Arte modalitate batzuetan, agerikoa izan daiteke lanak ikuspegi feminista batetik sortuta daudela; musikan, adibidez. Baina nola ezar daiteke ikuspegi feminista arte eszenikoetan? Zer erronka daude? Egin daiteke umorea feminismotik abiatuta?
Zahira Montalvo (Cordoba, Espainia, 1982) EKI Kancaneo Impro eskolako sortzailearentzat, beharrezkoa da arte eszenikoak ikuspegi feminista kontziente batetik lantzea. Lan feministak nola sortu ikasi du azken urteotan, eta ikasitakoa erakustera etorriko da Euskal Herrira. Izan ere, Virginia Imaz pailazoarekin batera, Arte Eszenikoen Eskola Feminista aurkeztuko du ostiralean, Ozetako Garaion Sorgingunean (Araba). Hiru asteburutan egingo dituzte formakuntza saioak, otsailetik maiatzera bitartean.
Arte eszenikoetako feminismoaz ari zaretenean, zer esan nahi duzue? Termino zabala da.
Feminismoa bera bezala. Feminismoa gauza guztietan aplikatzen saiatzen gara: edukian, dramaturgian, gidoietako testuetan, erabiltzen dugun umorean. Inguratzen gaituen guztiaren begirada kontzienteagoa sortu nahi dugu. Pertsona guztiak prestatzen saiatzen gara. Beraz, formakuntza baliagarria izan daiteke arte eszenikoetan trebatzen hasi berriak direnentzat eta esperientzia dutenentzat. Agertokia leku publikoa da, eta artistok erantzukizun bat dugu; ez bakarrik artista moduan, baita pertsona moduan ere.
Umorea aipatu duzu. Non daude umorearen mugak?
Nondik eta zertaz barre egiten dugun hartu behar da kontuan. Pertsona eta kolektibo askorentzat mingarria izan daitekeen umore mota baten herentzia daukagu. Zorionez, gero eta gutxiago erabiltzen da umore mota hori, baina, oraindik, bidea dago egiteko. Geure buruaz barre egiten dugunean, ondoan dagoena ere identifikatuta senti daiteke. Horregatik, geure buruaz egin behar dugu barre, eta egoera muturrera eramanez askotan. Besteez barre egiteari utzi behar diogu. Pribilegio hori amaiarazi behar da.
Hori guztia denborarekin ikasiko zenuen. Nolakoa izan da zure ibilbidea?
Madrilgo arte eszenikoen eskolan trebatu nintzen. Teknika asko ikasi nuen, baina edukiari buruz gehiago ikastea eta gauza askotan sakontzea falta izan zitzaidan. Konpainia askorekin egin dut lan ondoren, baina argi neukan neure konpainia sortu nahi nuela. Lankidea eta biok saiatzen gara umorea izan dadin gure konpainiaren oinarria: feminismoan, genero aniztasunean... Antzerki inprobisazioa ere asko lantzen dugu. Heteronormatibitatetik aldentzen diren gaiak lantzen saiatzen gara. Uste dut gure lekua lortu dugula, gutxinaka bada ere.
Ikusle askori iritsi al zaio zuen lan egiteko modua?
Egia da oso ikusleria jakina dugula, baina gure esperientzia oso ona izan da orain arte. Halere, ikusle mota guztietara iritsi nahi dugu. Nola da posible formakuntza ikastaroetan izena ematen duten gehienak emakumeak izatea eta, gero, agertokiak gizonez beteta egotea? Arreta jarri beharko genuke horretan.
Ostiralean, Ozetan aurkeztuko duzue lehen saioa. Umorea eta feminismoa jorratuko dituzue.
Nahiz eta Valentzian finkatuta egon, Euskal Herria maite dugu, eta oso ondo hartu gaituzte beti. Gustura ekarriko genituzke ikastaro gehiago, baina, oraingoan, lau baino ezin izan ditugu antolatu. Lehenengoa umoreari buruzkoa da, eta plaza guztiak bete dira. Emanaldiak ere izango dira, eta, emanaldi bakoitzaren ondoren, ikusleek aukera izango dute sortzaileekin hitz egiteko: iritzia emateko, zalantzak galdetzeko... Hori da prestakuntzaren parte garrantzitsu bat.
Lehen formakuntza da Euskal Herrian. Zer izango da garrantzitsuena?
Gogo handia dugu. Talde indartsu bat elkartu gara formakuntza saio hauek emateko. Formakuntzan parte hartzen dutenek ere egin ahal izango dituzte gauzak. Ikastaroak denon artean egingo ditugu, eta parte hartzen dutenen beharrak kontuan hartuko ditugu. Beste gune mota batzuk sortu nahi ditugu.
ATZEKOZ AURRERA. Zahira Montalvo. Artista
«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»
Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu