Beroketa ariketekin hasiak dira Iruñean. Estafeta karrikako erlojuak argi dio: hemezortzi egun falta dira sanferminak ospatzeko. Iruñeko peñak ere horretan dabiltza, beroketa ariketekin, eta prestaketa lanak garaiz burutu nahian. Gaur «motorrak berotzeko» eguna dute, peña guzietako kideak batu eta elkarrekin atzerako kontua samurrago egiteko besta eginen baitute. Iruñeko Peñen Eguna da, ohi baino lehenago, eta zezen plazan eta haren inguruetan pasatuko dute eguna Iruñeko Peñen Federazioko hamasei peñetako kideek.
Bi urte igaro dira ofizialki sanferminik ospatu gabe, eta gogotsu daude peñetako kideak. Aperitifa da gaurkoa: «Egun berezia da peñetako kide askorentzat, peña guzietako kideak elkartzen baikara. Bazkarian 650 lagun egonen gara. Urte osoan elkar ikusten ez dutenen elkargunea ere bada», esan du Iosu Santxez Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak. Lehenbiziko ekitaldia bigantxak izanen dira, zezen plazan. Sartzeko, kilo bat janari eramateko eskatu dute, Zaporeak elkarteak errefuxiatuekin egiten duen lana babesteko. Gainerako ekitaldiak plazaren inguruetan izanen dira.
Sanferminak ate joka direla iragarri ohi du peñen egunak. Aurten ohi baino lehenago egin dute, Mecak ikuskizun bat prestatu duelako ekaineko hondarreko asteburuan. Zezen plazak ehun urte bete ditu aurten, eta ospakizunetako ekitaldi nagusia hori izanen da. Beraz, aurtengo pankartak ez dituzte aurkeztuko. Hori bi aste barru izanen da: ekainaren 30ean kaleratuko dituzte marrazkien afixa txikiak, eta uztailaren 2an karrikara aterako dituzte oihalak.
Dena prest dutela azaldu du Santxezek, nahiz eta oraindik zereginik ez den faltako uztailaren 6ra bitarte. «Uste genuen azken bi urteetan herdoiltzen hasiak ginela, baina ohartu gara ezetz; martxa ederra hartu dugu azken hilabeteotan, eta primeran joan da prestaketa lana». Urduri daude, gogotsu, baina ez beste urte batzuetan baino gehiago ere. «Sanferminetarako gogoa ez da aldatu bi urte hauetan; gizartea ere ez da aldatu. Lehen adinako gogoa dugu: lan egiteko, karrikara ateratzeko, gozatzeko eta gozarazteko gogo bera dugu sanferminak ongi joan daitezen», zehaztu du.
Barne eztabaida
Urte berezia da aurtengoa, aurreko bietan ez baita sanferminik izan. Ez horregatik bakarrik. Peñen federazioak barne hausnarketa bat abiatu zuen pandemia betean, eta prozesu horretan erabat murgildurik daude. Lehenbiziko fasea eginda, orain bigarrenari ekin diote, eta irailean eta urrian izanen dira saio nagusiak.
«Federazioa sortu zenez geroztik, inoiz ez da halako hausnarketarik egin. Beti jo dugu aurrera, aurreko batzordearen lanari jarraikiz. Baina gizarteak aurrera egin du, dena doa aurrera, eta gu duela 30 urte gelditu ginen. Gizartearekin batera egin nahi dugu aurrera», azaldu du federazioko lehendakariak. Pandemiaren geldialdiak lagundu du prozesua patxadaz egiten.
Lehenbiziko fasean, nondik heldu diren eta nola dauden aztertu dute. 1.170 bazkidek parte hartu dute prozesu horretan, peñen bazkideen %20 inguruk. Datu batzuk ere eman dituzte: hamasei peñetan 5.173 bazkide daude, eta gizonen eta emakumeen arteko arrakala nabarmena da. Bazkideen %80 gizonak dira, eta %20 emakumeak. Zalantzarik gabe, heldu beharreko gaietako bat izanen da berdintasunarena. Ez hori bakarrik. Lehenbiziko fasean parte hartu duten bazkideen laurdenek uste dute zezenketen gaia eztabaidatu beharko luketela. Gaurongi pasatzeko bilduko dira, baina, seguruenik, gai horiek ere aterako dira mahai gainera.
Bestarako berotzen hasiak
Sanferminak ate joka direla, Iruñeko peñek beren eguna ospatuko dute gaur. Bi aste barru aurkeztuko dituzte pankartak. Hausnarketa prozesuan murgildurik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu