Bestelako bestak Patxan

Txosna ezarriko du Baionako gazte asanbladak Patxa plazan, eta askotariko egitaraua eskainiko du igandera arte, bestak beste giro batean egin daitezkeela aldarrikatzeko.

Gazte asanbladako kideak Patxan, besten aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Besta bestela egin daiteke, eta hori aldarrikatuko du beste behin Baionako Gazte Asanbladak Patxa plazan egitarau zabala antolatuta. Bertan jartzen dute txosna azken urteetan, besta herrikoi, euskaldun eta feministak bizi nahi dituztenen oasi bilakatuta. Aurten, Baionako beste elkarte batzuekin batera gune alternatiboen mapa osatu dute, besta bestela egiteko xedeari ikusgarritasuna emanez.

Ikusi gehiago: Baiona bestaren beha

Baionako bestak euskararen eta euskal kulturaren «arnasgune» izan behar dira, asanbladako kideen iritziz, eta Patxan antolatutako egitarauan euskarari «merezi duen lekua» eskaintzera engaiatu dira.

Horrez gain, kritiko agertu dira herriko etxearen egiteko manerarekin: «Herritarrak kontsumitzaile soiltzat hartuak dira, eta horrek gainkontsumoa eta arduragabekeriak eragiten ditu. Sinesten dugu herritarrak Baionako besten antolakuntzaren bultzatzaile izan behar dutela», adierazi dute. «Besta herrikoi eta arduratsuago batzuk sortzearen bidean, gaztetxean autogestioa sustatzen dugun ber gisan, Baionako festa alternatiboak herritik eta herriarentzat antolatzen ditugu».

Klima aldaketa eta idorte garaiak ere gogoan izan dituzte Patxan animazioa sortzen duten gazteek. «Bestek, ezagutzen ditugun ereduan, xahuketak, hondakinak, eta kutsadura masiboa eragiten dituzte. Horiek parte handiz murriztu daitezke». Hori da gazte asanbladaren engaiamendua. «Tokiko hornitzaileekin lan eginez, material berrerabilgarriak baliatuz, edota orokorrean gure hondakinak ttipituz. Gure iduriko, ezinbestekoa da Baionako bestek ingurumenean duten eraginaren inguruko gogoeta bat eramatea».

Azkenik, eraso eta umiliazio sexisten kontra borrokatzera deitu dute. «Erasotzaileak bestagunetik kanporatuko ditugula segurtatzen dugu. Baina bestak hasi aitzin ere mezu zuzena dugu haientzat: ez badakizu egoten, ez etorri». Elkarte feministek eta LGTBI taldeek bestei begira egin duten lanketarekin bat egin dute, eta herriko etxeak egin beharko lanaren «garrantzia» azpimarratu dute.

Balio horiek guztiak josirik, herritarrei dei egin diete Patxa plazako txosnetara hurbildu, eta bestak beste gisa batera bizi daitezkeela frogatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.