ATZEKOZ AURRERA. Joxe Etxebeste. Kazetaria

«Beti ateratzen dut denbora irteteko, lana izan edo ez»

Aste Nagusiko hainbat aizkolari txapelketetan hartu du parte Etxebestek. Beste urte batzuetan, aurten bezala, lan egitea tokatu zaio. Beti du, ordea, festarako denbora.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Jaio zenetik Donostian bizi da Joxe Etxebeste (Donostia, 1954), txikitako etxe berean. Urte askotan lan egitea tokatu izan zaion arren, beti izan du tartea Aste Nagusian kalera irteteko.

Duela urte batzuk arte, aizkoran, korrikan nahiz segan ibili izan da. Orain, EITBn dihardu lanean, herri kiroletako esatari moduan.

Txikitatik bizi zara Donostian. Nola aldatu dira festak ordutik?

Donostiako Aste Nagusia ez da askorik aldatu, nire ustez. Urtetik urtera jende gehiago etortzen dela iruditzen zait, eta bereziki aurten. Sekula baino jende gehiago dabilela iruditzen zait. Agian, Donostia 2016ko kultur hiriburua delako, edo ez dakit...

Zer plan dituzu festetarako?

Ez dut antolatu plan berezirik, oraingoz. Buelta bat edo beste egingo dut kalean. Atzo, aizkolarien urrezko kopa jokatu zuten Trinitate plazan, eta hara joan nintzen lanera, EITBn kazetari moduan dihardut-eta lanean.

Gainontzean, kaletik jende asko ibiltzen da, eta ez dut gustuko hori.

Txapelketa horietan zuk ere parte hartu duzu noiz edo noiz.

Duela bi urtera arte hartu nuen parte txapelketetan. 40 urtez ibili nintzen plazatik plazara; besteak beste, Donostiako Aste Nagusian. Horietan, aizkoran eta korrikan egiten nituen apustuak; proba mistoak ziren. Gero, aspertu egin nintzen, eta utzi egin nuen. Ordutik, ikustera joaten naiz, eta, aurten, lanera.

Beraz, festetan lan egitea tokatu zaizu.

Aurten, kazetari lanak egin behar izan ditut aizkolarien Urrezko Kopan. Horrez gain, bodega bat daukagu, eta festetan irekita edukitzen dugu. Beraz, egunero egin beharko dut lan. Bodegan lan egiten hasi aurretik, taberna batean jardun nuen lanean, 32 urtez.

Hori horrela izanda ere, beti ateratzen dut denbora irteteko, lana izan edo ez. Hurrengo egunean logura pixka bat edukitzeagatik ez zait ezer pasatuko. Zertarako dira, bada, festak bestela? Urtean behin izaten da Aste Nagusia.

Aizkora txapelketa edo beste ekitaldi bat antolatzen parte hartu al izan duzu?

Ez. Denbora gehiago edukiz gero, zerbaitetan lagundu nahiko nuke. Gazteek hobeto moldatzen dira, ordea, horrelako kontuetan.

Herri kirolen presentzia festetan nolakoa iruditzen zaizu?

Euskal Herriaren muina dira herri kirolak. Plazetan sendo eutsi behar zaiei horiei. Donostiak, beste herri askok bezala, herri kirolen alde zerbait gehiago egin beharko lukeela iruditzen zait.

Hala ere, urtero-urtero egiten dute aizkolarien Urrezko Kopa, eta ez da gutxi. Hori, behintzat, ez dezatela ken.

Donostia 2016ko hiriburua izanda, herri kirolen zer irudi ari da izaten?

Urte osoan ez dut ikusi mugimendu handirik ikusi. Aste Nagusia dela eta, aizkoraren nahiz harri-jasotzaileen txapelketak antolatu dituzte. Horrez gain, herri kirolei lotutako zerbait gehiago egin beharko zuketela uste dut. Horrela bai, irudia bikaina izango litzateke.

Musikak ere badu tartea aste osoan.

Ez naiz joaten kontzertuetara. Kalean ibiltzea gustatzen zait, eta ingurukoen kontuen berri izatea. Bidean kontzerturen bat tokatzen bazait eta gustuko badut, geldituko naiz entzuten. Bestela, ez. Kontzertuetara, bereziki zerbait entzutera, ez naiz joaten.

Ba al da azken urteetako Aste Nagusian joan ez zaren txokorik?

Txosnetara ez naiz joan aspaldian, baina ez da zerbait bereziagatik. Tabernetan ere asko ez naiz ibiltzen. Trago bat edo beste hartzea gustatzen zait, baina ez dut askorik edan ohi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.