...
IBARGUREN: Ttipidanik gurasoekin egin izan ditugu ateraldiak mendian. Haiekin lortu genituen jakin behar ziren oinarriak, zein diren gerta daitezkeen lanjerak, zer erreflexu ukan behar dugun... Formakuntzak ere jaso ditugu. Elur jausiei buruzko formakuntza bat jaso genuen; adibidez, mendiko nibologia nola orekatzen den, nola sortzen diren, zer elur jausi mota dauden, eta, bereziki, nola aurreikusi behar diren. Hori funtsezkoa da.
CONNOR: Gure aldetik ere saiatzen gara prestatzen; bideoak ikusiz, adibidez. Eta ikasteko onena praktikatzea da, beti kasu emanez. Saiatu behar da oreka atzematen lanjera eta praktikaren artean. Materialaren aldetik ere garrantzitsua da ongi tresnatua izatea. Gurekin beti ekartzen dugu elur jausien biktimen detektagailu bat, elur jausi bat balitz harrapatuak diren pertsonak atzemateko tresna.
Halakorik gertatu zaizue?
IBARGUREN: Elur jausi batean harrapatua izatea ez. Baina jadanik gertatu zaigu jendea bilatzea elurpean.
Mendi tontorrera iristen zaretelarik, nola sentitzen zarete?
CONNOR: Batzuetan badakigularik jaustea erraza izanen dela, eta plazera baizik ez dela izanen, zainetan izanen gara. Baina engaiamendu gehiago badelarik, berantetsiak izanen gara, baina beldurtuak ere bai.
IBARGUREN: Beti bada beldur pixka bat mendian garenean, baina hori ere xerkatzen dugu: sentsazioak, adrenalina. Beldur puntu hori lortzea maite dugu.
Pirinioetako mendietan gertatzen da filma. Zergatik Pirinioak?
CONNOR: Pirinioetan hasi genuen proiektua; beraz, han segitu nahi genuen. Horrez gain, ohartu ginen film gehienak Alpeetan egiten direla, eta ez hainbeste Pirinioetan. Balorean jarri nahi genuen mendigune hori.
Nolako kondizioak dira Pirinioetan eskiatzeko?
IBARGUREN: Ez dira beti bikainak. Gehienetan elur bustia eta euria ari du. Anitzetan elurra pisua da, eta haizea denean elurra gogor-gogorra bilakatzen da. Horregatik zailagoa da Pirinioetan eskiatzea, Alpeetan baino.
Irail hondarrean proiektatu nahiko zenukete emaitza zinema aretoetan. Zertan duzue filma?
CONNOR: Azken irudiak grabatzen ari gara. Dena gure baitatik egin dugu momentuz, baina azken irudietarako laguntza galdeginen dugu, eta muntaketari dagokionez ere laguntza eskatuko dugu.
IBARGUREN: Ez gara profesionalak. Baina, halere, gure material sinpleari esker egin dugu dena. Kasik dena fini dugu, baina orain parte zailena egin beharko dugu: laguntzak eskatzea. Ez gara nehor, ez dugu izenik; beraz, sinesgarritasunaren aldetik konplikatua da. Baina pixkanaka hasten da!
LOTSABAKO
Mendi bat?
CONNOR: Arriel haitza. IBARGUREN: Taillon mendia. Bertan dena bada.Mendia igan ala jaitsi?
CONNOR: Jaitsi!Nolako elurra?
IBARGUREN: Elur egin berria. Elur fresko eta arina.