Musika

Beste 100 kanta marraztu ditu Olrait Studiok

Kantu eskukadak II liburua argitaratu dute Gaztezulo aldizkariak eta Olrait Estudiok. Badok-ek ere babestu du proiektua, playlista sortuz.

Gaizka Izagirre, Beñat Rodriguez eta Rakel Arenaza 'Raitx'. ANDONI CELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 2a
15:02
Entzun

«Kantu baten osotasunak erakartzen nau, baina ezin hitzezko transmisio erabakigarriari muzin egin... Ereserki txiki hauek izan daitezela biharamun goxoago baten hazi xume hori, bilduma moduan borobildutako geltoki, aurrera jarraitzeko, haurren eran». Gartxot Unsain musikariak idatzitako hitzak dira, Utz gaitzatela hitzek hitzik gabe hitzaurrekoak. Kantu eskukadak II liburuaren hasierakoak. Olrait Studiok eta Gaztezulo-k gaur aurkeztu dute liburua, Donostian, Gross garagardotegian. Durangoko Azokan izango da salgai liburua, eta garagardotegi horren garagardoa ere dastatu ahalko du liburua poltsarekin batera erosten duenak. Lehen liburuaren edizio berri bat ere argitaratu dute.

Duela bi urte, 2020ko abenduan, Olrait Studiok ehun euskal talderen ehun kanta ilustratu zituen. Beste ehun kanta ilustratu ditu orain Olrait Studioko Beñat Rodriguezek. Bereziki abestien hitzei eman die garrantzia oraingoan, eta marrazkiaren aldamenean kanta bakoitzaren hitzak datoz —lehen liburuak Rodriguezen hausnarketa bana zekarren—. Egitasmoarekin bat egin du Badok.eus atariak, era berean. Liburuan topa daitezkeen kanta guztien playlist-a sortu du Badok-ek —liburuaren hasieran QR kode bat dago, zerrendarena—.

Kanten zerrenda.
Andoni Imaz BERRIAko kazetari eta Badok-eko koordinatzaileak testu labur bat idatzi du liburuan. Zera dio: «Ehun kanta zerrendatzean, denak berdintzen dira, eta bakoitza berezi ikusten da. Irakurleak erdizka xuxurlatuko ditu batzuk, konturatu gabe osorik abestuko ditu besteak...».

Gaizka Izagirre Gaztezulo-ko zuzendariaren testuan, berriz, honakoa irakur daiteke: «Gaztezulo-k herri bat eraikitzeko kultura funtsezkoa dela azpimarratu nahi izan du liburu honen bitartez». Izagirrek gaurko aurkezpenean zera ohartarazi du: «Proiektua Olrait Studioren muinetik, garunetik eta bihotzetik sortu da». Kazetariak, era berean, euskal sortzaileen lana nabarmendu du: «Lehen liburua atera zen garaitik egoera asko aldatu den arren , pandemian azaleratu ziren arazo eta gabezietako askok hor jarraitzen dute oraindik: musikarien prekarietatea, zuzenekoak lortzeko zailtasuna, talde txikien ikusgarritasun ezdeusa, areto txikien zailtasunak eta, bereziki, euskal letragintzari eta lan horren atzean dauden euskal sortzaileei eskaintzen zaien arreta eta aitortza eskasa».

Beñat Rodriguezek marrazten jarraitu du proiektua abiatu zenetik, eta hala jarraitzeko asmoa du. Eskerrak eman dizkie Gaztezulo-ri eta euskal musikariei. «Ez dugu balioan jartzen gaur egun kulturak duen garrantzia, eta kanten hitzek duten garrantzia», gaineratu du. «Musikariei egindako omenaldi xume bat da liburua».

Aurkezpenean, Raitx musikariak bi abesti kantatu ditu. Horietako bat, Abereek esan ziguten, liburuan marraztuta aurki daiteke. «Liburu hauek oso politak dira. Oso pozik sentitu nintzen Rodriguezek kantaren marrazkia egin zuenean», esan zuen Raitxek.

Marrazkilaria prest agertu da hirugarren liburua osatzeko. «Abesti berriak entzuten ditudan heinean, segituko dut ilustratzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.