Asko aldatu da hau: duela urte batzuk, narkotrafikatzaile hutsak ziren gehienak. Baina, orain, jendea askoz profesionalagoa da», esan du Jose Luis Parra abokatuak, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) dabiltzanei begira. Kalamuaren inguruko Expogrow feriaren zortzigarren aldia hasi zen atzo, eta bihar arte iraungo du. THC Abogados taldeko kidea da Parra, eta, gaineratu duenez, orain haien bezeroen artean «askoz gehiago dira gorbatadunak jeansdunak baino». Taldeak lege aholkuak ematen dizkie kalamuaren inguruko negozioak ireki nahi dituztenei. Dirua barra-barra sartzen ari da horretan.
Nabarmena da hori Ficobako aretoetan. Profesionalei akreditazioa emateko ilaran, frantsesa, ingelesa, Andaluziako gaztelera eta alemana entzuten dira, besteak beste. Ilaran dagoen batek Vietnamgo poltsa bat darama, eta bi emakumek Karibeko zapi koloretsuak daramatzate buruan.2.000 profesional inguru elkartu dira Irunen, besteak beste Txinatik, Errusiatik, Kanadatik eta Suitzatik helduta. Txinatarrek ez dute ondo hasi eguna: hegazkin konpainiak maletak galdu dizkie, eta azokarako alokatu duten txosna hutsik dute. «Txinan kalamua haztea, saltzea eta kontsumitzea erabat legez kanpokoa da», azaldu du Jackson Huangek. Shenzhen hiriko Blue Sea konpainiako salmenta burua da. Kalamua hazteko LED argiak saltzen dituzte. «Asko esportatzen dugu, baina Txinara ere apur bat saltzen dugu... badakizu, tomateak-eta hazteko», esan du, irribarrez.
Txakurrentzako kalamua
Kalamu usaina dago airean. Batzuk lurrungailu elektronikoak erabiltzen ari dira, baina beste batzuk inongo erreparorik gabe ari dira paperezko tronpeta jotzen.
Izan ere, gaur ez dago jakiterik jendeak erretzen duena legezkoa edo legez kanpokoa den, ez bada laborategi batetik pasatzen. Hiru hizkik egiten dute aldea: THCa (tetrahidrokanabidola) kalamuaren osagai psikotropikoa da, eta Europako Batasuneko legediak debekatua du hori saltzea. Haatik, legezkoa da kalamuaren beste osagai interesgarri bat: CBDa (kanabidiola). Ez da psikoaktiboa—ez du mozkortzen, baina erabiltzen da sendagai gisa, estresaren eta antsietatearen kontra, eta esklerosi anizkoitzaren sintomak arintzeko, besteak beste.
CBDa da Expogrowko izarra. Formatu guztietan dago: erretzeko, olio gisa, lurrin moduan, gozokietan, piluletan, pasteletan... Eta ez bakarrik gizakientzat. Alice Dupuisek animalientzako CBDa saltzen du, besteak beste. «Nire amak bi katu ditu. Horietako bat oso urduria zen, eta besteak etxetik alde egiten zuen. CBDa eman zion urduriari, eta izugarri lasaitu zen; ondorioz, bestea etxean geratzen hasi zen».
Sergio Cariadas portugaldarrak kalamua birrintzeko gailua erakutsi du, harro. Birringailuak estalki ezkutu bat duela esan du. «Poliziak ez dizu aurkituko». Jabearentzat ere ez da erraza estalkia zabaltzea, baina Cariadasek lortu du azkenean, eta han gordeta duen «polena» erakutsi du. «Hegazkinez ibili naiz honekin, arazorik gabe».
Batzuek klandestinitate kutsua maite dute oraindik, baina kalamua normaltzen ari dela begi bistakoa da azokan. Txosna batean, CBD produktua saltzeko txanpon makina bat dago, eta jendeak jakin-minez begiratzen dio. «Italian eta Frantzian dozenaka jarriko ditugu aurki», esan du Ferhat Alakocoglu Weed Paradise frankiziako buruak. Hogei kalamu parafarmazia ditu dagoeneko Frantzian. CBDz beteriko erretxinak, olioak eta infusioak saldu nahi ditu makinetan. «Dagoeneko eskaera ofiziala egin dugu auzitegietan».
Edonola ere, Expogrowren antolatzaileek parte hartzaileei eskatu diete ez saltzeko ahotik hartzeko CBD produkturik, etiketekin lege arazoak egon daitezkeelakoan. Baina, kontrakoa espero zitekeen arren, ekoizleek ez dute inongo presarik kalamua erabat legeztatzeko. «Bat-batean legeztatuko balitz, nire amona kalera aterako litzateke protestan; jende zaharra ez dago prest», esan du Parra abokatuak. Azaldu duenez, orain «oreka» dago: ez dago kalamuaren propagandarik, eta haren amonaren gisakoak ez dira asaldatzen, baina gazteek aukera dute modu diskretoan kalamugintzan aritzeko. «Legeztatze geldoa nahi dugu».
Oreka horren atzetik, ordea, arrazoi arruntagoak daude: Parrak esan du kalamuaren inguruko enpresa batzuek urtero sei milioi euro mugitzen dituztela, eta CBDaren litroa 60.000 euroan saltzen dela. «Agintariak egiten uzten ari dira, jendea dirua irabazten ari da, eta zergak ordaintzen...». Profesional horientzako eguna zen atzokoa Ficoban. Gaur eta bihar, kalamuzale arruntez beteko dira aretoak. Hango paretetako oharrak zer pentsatua ematen du egunotan: Erretzea debekatuta.
ATZEKOZ AURRERA
Beste edozein 'biziomodu' bezalakoa
Hainbat herrialdetako 2.000 profesional bildu dira Irungo Ficoban, kalamuaren inguruko Expogrow azokan, negozioak egiteko eta kalamuzaleei produktuak eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu