Udako proposamenak

Bestetan, alternatiba

Gurea Kultura egitasmoa egin dute aurten ere Zestoan, zezenketen alternatiba gisa.

Joan den urteko 'Gurea Kultura' egitasmoko kontzertu bat. GUREA KULTURA
Joan den urteko 'Gurea Kultura' egitasmoko kontzertu bat. GUREA KULTURA
Iratxe Muxika
2024ko irailaren 8a
05:00
Entzun

Goizeko dianarekin iratzarriko da borzgarren besta eguna Zestoan, dultzaineroekin lehenbizi eta txistulariekin gero: Ama Birjina Eguna dute gaur. Aitzineko egunetarako bezala, egitarau zabala prestatu dute gaurko ere: gurpilen gaineko zirkuitua, herriko musikarien kontzertuak, artzain txakurren Gipuzkoako txapelketa, zirku tailerra, zekorketak eta gaugiroko kontzertuak. 

Dena dela, egitarau tradizionalaren kontra igerian, Gurea Kultura egitasmoak egitarau propioa atera du, zezenketen alternatiba gisa. Ez da egiten duten lehen aldia, 2016an hasi ziren-eta geltoki zaharrean elkartzen eta bertze era bateko besta aldarria egiten. Musika lokaletik materiala hartu eta abestien bertsioak jotzen hasi ziren, gainerako herritarrak zezenketak ikusten ari ziren bitartean. Etorkizunera begirako helbururik gabe hasi baziren ere, herriaren babesa ikusita 2018an Gurea Kultura izena eman zioten egitasmoari. Kontzertuak lotzen jarraitu dute ordutik; eta gaur, 18:00etan, Ke Lepo eta Pelax-en kontzertuak eskainiko dituzte geltoki zaharrean. 

«Azken orduko ideia bat izan zen», hala oroitzen du lehendabiziko aldia Beñat Subinas Gurea Kultura elkarteko kideak. «Iragarri gabea izan zenez, ez zuen oihartzun berezirik sortu; nahiko natural pasatu zen». Hurrengo urteetan, ordea, jendeak interesa erakutsi zuen, eta bertze forma bat hartu zuen egunak: alternatibarena. Geroz eta partaide gehiago ditu egitasmoak, eta, hartara, geroz eta egitarau zabalagoa osatzen dute. Maiatz inguruan hasten dira bilerak egiten eta bestak antolatzen, eta irailera arte astero elkartzen dira. Hamabortz bat lagun dira guztira. 

Aurten, lehen aldiz

Egitasmoa duela zortzi urte abiatu bazuten ere, aurten da lehendabiziko aldia zezenketen aurkako talde gisa aurkezten dutena euren burua. Helburu argia dute: torturarik gabeko herria lortzea, zapalkuntzarik gabekoa eta animalien eskubideen errespetuan oinarritua. 

Kontzertuak ekarri ahal izateko, ordea, dirua behar: «Urte batzuetan gaztetxeak jarri du dirua, beste batzuetan tabernetara bonuak eraman izan ditugu», kontatu du Subinasek. «Bonuen bidez herritarrek elkartea laguntzen zuten, nahi zuten diru kopurua jarrita». Ekarpenak egiteko moduek finantzatzen zituzten kontzertuak, baina azken urteotan udaletxea sartu da laguntzaile moduan. 

«Gogotsu» eta «pozik» agertu da Subinas, jende anitz hurbilduko den itxaropenarekin. «Oso gustura gaude aurten osatu dugun egitarauarekin eta lan egin dugun moduarekin». Zekorketen orduan, zekorketei uko egin nahi bazaie, Zestoan ez dago bertze alternatibarik. «Zezenketek herriaren erdigunea hartzen dute, eta hor egon nahi ez duenarentzat alternatiba bat da gurea; gainera, ondo pasatzekoa», dio Subinasek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.