Bestetan kalera, bortxaz

Iruñean ugazaba askok maizterrak karrikara botatzen dituzte, sanferminetan pisua garestiago alokatzeko. Haritu sindikatuak ohartarazi du hori legez kanpokoa dela.

Harituren kartela; ondoan, alokailu turistikoa iragartzen duen beste bat. HARITU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Pisua alokairuan Iruñeko Alde Zaharrean. Irailetik ekainera. Halakoak ohiko bihurtu dira: turismoa urriagoa den sasoietan etxebizitza alokatzea, baina sanferminetan turistei garestiago eskaintzea. Ohikoa bai, baina legezkoa ez. Ohiko etxebizitza kontratuek luzeago irauten dute, eta, sarri, maizterrek ez dakite sinatutako hori ez dela legezkoa. Horregatik, Haritu etxebizitza sindikatuak kanpaina bat abiatu du etxejabeen eta kudeatzaileen jarrera salatzeko, eta behar duenari laguntzeko. Sanferminetan karrikara bortxaz ez joateko.

Gentrifikazioaren eta turistifikazioaren kontrako kanpaina orokor baten parte da sanferminetarako prestatu duten hori. Afixak paratu dituzte Iruñeko Alde Zaharrean: sanferminak iragartzeko kartela moldatu dute; zezenaren aurrean izan beharrean, ugazabaren aurrean lasterka ari da korrikalaria. Afixa horiez gainera, badira kontrakoa bultzatzen duten beste batzuk: sanferminetan etxebizitza alokatzeko eskaintzen dutenak. Kontrako bi eredu parez pare.

Turistifikazioaren ondorioa

Alde Zaharrean zentratu dira, batez ere han hauteman dutelako arazoa. «Sanferminetan areagotzen dira kaleratzeak; horregatik abiarazi genuen kanpaina», azaldu du Oihana Idoate Harituko kideak. Baina ñabardura egin du: «Horrek ez du esan nahi arazoa soilik egun hauetan dagoenik. Hiria asko aldatu da, eta turistifikazioak eta gentrifikazioak gehiago eragiten dute orain. Beste sasoi batzuetan ere gertatzen da aldi baterako kontratuen afera».

Etxebizitzekin zer egiten duten azaldu du Amaia Prieto Harituko kideak: «Pisu turistikoen kudeatzaileek epe finkoko kontratuak egiten dituzte turismoaren behe denboraldian, eta, ekaina iristen denean, jendea kaleratzen dute. Pentsatzen dugu, pisu turistikoak direnez gero, turistei garestiago eskaintzeko egiten dutela. Iruzurra egiten dute halako kontratuekin, etxe horretan bizitzeko beharra dutenak turista gisa tratatzen baitituzte. Praktika hori legez kanpokoa da, baina jende askok ez daki». Izan ere, maizterra epe jakin baterako geratzen den kasuetan baizik ezin dira egin aldi baterako kontratuak. Adibidez, ikasleen kasuan, edo norabait tarte batez lanera edo beste zerbaitetara joaten den jendearen kasuan. «Ez dute zehazten zergatik diren epe jakin baterako kontratuak; beraz, etxebizitza kontratu normal bat bada, bost urteko epea du».

Askotariko jendeari gerta dakioke sanferminetan karrikan gelditzearena, baina askotan, ezaugarri jakin batzuk dituztenei gertatzen zaie maizenik: «Atzerritarren Legearen eraginpean dauden eta haurrak dituzten emakumeei, batez ere. Ama bakarrak izaten dira, gainera, eta, batzuetan, hizkuntzarekin arazoak dituzte», kontatu du Prietok. «Etxebizitza lortzeko zailtasunak dituztenek, kontratu bat lortuz gero, onartu egiten dute. Zortzi hilabetekoa? Besterik ez badute, onartu behar izaten dute». Egoera zaurgarrian dagoen jendearen lepotik egin ohi dute iruzurra.

Erantzuna, taldean

Harituk horrelako gehiegikeriei aurre egiteko tresnak eman nahi dizkio jendeari. Lehenik eta behin, kontzientziazio lana egin, horrelako kasuak hauteman, eta behar duenari laguntza eskaintzen diote. «Arazo horri buruz hitz egiteko abiatu dugu kanpaina, eta egoera horretan dagoen jendeak jakin dezan arazoa orokorra dela eta ez pertsonala. Arazoari taldean aurre egiteko aukera ematen dugu. Agian, norbaitek ez dio bakarrik aurre egin nahi jabeari, baina taldean errazagoa da», esan du Prietok. Arazoa gizarteratzeko beharraz mintzatu da Idoate: «Kudeatzaile horiek ez dira bakarrik goi burgesia; inguruko jendeak ere modu horretan kudea ditzake pisuak. Praktika hori geroz eta gehiago zabaltzen bada, bestelako jabeek ere gauza bera eginen dute».

Egindako lanak eman ditu fruituak jada. Aipatutako amarruak baliatuz etxetik kaleratu nahi izan zuten emakume batek Haritu sindikatura jo zuen. Alaba bat du emakume horrek. Bien kaleratzea gelditzea lortu zuten, kudeatzaileak beste etxebizitza bat lortu arte. Azkenean, epe luzerako kontratu bat eskaini die kudeatzaileak, beste etxebizitza batean.

Haritukoak adi daude, sanferminetatik kanpoko turismoa bultzatzen ari direla ohartuta. Taldean erantzuteko lan eginen dute aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.