Besteen begiradek eraikiak

Estibaliz Urresola laudioarrak genero identitatea eta gorputzen eraikuntza soziala ditu ardatz bere lehen film luze arrakastatsuan: '20.000 especies de abejas'

Sofia Otero aktorea, Estibaliz Urresola Solaguren zuzendariaren filmeko protagonista. 20.000 ESPECIES DE ABEJAS.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Cocok 8 urte dauzka. Jaiotzean Aitor izena jarri zioten, baina ez da eroso sentitzen egotzi dioten identitate horrekin. Bere ama Ane lanez aldatzear dago, eta bikotekidearengandik banatzeko prozesua hasi du; eta bere krisi profesional eta sentimentala distantzia apur batekin ikusi nahian, udako oporrak amonaren etxean igarotzea erabakiko du. Cocorekin eta bere bi anaia nagusiekin joango da haren amaren etxera: bertan bizi dira amona Lita eta izeba Lourdes. Izebak erlauntzak ditu, eta, eztia ekoizteaz gain, erleen ziztadetan oinarritutako sendakuntza teknikak erabiltzen ditu. Coco bere identitatea zalantzan jartzen hasiko da, eta Lucia dei diezaiotela eskatuko du. Bere inguruak oso era ezberdinetan erantzungo dio haurraren erabakiari, eta emakume bakoitzak bere beldur eta zalantzei aurre egin beharko die.

Estibaliz Urresola 2018an hasi zen bere lehen film luzea bihurtu den 20.000 especies de abejas filmaren oinarrian dagoen ideia lantzen. Ekai Lersundi Ondarroako (Bizkaia) gazte transaren suizidioak piztu zuen Urresolarengan istorio hau kontatzeko beharra, eta argi zuen Ekaik utzitako esperantza hitzen erantzuna izatea nahi zuela: ondorengo belaunaldiek hark bizitakoa ez jasan behar izatea. Naizen adingabe transen familien elkartearekin ibili zen laudioarra bi urtez elkarrizketak egiten, familia topaketetan parte hartzen, eta gaiari buruz gehiago ikasten.

Emakumeen rolak

Genero identitatea dago Urresolaren filmaren erdigunean, baina istorioa harago doa, eta patriarkatuaren arauetara egokitzen ez diren emakumeek jasaten duten biolentziaren erretratu bat osatu du. Hala, Luciaren familiako emakumeek bete behar dituzten rolak eta identitateak kolokan jartzean, familia egitura guztiak balantza egiten duela dirudi. Belaunaldi ezberdinetako emakumeen ikuspegiak jaso ditu laudioarrak, eta, Aneren aitak gorpuztuta, ez dagoen baina indar handia duen figura patriarkalareninguruan hartzen dituzten erabakiak irudikatu ditu.

Fikzioarena baino gehiago, dokumentalaren tankera hartzen du zenbaitetan Urresolaren filmak. Kamera eskuan duela grabatutako eszenek istorioak aurrera egiteko beharrezkoak diren gertakizunak kontatzen dituzte, baina ez diote duten baino dramatismo handiagoa gehitzen. Batzuetan klixe edo topikoetan erortzeko arriskua izanik, hainbat metaforatan sostengatu da zinegilea —erleen lana, eztia eta argizarizko eskulturak agerikoenak— landu nahi dituen gaietan sakontzeko. Kritikak, ordea, filmaren alderdi apala goraipatu du, esan beharrik ez dagoen horietan babesten diren uneak.

20.000 especies de abejas-ek ez du inor epaitu nahi, ez eta egia bakar bat islatu nahi ere. Gorputzen —batik bat emakumeen gorputzen— eraikuntza sozialaz hausnartu nahi du, eta errealitate ezberdinak kontatu ditu horretarako. Lucia gaztearen bilakaera ardatz, trantsizioan dauden bizitzen inguruan eraiki du Urresolak istorioa, eta argi utzi nahi du: ez da haurra trantsizioan dagoena, haren ingurukoak baizik; haurra ikusteko duten era da aldatu behar dena. Izan ere, besteen begiradak eraikitzen ditu pertsonak, eta Luciaren inguruan mota askotako begiradak pilatu ditu zinegile laudioarrak.

'20.000 ESPECIESDE ABEJAS'
Zuzendaria: Estibaliz Urresola Solaguren.
Gidoilaria: Estibaliz Urresola Solaguren.
Aktoreak: Sofia Otero, Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain.
Argazkia: Gina Ferrer.
Generoa: drama.
Urtea: 2023.
Iraupena: 129 minutu.
Herrialdea: Euskal Herria.
Estreinaldia: apirilaren 21ean estreinatuko da Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.