Bere kasua salbuespen bat dela uste du Ander Cornejok (Gallarta, Bizkaia, 1993), itsua izateak ez baitakarkio oztopo handirik. Bere aitak gaixotasun genetiko bera du erretinan, eta hark asko lagundu zion. Egun, lagunen eta familiaren babesarekin, autonomia maila handia du. Parrandan ondo ibiltzen dela dio.
Nola deskribatuko zenuke zeure burua?
Uste dut oso aktiboa naizela, denetariko planak gustatzen zaizkien horietakoa. Kazetaria naiz, baina orain administrazio publikoan ari naiz lanean, egonkortasuna dela-eta aukera gehiago izaten ditudalako. Gainera, desgaitasunaren ondorioz, kazetari ardura batzuk konplikatuagoak izaten dira, nahiz eta kazetari lanetan aritu naizen hainbat urtetan. Kirola egiten dut: gimnasiora joaten naiz eta korrika egiten dut. Golbolean aritzen naiz, bereziki; itsuentzako kirol berezi bat. Kaskabiloak dituen baloi batekin jokatzen da, boloetan bezala: baloia eskuarekin jaurtitzen da, eta soinuaren bitartez orientatu behar zara.
Eta aisialdiari dagokionez?
Denetariko planak egitea gustatzen zait: kuadrillakoekin irteten naiz, turismo gastronomikoa gustatzen zait, baita ibiltzea eta mendira joatea ere. Oso normalizatuta daukat nire desgaitasuna; nire aitak erretinako gaixotasuna izan zuen, eta hori dut nik ere; genetikoa da. Aita oso eredu garrantzitsua izan da niretzat, heziketan eta hezkuntzan asko eman dit, eta horrek asko lagundu dit. Autonomia nahiko garatuta daukat, eta, zorionez, bakarrik bizi naiz pisu batean. Orain, bigarren mailako pertsonaia moduan parte hartu dut pelikula batean: Cuerpo escombro. Hori da pixka bat nire bizitza.
Itsua izateak oztopo ugari ekar ditzake; zuretzat ere hala da?
Esan daiteke ni salbuespen bat naizela, nolabait. Beste batzuei agian gehiago kostatzen zaie. Harro nago daukadan autonomia mailaz eta mugikortasunaz. Saiatzen naiz ditugun zailtasunak modu naturalean gainditzen. Egia da gauza pila bat aldarrikatu behar dela, batez ere irisgarritasunaren inguruan, baina pixkanaka lortzen ari gara helburu horiek, eta etengabe lanean ari gara. Borroka bat da, baina, era positiboan planteatzen baldin baduzu, gu gara gauza horiek aldarrikatzeko eta hobetzeko aukeratuak; guretzat eta datozenentzat.
Bizkaitarra izanda, Bilboko jaietara joateko ohitura daukazu?
Bai! Urte askotan joan izan naiz, eta parrandan ondo moldatzen naiz. Beti lagunduta joan behar dut, erreferentziak inportanteak direlako guretzat; batez ere, txosnetan desorientazioa saihesteko. Badago esaldi bat askotan esaten duguna: «Itsuontzat, zarata eta inguratzen gaituzten soinuak lainoa bezala dira». Txosna batzuetan edo gune nagusietan musikaren bolumena apalxeagoa izango balitz, guretzat oso lagungarria izango litzateke. Batzuetan ez dakit ezta norekin hitz egiten ari naizen ere; askotan gertatu izan zait. Hori da agian parrandaren parterik deserosoena. Hala ere, kuadrillakoekin joaten baldin banaiz, ez dago galtzeko modurik. Egia da zarataren kontuak estresa sortzen duela. Bestela, beste guztiok bezala, arazorik gabe gozatzen dut jaietan.
Zerekin gozatzen duzu gehien jaietan?
Musikarekin, nahiz eta ozen egon. Niri asko gustatzen zaizkit reggaetona, musika urbanoa eta elektronikoa. Musikan murgiltzen naiz, kantatzen dut, dantzatu eta zerbait hartu. Beti edari fresko bat. Gauza horiekin, gustura nago. Jendearekin hitz egitea, eta bat-batekotasuna, espero ez duzun norbaitekin topo egitea: horiek egiten dute gaua interesgarri.
Uste duzu Bilboko jaiak itsuak hartzeko prest daudela?
Ni eroso egoten naiz. Kontuan hartzekoa izango litzateke musikaren bolumenarena... Hala ere, egia da toki batzuetan errespetatu egiten dela. Beste traba batzuk dira kale erdian botata egoten diren botilak. Zikinkeria eta soinua izaten dira trabak.
Zelan bizi dituzu su festak?
Soinua hunkigarria izaten da. Indarra eta potentzia nabaritu egiten ditut. Duela pare bat urte, oraindik argitasuna ikusten nuen, eta koloreen ezberdintasun hori antzematen nuen. Orain, jendeak egiten dituen komentarioekin, deskribapen horiekin imajinatzen ditut suziriak nire buruan. Soinua ez da deserosoa, ez da etengabeko zerbait, eta inguruko soinuak entzun ditzaket bitartean.
lOTSABAKO
Ba al duzu txosna kutunik?
Gogorregi eta Aixeberri. Bietan izan ditut gau politak.Zer gustatzen zaizu gehien jaietan?
Kontzertuetara joatea.