Ezarian. Irudigile gipuzkoarrak. Concetta Probanza. Marrazkilaria

«Bestelako kontakizun bat ematen dute irudiek»

Adrian Garcia.
Donostia
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea du Concetta Probanzak (Urretxu, 1969) marrazkigintzaren munduan. Haur eta gazteentzako liburuei irudiak jartzeaz gain, poesia lanei ere eman die kolorea. Ilustratzaile lanak diseinu lanekin tartekatzen ditu, betiere marrazkilaritzaren esparruan. Pertsonaiei eta horien begiradari testuinguruari baino garrantzi handiagoa ematen diola aitortu du Probanzak. Kolore argiak ditu gustukoak. Argitaratutako azken liburua aukeratu du erakusketarako, Lapurrak dabiltza azokan. Egun jorratzen duen estiloa erakusten du liburuak.

Zer-nolako pisua du marrazkigintzak haur eta gazte literaturan?

Ikusmenaren zentzua oso garrantzitsua da liburu horietan. Beste irakurketa bat, beste ikuspegi bat ematen du. Lehio berri bat irekitzen dute marrazkiek. Horrez gain, liburuaren salmentarako funtsezkoa den elementua da, azalak saltzen baitu askotan liburua.

Nola egiten duzu testua eta irudien arteko lotura?

Liburua irakurri ostean beste irakurketa bat ematen saiatzen naiz, betiere ipuinari lotuta. Testuan agertzen diren beste gauza batzuei garrantzia ematen saiatzen naiz. Orain arte ez dut idazlearekin lan egin marrazkiak egiteko orduan. Testua irakurri eta niri iruditzen zaizkidan marrazkiak egiten ditut. Nik marraztutako liburu guztietan neurea izan da zein eszena eta nola marraztearen erabakia. Lehenengo testua irakurri, eta barneratu ostean pixkanaka irudiak eta pertsonaiak marrazten hasten naiz. Zirriborroak egin ostean liburuan aterako diren eszenak aukeratzen ditut. Normalean idazleak testuan azpimarratu edo deskribatzen duena ez marrazten saiatzen naiz. Marrazkiak testuarekin koherentzia bat gorde behar du, noski. Baina istorioan deskribitu ez dituen beste gauzak marraztea dut gogoko, beste irakurketa bat emateko. Hitzek gauza batzuk kontatzen dituzte, eta irudiek bestelako kontakizun bat eman dezakete, hitzek kontatzen ez duten istorioa. Lana egiteko orduan inoiz ez dizkidate mugak jarri, askatasun osoz lan egiten utzi didate. Idazle batek ni aukeratzen nauenean testu bati marrazkiak jartzeko, berak badaki nola lan egiten dudan aldez aurretik. Horregatik egiten du nire aldeko hautua.

Idazlearekin elkarlanean aritzea gustatuko litzaizuke?

Bai, gustura egingo nuke lan idazlearekin. Kontua da ilustrazioaren munduan normalean gauzak azkar egiten direla. Errespetatu beharreko epeak daude, eta azkar egin beharra dago lana. Ezinezkoa izaten da nahi beste denbora ematea lan bati.

Zertan aldatzen da haurrentzako eta helduentzako literaturan marrazteko orduan?

Marrazkiaren estiloa ez da aldatzen, gaia aldatzen da. Haur eta gazteentzako literaturan egindako lanetan teknika batzuk erabiltzen ditut. Batzuetan, argazkiak erabiltzen ditut; besteetan, berriz,teknika digitalagoak erabiltzen ditut. Helduentzako lanetan koloreak ilunagoak izaten dira. Esaterako, nik zuri-beltza erabili ohi dut helduentzako literatura ilustratzeko orduan. Desberdina da, baina lanaren araberakoa da. Testuak eskatzen dizu zein marrazki mota egin behar den. Testua alaia, tristeagoa edo tentsio handiagokoa izan daiteke, eta horrekin jokatzen dut nik.

Nola eman zenituen marrazkigintzaren munduan lehenengo pausoak?

Felix Marañak eskaini zidan lehenengo aldiz liburu bat ilustratzea, baina bost urte igaro ziren liburua argitaratu zen arte. Argitaratu ziren nire lehenengo marrazkiak Pako Aristiren liburu batean izan ziren. Nire lana ezagutzen zuen Aristik, eta niri eskatu zidan Erein argitaletxearekin argitaratu zuen liburuaren marrazkiak egitea. Horrela sartu nintzen marrazkigintzaren munduan.

Zer-nolako ekarpena egin dute teknologia berriek marrazkigintzan?

Tresna garrantzitsua da ordenagailua, azkartasuna ematen dizu, aldaketak egiteko aukera. Baina teknika bat da soilik, ez du sormena errazten.

Nolakoa da egun ilustratzaileen egoera Euskal Herrian?

Zaila da lana lortzea ilustratzaile moduan. Ez dago lan askorik, eta dagoena ez dago ongi arautua. Euskal Ilustratzaileen Elkarte Profesionala sortu zenetik zertxobait hobetu da egoera. Ilustratzaileei euren lan eskubideei buruzko argibideak ematen dizkiete elkartean, baina, ondoren, lan egiteko orduan, gauza asko ez dira errespetatzen. Kolokan dagoen lanbidea da ilustratzaileena. Denok egin ditugu hasieran lanak oso diru gutxigatik, batzuetan dohainik ere lan egin dugu. Horrek norberaren onena ateratzea behartzen du marrazkigilea, argitaletxeak zuk aukera zaitzan. Behin izena hartzen duzunean, egoera aldatzen joaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.