«Kantu baten osotasunak erakartzen nau, baina ezin hitzezko transmisio erabakigarriari muzin egin... Ereserki txiki hauek izan daitezela biharamun goxoago baten hazi xume hori, bilduma moduan borobildutako geltoki, aurrera jarraitzeko, haurren eran». Gartxot Unsain musikariak idatzitako hitzak dira, Utz gaitzatela hitzek hitzik gabe hitzaurrekokoak. Kantu eskukadak II liburuaren hasierakoak. Olrait Studiok eta Gaztezulo-k atzo aurkeztu zuten liburua, Donostian, Gross garagardotegian. Durangoko Azokan izango da salgai liburua, eta garagardotegi horren garagardoa ere dastatu ahalko du liburua poltsarekin batera erosten duenak. Lehen liburuaren edizio berri bat ere argitaratu dute.
Duela bi urte, 2020ko abenduan, Olrait Studiok ehun euskal talderen ehun kanta ilustratu zituen. Beste ehun kanta ilustratu ditu orain Olrait Studioko Beñat Rodriguezek. Bereziki abestien hitzei eman die garrantzia oraingoan, eta marrazkiaren aldamenean kanta bakoitzaren hitzak datoz —lehen liburuak Rodriguzen hausnarketa bana zekarren—. Egitasmoarekin bat egin du Badok.eus atariak, era berean. Liburuan topa daitezkeen kanta guztien playlist-a sortu du Badok-ek.
Andoni Imaz BERRIAko kazetari eta Badok-en koordinatzaileak testu labur bat idatzi du liburuan. Zera dio: «Ehun kanta zerrendatzean, denak berdintzen dira, eta bakoitza berezi ikusten da. Irakurleak erdizka xuxurlatuko ditu batzuk, konturatu gabe osorik abestuko ditu besteak...».
Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariaren testuan, berriz, honela irakur daiteke: «Gaztezulo-k herri bat eraikitzeko kultura funtsezkoa dela azpimarratu nahi izan du». Izagirrek zera ohartarazi zuen aurkezpenean: «Proiektua Olrait Studioren muinetik, garunetik eta bihotzetik sortu da». Kazetariak, era berean, euskal sortzaileen lana nabarmendu zuen: «Lehen liburua atera zen garaitik egoera asko aldatu den arren, pandemian azaleratu zirenarazo eta gabezietako askok hor jarraitzen dute oraindik: musikarien prekaritatea, zuzenekoak lortzeko zailtasuna, talde txikien ikusgarritasun ezdeusa, areto txikien zailtasunak eta, bereziki, euskal letragintzari eta lan horren atzean dauden euskal sortzaileei eskaintzen zaien arreta eta errekonozimendu eskasa».
Beñat Rodriguezek marrazten jarraitu du proiektua abiatu zenetik, eta hala jarraitzeko asmoa du. Eskerrak eman zizkien Gaztezulo-ri eta euskal musikariei. «Ez dugu balioan jartzen gaur egun kulturak duen garrantzia, eta kanten hitzek duten garrantzia», gaineratu zuen. «Musikariei egindako omenaldi xume bat da liburua».
Aurkezpenean, Raitx musikariak bi abesti kantatu zituen. Horietako bat, Abereek esan ziguten, liburuan marraztuta aurki daiteke. «Liburu hauek oso politak dira. Oso pozik sentitu nintzen Rodriguzek kantaren marrazkia egin zuenean», esan zuen Raitxek.
Marrazkilaria prest dago hirugarren liburua osatzeko. «Abesti berriak entzuten ditudan heinean, segituko dut ilustratzen».
Beste ehun kanta marraztuta
'Gaztezulo'-k eta Olrait Estudiok 'Kantu eskukadak II' liburua osatu dute. 'Badok'-ek babestu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu