Gasteizko jaiak

Beteranoentzat ere bai

Blusa eta neska beteranoak berriro elkartu dira gaur, beren eguna ospatzeko. Dantzarako, gastronomia dastatzeko eta gozatzeko aukera dute.

Blusa eta neska beteranoen eguna ospatzen ari dira gaur. L.RICO / EFE
Blusa eta neska beteranoen eguna ospatzen ari dira gaur. L.RICO / EFE
unai etxenausia
2024ko abuztuaren 8a
12:00
Entzun

Bigantxak, lore eskaintza, meza, dianak, txoripana, poteak Plaza Berrian, bazkaria San Prudentzioko Alkartetxe zaharrean, joan-etorriko paseotxoa, dantzaldia eta festa amaiera Paquito el Chocolatero-rekin. Adina zenbaki bat besterik ez da. Hala frogatzen dute urtero blusa eta neska beteranoenek Gasteizko jaietan. Txarangaren doinuekin, gelditu gabe dantzatzen ari dira gehienak, eta festarako sasoi betean daudela erakutsi ahal izan dute. Batzuek beterano hitza ageri duen zapia dute; beste batzuek Zeledon dioenarekin; eta gainerakoek blusen eta nesken talde zaharraren zigilua dute, desagertuak horietako asko.

Azken-aurreko eguna da garrantzitsuena haientzat, blusa eta neska beteranoen eguna ospatzen ari baitira gaur. Emozioa eta errespetua gailentzen diren eguna da, hainbat hamarkadatan ospakizunen zutabe izan direnak ohoratuz. Horietako batzuk 80 urte baino gehiagokoak dira, eta euren presentziarekin eta bizipenekin tradizioa eta jaien historia aberasten dute.

Ohi bezala, puntu-puntuan hasi dute beren eguna beteranoek. Goizeko bederatzietan, San Migel elizan sartzen ari dira gehienak, meza entzuteko. Beterano batzuek, baina, meza ofizialera ez sartzea erabaki dute, eta kanpoan geratzea hobetsi, plazan lagunen konpainiaz gozatuz. «Ez nago ni orain apaizaren sermoia entzuteko», esan dio blusa beterano batek ondoko neskari.

Blusa eta neska beteranoen argazkia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Blusa eta neska beteranoen argazkia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elizkizuna bukatuta, denak atariaren babespean elkartuta, egunari aurre egiteko lehen mokaduari ekin diote: moskatel txupitoak eta pastak. Batzuk mahaiak garbi uzten ahalegintzen diren bitartean, balkoian isiltasuna egin da. Blanca Ruiz Espinosa hunkituta atera da elizkizunetik. Izan ere, blusa eta neska beteranoek Esther Espinosa haren ama omendu zuten 2022an, 100 urte betetzegatik. Plaka bat eta Zeledonen itxura zuen pieza bat oparitu zizkioten. «Nire lehen aldia da neska gisa. Amari zin egin nion etorriko nintzela, eta merezi izan du. Egun ikaragarria daukagu aurretik, eta amaren omenez gozatuko dut».

«Amari zin egin nion etorriko nintzela, eta merezi izan du. Egun ikaragarria daukagu aurretik»

BLANCA RUIZ ESPINOSANeska beteranoa

Momenturik hunkigarrienari hasiera emateko prest daude. Txistularien laguntzarekin, ohorezko aurreskua dantzatu diote Andre Maria Zuriaren irudiari. «Biba zu Andre Maria Zuria!», «Gora Gasteizko jaiak!», «Aupa blusa eta neska beteranoak!», eta beste oihukatu dute dantza amaitu denean. Zaindariaren horma hobitik metro gutxira, edalontzi bete moskatelez gozatzen ari da Juan Carlos Gomez. «Ederto ari gara pasatzen. Meza ikusi dugu, eta orain egunaz gozatzen jarraitzea besterik ez zaigu gelditzen». Ez dirudi oso parrandazalea denik, bere kasara eta «jendetzatik urrun» pasatuko du eguna. Hala ere, animatu da argazkirako. Beteranoak urteroko argazki tradizionalerako bildu dira elizako eskaileretan. Tradizioak elkartutako belaunaldien esentzia harrapatu nahian zebiltzan kamerek betikotu dute unea.

Ohorezko aurreskua dantzatu duten unea. L. RICO / EFE
Ohorezko aurreskua dantzatu duten unea. L. RICO / EFE

Ohorezko aurreskuaren ostean, eta urteroko argazkia aterata, Plaza Berrira jaitsi dira, ibilbidearekin hasteko. Posta kaletik abiatu dira, txarangak lagunduta. Txalo eta oihu artean, igarotzen ikusten dituzten guztiek animatzen dituzte, irribarretsu. Hasi bezala jarraitu dute eguna, lagun artean gozatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.