Erriberri (Nafarroa) Erdi Aroan murgilduko da gaurtik igandera. Erdi Aroko jaialdian, hiriko kale harritsuak garai bateko agertoki bihurtuko dira, azoka koloretsu baten laguntzarekin. Erriberriko Jauregi ikonikoa atzean izanik, antzerki emanaldiek, zaldunen arteko borrokek, desfileek eta dantzek Erdi Aroko bizitza sorberrituko dute. Jaialdia Erriberriko egutegian finkatutako data da, eta aurten 30 urte betetzen ditu.
Duela aste batzuk hasi ziren hirian Erdi Aroko jaiak prestatzen, kaleak gurutzatzen dituzten kolorezko girlandak jartzen eta erakusleihoak beste mende batzuetako apaingarriekin hornitzen: hiriko biztanleek dantzetan eta desfileetan jantziko dituzten arropak atera dituzte armairutik. Historiaz eta tradizioz beteriko jaiek leku nabarmena lortu dute Nafarroako kultur egutegian, eta erakargarritasun turistiko garrantzitsu bihurtu dira.
Erdi Aroko jaialdiak 1994an du bere jatorria. Karlos IV.a Vianako printzearen eta Ines Klevekoaren ezkontzaren 555. urteurrena ospatzea zen helburu nagusia, 1439ko irailaren 30ean ezkondu baitziren. Ekinaldia Erriberriko Udalak bultzatu zuen, Erriberriko iragan historikoa sorberritzeko asmoz. Memoria bizirik mantentzeko, Karlos IV.a Vianako printzearen eta Ines Klevekoaren ezkontza antzezten dute urtero: bi pertsona agertzen dira pertsonaia historikoen mozorroak jantzita, eta alde zaharrean murgiltzen dira arkularien eta dantzarien laguntzarekin.
Aurtengo nobedadeen artean aipatzekoak dira Zaragozako (Espainiako) La Carola taldearen dantza tailerra, ipuin kontalari bat, Milurteko Zirku Eskolako jardueretan parte hartzeko aukera eta herriko boluntarioek egindako Ipurtargien Dantza.
Egitarau oparoa
Jaialdia gaur hasiko da, 12:00etan. Hasteko, Santa Klara komentuko bisita gidatua antolatu dute. 19:00etan, Erriberriko Paradorean Javier Corcinek hitzaldia eskainiko du herriko Jauregi Zaharraren historiari buruz, eta 19:30ean hiriko txokoetan bisita antzeztua antolatu dute —18 euroren truke, Erriberriko webgunean eskuragarri—. Hala ere, ekitaldi gehienak kalean izango dira, doan.
Bihar Erdi Aroko azoka irekiko dute, 11:00etan, musika animazioarekin, dantzarekin eta juglareekin, eta, ordu erdi geroago, jaietako pregoia eta Erregeen desfilea egingo dute. Arratsaldean, Erdi Aroko dantzen tailerraren erakustaldia izango da, eta, ondoren, bisita antzeztua eta Emilio Arias trobadore eta antzinako musikan adituaren kontzertua —biak, 19:30ean—. Eguna 20:00etan amaituko da zaldunen arteko borrokarekin eta Ipurtargien dantzarekin. Gero, hiritarrek hartuko dute plaza su ikuskizunen batera.
Igandean jaialdiari amaiera emateko azoka, desfileak, dantza eta bisita gidatuak egongo dira. Astelehenean, berriz, Erriberri XXI. mendera itzuliko da.