Sanferminik ez Iruñean

Bestak ospatzeko bide berrien bila

Bi urtez sanferminak bertan behera gelditu izanak aukera eman du besten ereduaz hausnartzeko. Beste eredu batzuk sortzeko eztabaidan aritu dira hainbat eragile: hala nola elkarlanaz, herriaren nortasunaz, kulturaz, animalien erabileraz, kontsumoaz, auzoez eta peñez.

EXPRAI.
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Noraezean baino gehiago, norabide berrien bila dabiltza hainbat eragile Iruñean. Pandemiak eragindako geldialdiak bide berriak esploratzeko eta sortzeko aukera eman die. Bi urte pasatu dira sanferminak ospatzen ez direnetik, eta jai eredu berriak sortzeko eta hausnarketarako bide eman du pandemiak. Hainbat eragilek zenbait gai jarri dituzte mahai gainean: hala nola herriaren parte hartzea, erasoak, kontsumoa, nortasuna, auzoen presentzia, peñen etorkizuna eta espezismoa. «Sanferminak herri bati eta herri horren nortasunari lotuta dagoen ospakizun bat dira, eta kulturarekin erlazio handia daukate. Kulturak nortasunaz hitz egiten digu, herri batek ospatzeko duen moduaz», esan du Maitena Muruzabal kultur kudeatzaileak.

Hainbat eragilek zalantzan jartzen dute benetan sanferminek nafarren nortasuna islatzen duten; esate baterako, Idoia Azkonak, Zaunk Iruñerriko eragile antiespezistako kideak: «Sanferminak Iruñea kanpora saltzeko marka bihurtu dira. Desfasea eta dena, erasoak, esplotazioa eta kutsadura posible dela saltzen dute». Denboraren poderioz jaiak handituz joan dira, eta Muruzabalek dio herriaren protagonismoa «pixka bat desitxuratu» dela. Horrez gain, bestak herriko pertsonek sortu behar dituztela dio. Azkonak nabarmendu du zapalkuntzarik gabeko jaiak nahi dituztela: «Animalien askatasunean oinarritzen diren jaiak nahi ditugu; jai herrikoiak, askeak, parte hartzaileak, euskaldunak, bizitzak erdigunean jartzen dituztenak, erasorik gabekoak eta antikapitalistak. Hain zuzen ere, gure benetako nortasuna, identitatea eta kultura islatzen dutenak».

Herri Sanferminak plataformak ere parte hartzean oinarritutako jai herrikoiak sortu nahi ditu. Jaiak era kolektiboan sortzeko, Joseba Asironen udal gobernuak Sanferminen Mahaia sortu zuen. Aurten Enrique Maia Iruñeko alkateak mahaira deitu zuen, baina bertan hitz egindakoa «inposatua» izan zela dio Aika Martikorena Herri Sanferminetako kideak: «Ez dago Sanferminen Mahairik: bilera bat izan zen, eta bertan haien programa aurkeztu zuten; ez dago inongo elkarlanik». Muruzabalek esan du «herriak kolektiboki» sortu behar dituela jaiak. «Gauzak ez dira horrela egiten, jaiak ez dira bertikalki egiten, ezta inposatzen ere», dio Herri Sanferminetako kideak.

Espezismoa kolokan

Iaz bezala, sanferminetako aurrekontuaren parte bat uda osoko kultur programa sortzeko erabili dute; hala nola kontzertuak eta ikuskizunak. Urteetan sanferminetako giroa Alde Zaharrean barna sakabanatuta egon da. «Jaia oso espontaneoa da, eta hori, niretzat, sanferminen xarma eta bihotza da», esan du Martikorenak. Bestak Alde Zaharrean sakabanatuta daude, eta aurtengo udako kultur eskaintza ere bai orokorrean; Muruzabalek dio kultur eskaintza dibertsifikatzeko garaia iritsi dela. 2016. urteko legegintzaldian Iruñeko Udaleko Kultura zuzendaria izan zen Muruzabal. Gobernuan zegoenean jaiak auzoetara eramateko moduen inguruan hausnartzen ibili zirela esan du, baina «oso zaila» ikusten zutela. Hala ere, nabarmendu du pandemiak aukera ematen duela jaiak auzoetara zabaltzeko: «Jendea auzoetan geratzen da, eta jendeak zerbait hurbil behar du». Erreferente kulturalei dagokienez, Muruzabalek argi utzi du: «Emakume artistak egon behar dira: ikusi behar ditugu, eta eredu izan behar dira».

