Kulturaren ageriko aurpegia eta ezkutukoa erakusteko, Bestalde irratsaioa hasi zuen Ion Olano Carlos kazetariak herenegun, Donostiako Casares irratian. «Irratian beti ari gara bestalde bati hizketan, eta entzuleek ere bestalde batetik jasotzen dituzte irratiko hotsak», azaldu du Olanok. Ideia horri tiraka osatu du Bestalde saioa. Casares irratia Donostia Kultura Irratia bihurtuko da laster, eta Bestalde izango du saio nagusia. Egitasmo berria urriaren 14an aurkeztuko dute.
Donostiako agendako kultur ekitaldietan oinarrituko da saioa. «Baina iruditzen zait kulturan beti dagoela bestalde bat; ez dagoela, alegia, alde bakarreko kulturarik. Horren bila arituko gara». Esaterako, artisten prekaritateaz hitz egin nahi du Olanok saioan. «Horretaz ez da behar beste hitz egiten».
Donostia Kultura Irratia
Goizeko zortzietan ematen dute saioa, baina, gero, berriz ematen dute egunean zehar. Astean hamar orduz egingo dute, ordu eta erdi egunean, baita asteburuetan ere, printzipioz.
Gaur Donostikluba musika jaialdia hasiko da, eta horren inguruan arituko dira saioan, besteak beste. Larunbatera arte jaialdian arituko diren artistak aurkeztuko dituzte.
'Bestalde' saioa izango da Donostia Kultura Irratiko funtsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu