ATZEKOZ AURRERA. Unai Pelayo. Musikaria

«Bestearen harrikadari jarraitzen diogu, esperimentatzeko prest»

Lokal berri batean sartu, eta dinamika berri batekin hasi dira Pelax musika taldeko kideak. Unai Pelayo Pelax-ek taldekideekin sortu duen azken diskoa aurkeztuko du Ereiaroa ekimenean, Gasteizen.

GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Rocka bidelagun duela, bakarka zein taldean aritzen da Unai Pelayo Pelax musikaria (Donostia, 1989). Ereiaroan, euskal sortzaileen lanak oinarri dituen egitasmoan, hark izango du azken kontzertua emateko ardura. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean izango da bihar, 19:30ean, bakarka.

Disko berria aurkeztuko duzu: Pelax. Prest al daukazu guztia?

Tokia ez dudanez ezagutzen, ez dut jakingo zer joko dudan; izan ere, ezagutzen ez ditudan lekuetan nahiago dut gauza handirik ez espero. Giroaren arabera ere egokitu ohi dut pentsatua dudana, nahiz eta beti dudan helburutzat nire proposamena defendatzea. Bakarka aritzean, ordea, zailagoa izaten da.

Halere, diskoa taldearekin batera ondu duzu. Hau hirugarrena izan da. Ba al dago alderik?

Lehena —Cowboys Orchestra Saioak—, 2015ean argitaratu genuen, eta bigarrena —Talkak egiten du didaktika—, bi urte geroago, 2017an. Azken disko honen aurretik, lokal berri batean sartzeko apustua egin genuen, eta horri ahalik eta errentagarritasun handiena ateratzeko asmoz, entseatzeko dinamika batean sartu ginen. Beraz, azken diskoko kanta guztiak izan dira zerotik bandarekin sortutakoak; aurreko kasuetan, nire kantak izan dira, bandarekin moldatutakoak.

Hogei minutu inguruko bi piezaz osatutako lana da. Apustu bat izan al da?

Apustu bat baino gehiago, erronka bat izan da. Eragina izan du azkenaldian entzuten ari ginen musikak ere: rock progresibo klasikoa, esaterako. Horrez gain, naturalki atera da lana. Inprobisazio saioetatik abiatuta sortu da diskoa.

Eta, aldi berean, esperimentaziorako bidea ere izan al da?

Bai. Azkenean, banda egonkortu egin da, eta dinamika horrek eraman gaitu elkar hobeto ezagutzera, jakitera bakoitza nondik nora doan. Konfiantza puntu horrek ere gauza berriak probatzera garamatza. Bestearen harrikadari jarraitzen diogu, esperimentatzeko prest.

Eta esperimentaziotik zuen musika propioa sortu duzue?

Betiere, ahaztu gabe honek guztiak ematen digun alde ludikoa. Lokalean sartu ginenean erabaki genuen dinamika honetan sartzea, baina ahaztu gabe zergatik daramatzagun historia honetan hamabi urte; zehazki, musika gustatzen zaigulako. Guretzat hori funtsezkoa da.

Gainera, izenbururik gabeko piezak dira. Jendearen imajinazioari utzi nahi izan al diozue tokia?

Gutxi gorabehera; esan daiteke baietz. Utzi nahi diogu jendeari deskubritzen, ea haietako bakoitzak zenbat kanta antzematen dituen; hala nahi badu, behintzat. Guk ez dizkiogu pistak eman nahi. Horrekin lotuta, diskoak A eta B aldea batzen ditu. Azken batean, biniloaren aldeetako bakoitza litzateke; izan ere, formatu horretan argitaratu dugu azken lan hau.

Eta, guztiaren erdian, rocka dago. Hori al da taldearen esentzietako bat?

Bai, azken batean, musikan hasi ginenetik taldeko lau kideon —Iker Vazquez, Iñigo Ozaeta eta Andoni Olaetxea— ibilbidean egon da rocka presente.

Halere, lehen urratsak bakarka eman zenituen. Nolakoa zen garai horietako Pelax?

Eskubaloian jokatzen ari nintzela, belauna hautsi, eta denbora asko egon nintzen errehabilitazioan. Ordura arte jo izan nuen zenbait taldetan, baina inoiz ez bakarka. Lagun batek animatu ninduen horretara, kontzertu bat ematera. Garai horietan hasi nintzen nire kantak sortzen; min hura izan zen abiapuntua. Geroztik ez diot utzi sortzeari, ezta kontzertuak emateari ere. Halere, Pelax hura nolakoa zen ez dut gogoratzen.

Ordutik, trantsiziorik izan al du?

Etengabe ari gara pertsona gisa aldatzen, ikasten. Hori ere uste dut gure musikan islatzen dela. Ez dugu estilo bakar bat; han eta hemen ibili gara, inongo beldurrik gabe. Azken bost urteotan, sormen prozesua nahiko askea izan da eta inguruan izan ditugun kideengandik ere ikasi dugu. Nahiko koloretsua izan dela esango nuke.

Aurrera begira, zeintzuk dira asmo nagusiak bakarka zein taldean?

Orain, Physis Versus Nomos taldeari laguntzen ari natzaio diskoa grabatzen, baxuarekin. Beñat Antxustegiren proiektu bat da. Irailean, berriz, Pelaxekin beste disko bat grabatuko dut; azkenaren jarraipena izango da. Proiektua da disko bikoitza egitea: lehenengo zatia kalean da; orain, bigarrena egitera goaz. Kontzertu eskaerei ere erantzuten saiatzen gara; bakarka edo taldean, saiatuko gara leku guztietan egoten. Halere, batez ere lokalean sortzen jarraituko dugu, gogoz eta ondo pasatzen, gehien gustatzen zaiguna egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.