Kale garbitzaileak oraindik lanean zeuden joaldunen joareak aditu direlarik Iruñeko Alde Zaharrean. Goiz eman dela ordua aitortu du batek, baina egun osoko besta izan zuten atzo IKAren ikasle eta irakasleek; bada zer ospatu. Arturo Campion euskaltegiaren lehen eskola duela 50 urte eman zen, Comedias karrikako 14. zenbakiko azken solairuko etxebizitza batean abiatu zen ibilbidea.
1972an sorturiko euskaltegiaren pisuaren balkoitik atera da buruhandi bat, betaurrekoduna. «Don Arturo!» oihuka hasi da bat, eta begi guziak gora joan dira. Besta has daitekeen seinale.
Ikasleen belaunaldi pot-pourri bat joan da orain Hizkuntz Eskolan dagoen plazara, oroitzapena egitera. Maria Jesus Goikoetxeak onartu du garai hartan gaztea eta urduria zela, eta orain, «gauza bera baina zaharra», irriz. Erran du hiru gauza aurkitu zituela «etxe» hartan: gogoa, konpromisoa eta, batez ere, adiskidetasuna. «Horregatik, gaur ekitaldi honetan parte hartzea oso hunkigarria da niretzat». Aitziber Monrealek ere eman du testigantza: «Keinu honekin, adierazi nahi diegu gure miresmena, izugarrizko ilusioz eta gogoz, iruindarrok euskalduntzeko zein alfabetatzeko Euskal Herriko lehen egoitza finkoa ahalbidetu zutenei. Denok egiten dugu euskaltegia, baina une zailetan dena eman zuten aitzindari haiek gabe, ez ginateke deus ere».
11:45ean kalejira musikatua hasi da, Gazteluko plazarantz. Bidean, Xabier karrikan jarraikiz dira umeak, buruhandiari so. Plazaren kioskora heldu, eta mugimenduaren hasiera sumatu da. «50 urteko» merchandising-a salgai jarri dute antolatzaileek, «Iruñerriko erreferentea» gogoratzeko edozein modutan. Berehala, bertsolariek hartu dute mikroa. Sustrai Colinak kantatu du: «Eta parte izaten segi dezala/ hamarkadaz hamarkada/ ez zaio falta langileen ta/ ikaslegoan aupada»; eta Eneko Lazkozek: «Klasean nola, klasetik kanpo/ beti ahoan euskara/ euskara ez baita soilik hizkuntza/ bizitzeko modua da». Ez belarriak soilik; begiak akuilatzeko, aizkolariak eta dantzariak ere aritu dira. Lotsatienak urrun, izozki edo garagardo bat eskuan, beroari eusten.
Norberak bere istorioa
«Garai hartan, zuri-beltzean zegoen hiria; borrokari esker, kolore anitz hartzen hasi zen. Etxea eman zioten euskarari», erran du Nekane Otamendi IKAko irakasleak, txalo artean. Koloreek, aurten, hainbat forma hartu dute, urteurrena ospatzeko. Egitarau zabala, liburu bat eta dokumental bat ekoitzi dute, bertzeak bertze.
Kantu bat ere abestu dute plazan, 50 urte, hamaika istorio izenez. Izan ere, Arturo Campion euskaltegitik pasatu diren guziek badute istorio bat kontatzeko. Horixe du iritzi Peio Ardaiz ikasle ohiak ere. Bi urte eman zituen, «oso gustura». «Niretzat IKA izan zen euskaren mundura atea irekitzeko hori; mundu berri bat ezagutzeko eta bizitzeko». Pozten da parte hartzeaz, liburuaren idaztean: «Nire istorioa idatzia da Arturo Campionekin batera».
Kiosko gainetik, Lizar Alemanek kudeatzen ditu mikroaren txandak. Urte dezente daramatza irakasle gisa, «hamar, hamabi... horrelako zerbait». Aitortu du euskara irakastea zoragarria dela, baina euskaltegian aritzeak prekaritatea dakarrela. «Nafarroako Gobernuak diru laguntzak ematen dizkigulako haien arabera, urtearen arabera. Guk hitzarmen bat nahi dugu, euskaltegi duina egiteko».
Ondotik, bestarekin segitu dute euskaldun eta zaleek, bazkari, dantzaldi eta karaokearekin, Jarauta karrikan. Ez da egunero ospatzen mende erdi bat.
ATZEKOZ AURRERA
Beste hamaika istorio bizitzear
IKA Iruñeko Arturo Campion euskaltegiaren 50. urteurrena kari, egun osoko besta egin dute. «Etxea» aurkitu zutela gogoratzera joan dira ikasle berriak, ikasle ohiak eta irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu