Xipri Arbelbide

«Beste bide bat hartuz, ez nintzen Xipri izanen»

Mundutik Afrikara, kontsumismotik sinestera eta elizatik euskarara. Bere erreinuko ateak zabaldu eta bere ideiekin erantzun du galdeketa Xipri Arbelbidek.

Xan Aire.
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Apeza da, baina sorginez idatzi du udaberrian aterako den liburuan. Kazetaria da, baina munduaren akabantza predikatu du Requiem liburuan (Elkar, 2008). Nahiz eta Boli Kostan presidente baten bila ibili, hango populu batek ohorezko errege egin du iragan udan. Xipri Arbelbide (1934, Heleta, Baxenabarre) pertsonaia da. Elkarretarik urrun diren bi muturrak lotzen badaki, euskararen haritik, ironiarekin josiz. Bere buruaz galdegin, eta bere ideiekin erantzun du.

Requiem-en idazleak zer desio du urte berrirako?

Nire desioa litzateke gauzak aldatzea, baina ez zait iruditzen alde horretara ari garenik. Adibidez, Cancuneko akordioek ez dakit zer ondorio izanen duten. Tenperatura bi graduz goititzea anitz da, eta marka hori gaindituko dugu. Baina ez du iduri jendea horretaz arrangura dela. Iragan hotz horietan, argi-indar kontsumoaren marka guziak hautsi ditugu!

Nahiz eta kontsumo apaleko tresnak izan...

Erran nahi du geroz eta gehiago kontsumitzen dugula. Ez da harritzekorik, gure mundua garapenaren inguruan itzulikatzen baita.

Maia zibilizazioak arrazoi zuen, beraz...

Zer, mundua 2012an akabatuko zaigula? Ez, ez. Gehixeago iraunen du. Nik hori ez dut sinesten, ez da nire sinestea.

Eta Marx gorriak?

Gauza xuxen anitz erran du kapitalismoaren mugez. Komunistek dute berena huts egin, Marx ez baitute segitu.

Apezek bai, laster requiem dutela...

Dependitzen du non. Munduan barna geroago eta apez gehiago bada, eta giristinoak ere bai. 750 milioi katoliko ziren duela 25 bat urte, eta gaur 1,2 miliar dira. Elizaren historian ez da behin ere horrelako garapenik izan.

Baina Euskal Herrian...

Hemen eta Mendebaldeko herri guzietan! Ipar Euskal Herrian, hogei apez dira 60 urtez petik dutenak. Hamar urtez apez berririk gabe egonen gara. Gizartea leher egiten ari den herrietan, eliza ere gibelera ari da.

Gizartea eri delakoz dira giristinoak galtzen?

Bai, denak elkarrekin doaz. Gure jendartearen esperantza kontsumismoa da. Geroago eta gehiago diru irabazi, erosi... Horiekin zoriontasuna hitz ematen digute.

Jainkoarekin desilusioa ukan du jendeak...

Posible da, baina nola azaldu giristinoek %50eko garapena izan dutela azken 30 urteetan? Erran nahi du ez dugula jakin gure erlijioa gizarteari egokitzen.

Ezjakintasunean den jendartea baizik ez duzue biltzen, beraz?

Hori erranez arrazista ninteke. Beltzek zer buru-aire eginen didate, besteak baino zozoago direlako dutela fedea erraten badiet.

Harreman intimoa duzu Afrikarekin...

Hamabi urtez egona naiz ni han. Biziki jendakiak dira, eta atxikimendua berehala sortzen zaizu han. Nire haur denboran zen elkartasun hura harrapatzen dut nik Afrikan.

Baina kontsumismoan sartzen ari dira...

Bai. Baina oinutsik ikusten dituzu, lurrezko etxe baten aitzinean, sekulako irriarekin. Gu hemen negarrez ariko ginateke. Aldi berean ur garbia badute. Boli Kostan, haurren %95 eskolatua da. Sekulako aitzinamenduak dira.

Baina aitzinamenduak gibelatzea dakar...

Sakelakoak eta telebistak badira, eta beren gogoa amerikanotzen ari da.

Horrek kulturalki izanen ditu desmasiak, ezta?

Haurrak telebistari so daude, eta eskolan frantsesa ikasten dute. Hango mintzairek gibelera eginen dute. Tradizioetan aldaketak ikusten dira; larria da.

Gisa horretan, euskaltasuna herritik urrun piztu zaizu?

Lehen seminarioan euskaldunoi bascourailles erraten ziguten. Orduko, zerbait sentitzen nuen. Gero, Naoned, Belgika... Urrun izate horrek piztu zidan euskaldun kontzientzia. Naonedeko liburutegian, 1936ko Gerla Zibilaren historia ere irakurri nuen. Enbata sortu baino lehen abertzalea nintzen.

Ordukoz zizelkatua zenuen Gora Euskadi mahai batean?

Bai. Naoneden, ganibetarekin idatzi nuen. Maisu batek ikusi eta pagarazi zidan; garesti, gainera. Arrazoi bat gehiago euskaldun konbertitzeko...

Beranduago sortuz, apeza izanen zinen?

Badakit nire bizia zein izan den eta, ororen buru, ontsa atera naiz. Orduan bide bera har nezake. Xipri naiz, eta beste bide bat hartuz ez nintzen Xipri izanen.

Elizaren eta euskararen arteko harremana zein izan da?

Eliza gabe euskara hila izanen zela iduritzen zait.

Baina eliza ez zaio demagogiaz lotu euskarari, fededunak harrapatzeko?

Elizak bere gaiak euskaraz tratatu ditu. Bestaldean, baziren euskaraz idazteko gai zirenak, eta ez dute egin. Haiek zuten beste literatur mota bat sortu behar. Hala ere, ez dut gordetzen ahal elizak euskararekin gibelera egin duela azkenaldian. Hori gaizki egiten du, euskarak denena behar bailuke, eta ez abertzaleena bakarrik.

Eta zuk euskararen eta elizaren artean hautatu behar bazenu?

Ez nuke hautatzen ahalko. Biak batera doaz, gogoa formatzen dute. Kulturaren parte dira. Nire DNAn ditut biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.