Gaurtik aurrera ofiziala da: Artikoan inoiz neurturiko tenperaturarik altuena erregistratu dute Siberian (Errusia). 38 gradu zentigradora heldu ziren termometroak Verkhoiansk herrian, 2020ko ekainaren 20an. Munduko Meteorologia Erakundeak hilabete luzez aztertu du hango estazioak emaniko datua, eta gaur baieztatu du. «Tenperatura hori gehiago dagokio Mediterraneoari, Artikoari baino», esan du erakundeak.
Zientzialariek esan dute bero olde luze batean neurtu zutela. Uda horretan, Siberiako Artikoko batez besteko tenperaturak normalean baino hamar gradu beroagoak izan ziren, azaldu dutenez. Verkhoiansk zirkulu artikotik 115 kilometro iparraldera dago, Jakutian, eta hango meteorologia estazioa lanean aritu da 1885. urtetik.
Meteorologoek adierazi dute «alarmak» piztu dituela neurketak. Izan ere, uda horretan bertan beste tenperatura errekorra jaso zuten Antartikan: 18,3 gradu.
Poloetako eskualdeetan halako beroa neurtuz gero, zer-nolako datuak emango zituzten munduko lekurik beroenek? Erakundeak nabarmendu duenez, 2020an eta aurten 54,4 gradu erregistratu dituzte Kaliforniako Heriotzaren haranean. Era berean, Europako errekorra ere badira Sizilia uhartean (Italia) aurten neurturiko 48,8 graduak. Halere, datu horiek oraindik egiaztatzeko lanean ari direla nabarmendu dute.
«Munduko Meteorologia Erakundearen Eguraldi eta Klima Fitxategiak ez du inoiz horrenbeste ikerketa eduki mahaiaren gainean aldi berean», esan du erakundeko idazkari nagusi Petteri Taalasek.
Azaldu duenez, Artikoa da munduan azkarren berotzen ari diren eskualdeetako bat, munduko batezbestekoa halako bi baino gehiago. Adituok adierazi dute litekeena dela muturreko tenperatura marka gehiago jasotzea Artikoan etorkizunean.
Siberia Euskal Herritik urrun dagoela pentsatzea erraza da, baina ez da ahaztu behar klima sistema globala dela, eta Artikoan gertatzen dena ez dela Artikoan geratzen. Iazko beroak izotz asko urtu du Artikoan, zientzialariek ondorioztatu dutenez, eta horrek eragin diezaioke itsasoaren gatz kontzentrazioari. Azken horren diferentziak mugitzen du Euskal Herria epeltzen duen Golkoko itsaslasterra, eta zientzialariek joan zen otsailean ondorioztatu zuten ez dela egon horren ahul mila urtean. Ohartarazi dute litekeena dela horren ahultzeak neguko ekaitz bortitzagoak ekartzea.