Herri Sanferminak plataformak jai herrikoiak, parte hartzaileak, feministak, ekologistak, antikapitalistak, kulturalak, pluralak eta euskaldunak sortu nahi ditu. Horregatik, 2016. urtetik jai gune alternatiboak sortzen dituzte San Frantzisko eta O-ko Andre Mariaren plazetan. «Eraso sexistak daude; jaia alkoholean zentralizatuta dago, kontsumoan, drogetan, janarian... eta eredu merkantilista horren kontra oasi txiki bat sortzen saiatzen gara», esan du Martikorenak. Hala ere, kontraesanak dituztela dio: «Guk ere alkohola saltzen dugu; saiatzen gara hemengo taldeak ekartzen; txandetan jendea zaintzen saiatzen gara, baina ez dugu beti lortzen...». Azkonak adierazi du kapitalismoak animaliak negozioa egiteko erabiltzen dituela etamerkantzia eta propietate bihurtzen dituela. Hortaz, «eredu merkantilista» hautsi nahi dute.

Sanferminetan eta, oro har, jaietan gizakiz besteko animaliek jasaten duten zapalkuntza salatzen dute hainbat eragilek, animaliak dibertimendurako erabiltzen baitira. Esate baterako, Nafarroako Gobernuak iragarri du udan entzierroak egin daitezkeela. Urtero, Iruñea Antitaurinak zezenketak debekatzeko manifestazio bat antolatzen du. Hala ere, aurten sanferminak ez direnez ospatuko eta, hortaz, zezenketarik ez denez egongo, ez dute manifestaziorik egingo. Azken egunetan, Zaunk-en hainbat pankarta ikusi dira Iruñeko Alde Zaharrean, Jaiak eraldatu, animaliak askatu lelopean. Azkonak argi eta garbi esan du: «Gizakion dibertimendua ez dago beste inoren sufrimenduaren gainetik».

Herri Sanferminak taldeak, esate baterako, urtero zezenketen kontrako arratsaldeak sortzen zituen. Azkonak nabarmendu nahi izan du jai ereduak aldatzeko alternatiba ugari daudela, baina, alternatiba horiek alde batera utzita, garrantzitsuena animalien kontrako zapalkuntza etetea dela. Martikorenak esan du Herri Sanferminetako plataforma prest dagoela gaiaren inguruan hausnartzeko eta elkarlanean aritzeko: «Talde ireki bat gara; gure ideiekin bat datorren edozein kolektibo etor daiteke». Zaunk-ek ere herri mugimenduarekin bat egin nahi du: «Animalien askapenerako bidean, elkarlanean jai askatzaileak sortu nahi ditugu».

Batzuk kultura edota tradizioan babesten dira bestetan gizazki besteko animaliak erabiltzeko, baina kultura aldatuz doala diote hainbat eragilek. Esate baterako, Muruzabalek esan du bestek herriaren nortasuna islatzen dutela, eta herria aldatzen duen heinean hori ere aldatuko dela. Azkonak argi utzi du kultura eta tradizioa ezin direla zapalkuntzan oinarritu. Horrez gain, kultura aldatzea gizartearen esku dagoela dio. Zezenketei dagokienez, hainbat eragilek peñengan jarri dute arreta; hala ere, Patxi Perez Muthiko Alaiak peñako presidenteak dio gaia ez dutela landu: «Ez gara horretara iritsi, eta ez dakit landuko dugun».

Peñen etorkizuna jomugan

Geldialdia baliagarria izan da eragile batzuentzat barne prozesuak egiteko; esate baterako, peñentzat. Duela gutxi arte ateak itxita izan dituzte, eta horrek aukera eman die peñen etorkizunaren inguruan hausnartzeko. Perezek argi dauka peñak «bizirik» daudela oraindik ere. Hortaz, peñek etorkizuna dute, baina eztabaidatzeko daukate zer norabide hartuko duten. Iruñeko Peñen Federazioko kideak biltzen ari dira etorkizunaz eztabaidatzeko. Peña bakoitzeko ordezkari batek osatzen du federazioa. Prozesuan hainbat galdera erantzun nahi dituzte: «Argitu behar dugu zer garen, non gauden, zer norabide hartu nahi dugun, zer eman diezaiekegun Iruñeko hiritarrei eta nola egin nahi dugun». Oraindik ezin dute asko aurreratu, eztabaida «oso konplexua» delako eta hasi berri dutelako, baina gako nagusia eman du: «Gizartea eta peñak aldatzen ari dira. Peñei buelta bat eman nahi diegu, etagarai berrietara bideratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.