Nafarroako bandera eta ikurrina zintzilik dira Les Pyrenees ostatu gaineko paretan. Bien artean, egurrezko seinale bat: Herriko etxea. 19:00ak jo dituenerako, leihoak ireki eta bi gazte atera dira jendez mukuru dagoen plazari agurra egitera. Azken urteetan tradizio bilakatu da Baionako gazte asanbladaren besten irekiera alternatiboa. Ahantzi herriko etxeko balkoian biltzen diren izen handiko pertsona ezagunak, ahantzi hiriko giltzak, ahantzi Leon erregea, ahantzi su artifizialak. Baionan bestelako bestak posible direla uste dutenentzat, hemen hasten dira bestak egiazki; euskaratik eta euskal kulturatik edaten duten bestak.
Ikusi gehiago:Argazki galeria
Herriko etxeko balkoian bertsolaria zentsuratu zutenetik, irekiera alternatiboan kantatzen dute bestetako bertsoa. Aitor Servierek eman dio ahotsa: Sutara bota dezagun, ukatzen dugun den dena / bost egunez ospatzeko izan nahi genukeena.
Aitor Servierek bota du lehen bertsoa @berriapic.twitter.com/AMydjMuFxi
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) July 26, 2023
«Baionako gazte asanbladak ez du gaur egun Baionako bestetan nagusi den besta ereduarekin bat egiten, eta defendatzen ditugun balioetan oinarritutako besta gune bat sortuko dugu aurten ere», egin dute aldarri Lukas Hiriartek eta Eneka Barnetxe Bordak. Batzuek zabaldu izan duten «zure etxean eginen ez zenukeena Baionan egizu» mezua gaitzetsi dute. «Patxa plazan ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko, eta mezu argia dugu erasotzaileentzat: ez badakizu egoten, ez etorri!».
Baionako karriketan eta Plazako txosnagunean aurkitu daitezkeen ereduak kontrajarri zituzten ondoren: kontsumo eredua eta «25 euroan saltzen diren xingar platerak», besten masifikazioa, turismo etxebizitzen emendatzea eta euskal kulturaren zokoratzea. Baina ekitaldian etxebizitzaren egoerari eman diote azpimarra berezia: «Salatzen dugu aste honetan ehunka etxebizitza turistiko alokatuko direla Airbnb eta bestelako plataformetan, alimaleko prezioetan bertako gazteen etxebizitzarako eskubidea bermatua ez duten bitartean».
Urtero bezala, banakoa dantzatuz eman diote hasiera festari @berriapic.twitter.com/k4JMMyP1Iu
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) July 26, 2023
Urte osoan Ipar Euskal Herrian esanguratsuak izan diren hainbat eragileren lana txalotu ohi du gazte asanbladak irekiera alternatiboan. Gaur, ekainean Baionan eraikin bat okupatu zuen Maurizia kolektiboa eta 40 bat eragile biltzen dituen Herrian Bizi plataforma omendu dituzte. Okupazioa «zilegi» dela erran dute Mauriziakoek, eta «merkatu librearen parean» auzolanean aritzera deitu dute. Herrian Bizi plataformakoek bigarren etxebizitzak eta espekulazioa gaitzetsi eta «ausardiaz» jokatzeko eskatu diete hautetsiei.
Maurizia proiektua eta Herrian Bizi plataforma omendu ondotik, bota dute txupina. Has dadila festa! @berriapic.twitter.com/tKseGKnqpo
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) July 26, 2023
Bertaratutakoek txalo artean hartu dute leihotik botatako suziria, Beskoitzeko (Lapurdi) musikari eta dantzariek plaza hartu bitartean. Ez da urteroko banakorik falta izan. Etxeparanga txarangarekin Patxa plazara bildu aitzin, igandera arte ausarki zabalduko duten aldarria entzunarazi dute Hiriartek eta Barnetxe Bordak: «Gora Baionako besta euskaldun, herrikoi eta feministak!».
"Gora Baionako besta euskaldun, herrikoi eta feministak" @berriapic.twitter.com/bzJotKv8fs
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) July 26, 2023