Elkarrekin amestu zuten bidaia, elkarrekin egin zuten bidaia, eta elkarrekin jaso dute bidaia haren berri emateagatik irabazitako lehen saria ere: BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketakoa. Juankar eta Maddi Alberdi aita-alaba zestoarrena (Gipuzkoa) izan da abentura eta izan da ametsa. Halaxe jaso du alabak erreportajearen goiburuan: Manaslu, espirituen mendia: aita-alaben ametsa. Nepalen izan dira, Himalaian, «zirraren paradisuan», eta alabak aitari eskuz egindako mapa hartan barrena bidaiatu dute elkarrekin. 60 urte egin zituen egunean oparitu zion mapa 30 egindakoak, eta baita espedizioari izena jarri ere: 30/60. Oraingoz, Dolomitak dituzte begiz joak. Ez dakite Himalaiara bueltatuko diren, baina espedizioaren izena bai: 32/62.
Izan ere, horixe da aurtengo saria: Dolomitetan (Italia) hamar egunean egiteko trekking bat, Mendiak eta Herriak elkartearen eskutik. Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkean jaso dute irabazleek sari hori, eta sari banaketan izan dira Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, Felipe Uriarte eta Garo Azkue Mendiak eta Herriak elkarteko kideak, eta Ivan Korrontxano Ikai Vans enpresako kidea —bigarren saria banatu dute haiek, eta Carmen Valoisek irabazi du, Senegalera egindako bidaia baten kontakizunarekin: Mangladien kantua: naturaren soinu banda—.
Andoainen egindako sari banaketa horretan kontatu du Maddi Alberdik zer istorio dagoen bere mendi kronikaren atzean. Azaldu du bere aldean mendizalea dela aita. Ibilitakoa dela Alpeetan eta beste hainbat menditan, baina orain arte Nepal urruti samar gelditzen zitzaiola, ingelesik jakin gabe, gainera... «Pentsatu nuen aitzakia ederra zela hori biok elkarrekin bidaia bat egiteko». 2020an oparitu zion aurreneko aldiz, baina, pandemia tarteko, ezin izan ziren joan, eta «airean» gelditu zen dena. «Ahaztu ez zinen egin, baina hor gelditu zen», gogorarazi dio alabak aitari. 2023an berritu zuten oparia: eskuz egindako mapa bat, eta espedizioaren izena: 30/60 espedizioa. Maddi alabak 30 urte bete zituen urtean bete zituelako Juankar aitak 60. Alabak erreportajean aipatzen du nola jaso zuen: «Begiak dir-dir jarri zaizkio, harridura eta ilusioaren aurpegia du, haur batek Olentzeroren gutunean eskatutako bizikleta jasotzen duenekoa bezalakoxea». Eta oroitu du unea aitak berak ere: «Oparia baino gehiago izan zen. Gaztetatik irakurtzen dituzu liburuak: Himalaia gora, Himalaia behera... Messner dela, iñurrategitarrak direla... Eta, bat-batean, aukera hori eskaintzen dizute. Zer esango duzu, bada?».
Baietz esan zuen aitak, eta han joan ziren biak 2023ko apirilean. Hamar egun eta 177 kilometroko abentura, Manaslu zortzimilakoa zaindari zutela. Eta izaten dute halako abenturek arriskua: horrenbeste alditan amestutako hura bertara joan eta zapuztuta ikustekoa. Biek diote ez dela horrela izan, eta saiatu direla turisten guneetatik eta begiradatik aldentzen. Erreportajean agerikoa da hori, eta sumatzen da bertakoen berri emateko ahalegin bat ere: Gyan gidariaren bizitza, xerpa herriari buruzko aipamenak... Juankar aitak azaldu du: «Zorionez, toki batzuetan oraindik turismoak ez du hainbesteko garrantzia. Katmandura joaten zara, eta erabat turistikoa da. Baina haranean barrura sartzen zaren heinean, bestelako gauzak ikusten dituzu: adineko emakume bat simaurra eskuz zabaltzen, adibidez. Maddik kontatu du hori ere. Dena ez da horren erromantikoa; errealitate latzak ere badaude han». Alabak osatu du: «Turistok zera idiliko hori ematen diogu mendiari-eta, baina atzean dauden egoerak oso gogorrak dira».
Aurreneko aldia
Maddi Alberdik aurreneko aldiz aurkeztu du bere lan bat bidaia eta mendi kroniken lehiaketara, eta irabazi egin du. Iazko abenduaren 29an argitaratu zen haren lana igandeko BERRIAn: «Irakurri zalea naiz gehiago idatzi zalea baino. Pare bat zutabe txiki idatzi izan ditut herriko aldizkarian, baina ezer gutxi gehiago. Egia da joan den udan Mariasun Landarekin egin nuela ikastaro bat. Beti gustatu izan zait literatura, baina behin ere ez naiz jarri idazten. Aukera hau ikusi nuen, eta...», azaldu du irabazleak berak.
Aitarekin batera edo aitari marraztuko dion hurrengo mapari buruz galdetuta, berriz, zera dio: «Oraingoz, sari gisa jaso dugun horren mapa izango da. Ni jada hasi naiz ibilbideak eta aterpeak-eta begiratzen. Ez dugu beste planik». Espedizioari zer izen jarriko dioten galdetuta, aitak dio 62a agertu beharko lukeela batean, eta alabak dio 32a ere baietz: «Ea 70era iristen garen» .