Suhiltzailea

Nikolas Regerat: «Besta erdian saiatzen gara jendea oinez bidaltzen; haiek ikus dezakete pertsona sokorri posturat eraman behar denetz»

Angeluko suhiltzaile kasernaren buruzagia izan da Regerat joan den astera arte. Baionako bestentzat antolatzen duten operazioaz aritu da, eta bere ibilbideaz.

Nikolas Regerat suhiltzailea, aste honetan. IÑAKI ETXELEKU
Nikolas Regerat suhiltzailea, aste honetan. IÑAKI ETXELEKU
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Joan den ostiralean erretreta hartu du Nikolas Regeratek (Arroxela, Frantzia, 1966), azken lau urteetan Ipar Euskal Herriko suhiltzaile kasernarik handienaren buru egon ondoan lau urtez, Angelun (Lapurdi). 260 suhiltzaile kudeatu ditu. Baionako besten operazio ongi ezagutzen du, behin baino gehiagotan plantan ezartzen ariturik. Ikasle zela sartu zen suhiltzaile boluntario. Ofizioko suhiltzaile izateko konkurtsoa gainditu, eta Hendaiako (Lapurdi) kasernan hasi zen lanean, 1988an. Hendaiako kasernako arduradun kargua hartu zuen 2003an, «kapitain gradua» lortuta. 2010ean, Angeluko kaserna handira joan zen prebentzio zerbitzuan aritzeko, 2020an kasernako buru eta komandante bilakatu arte.

Angeluko kaserna biziki handia da. Historikoki hala izan da beti?

Frantziakoei konparatuz, handienetarik da. 260 suhiltzaile eta 14.000 ateraldi izaten ditu urtean. Lehen, hiru kaserna ziren: Baionan, Angelun eta Miarritzen [Lapurdi]. Duela 25 urte, hiruretatik bat egin zuten, eta, nire ustez, hutsegitea izan da, sobera handia delakoz. Etorkizun hurbil batean beste kaserna bat beharko litzateke.

Non litzateke egokiena?

Ikusi behar da, baina, gaur egun, bizitegiak eraikitzen dira gehienik Hiriburu, Mugerre [Lapurdi] inguru horietan. Gero eta zailago da zirkulazio arazoekin hara joatea; beraz, hor baliteke baten egiteko lekua. Jakinez Tarnose inguruko [Okzitania] Landetako herriak ere gure gain ditugula.

Hein horretako kaserna baten eramateko zer gaitasun behar da?

Gehiena da jendeekin harremanak izatea. Jende anitz badelarik, erabakiak badira hartzeko, eta beti esplikatu behar da; komunikazioa da inportanteena. Erabakiak behar dituzu esplikatu, bestela jendeak ez du ulertzen gauzak zergatik egiten diren.

Zertan aldatu da suhiltzaile ofizioa?

Gero eta ateraldi gehiago egiten ditugu, eta heren bat ez lirateke gure gain izan behar. Baina beste nehork ez ditu egiten. Adibide bat emateko: Angelun, goizero bospasei ateraldi egiten ditugu, eta gehienak dira ohetik erori diren jende zaharrak. Tresnak badituzte orain abisua emateko. Ez dutenez ez familiarik, ez nehor arduratzeko, gu gara joaten. Ez da gure lana, gu larrialdiez arduratu behar garelako, baina ez badugu guk egiten, nehork ez du eginen. Lehen, familiako bat edo auzo bat etortzen zen beti.

Suhiltzaileak Departamendu Kontseiluen gain dira, eta horien etorkizuna ez da argi. Badira kezkak horri buruz?

Kezkarik ez da, ez. Bi aukera balirateke: Euskal Hirigune Elkargoak bere gain hartzen ahal luke, aski handia baita; edo, bestela, Akitania-Berriak. Nihaurek uste dut Elkargoak balukeela gaitasuna hartzeko, baina Departamenduak hor direno, horrela geldituko da. Segur da erabakitzeko tokia beti eta urrunago, gero eta zailago dela.

Gipuzkoako eta Nafarroako suhiltzaileekin ere elkarlan harremanak badituzue, gainera...

Orain, harreman horiek ofizialki kudeatzen dira gehiago, baina betidanik izan dira. Hendaian nintzelarik, arazo bat bazelarik, batzuetan Irungo [Gipuzkoa] suhiltzaileak etortzen ziren, eta, halaber, Hendaiakoak ere bai Irunera. Azken hiru urte hauetan, Poctefa programarekin bada borondatea urrunago joateko.

Zure ibilbide guzian giza laguntzako ekintzetan aritu zara boluntario gisa.

Badu 25 bat urte ibiltzen naizela giza laguntzan, bai. Batzuetan, larrialdiak direlarik: Indonesian tsunamia izan zelarik, 2005ean, izan nintzen. Haitira joan nintzen lurrikara izan zelarik. Perurat, tsunamia izan zelarik, 2007an. Beste anitz egin ditut Filipinetan, Madagaskarren, Marokon eta beste frankotan; eta segitzen dut Emanik elkartearekin. Azaroan, Perurat joanen naiz.

Baionako bestentzat operazio berezia antolatzen duzue. Nolakoa da?

Gu parte bat gara. Glain gunean bada komunikazio postu nagusia zerbitzu guziekin. Bestak 12:00etan hasten dira, eta, COVID-19az geroztik, ikusi dugu ateraldi anitz egiten ditugula suhiltzaileek, bakarrik, eguerditik 18:00ak arte. Guretzat, erran nahi du jende eta material gehiago izatea. Sei anbulantzia ez, hamar behar ditugu. Gauero, kasik ehun bat suhiltzaile gara; bai kasernan, bai segurtasun gunean, baita plantan ematen dugun aldi bateko kaserna batean ere —aurten, Aturri bazterreko itsas armadaren egoitzan—. Material gehiago ere badugu: oxigeno kamioi bat, deskutsatze materiala —sekula, produktu toxikoarekin atentatu bat balitz—... Sekula erabiltzen ez ditugun protokolo handi batzuk baditugu, beti, badaezpada. Bideo zaintzarekin ere aitzinetik badakigu zerbait ari bada gertatzen. Jende anitz delarik, gure suhiltzaile taldeak segitzeko baliagarri da hori ere.

Ongi aztertzeko esku hartzeak nolakoa izan behar du?

Besta erdian saiatzen gara jendea oinez bidaltzen, desfibriladorea bizkarreko zakuetan, eta horrela; ikusteko zer dagoen. Haiek ikus dezakete pertsona sokorri posturat eraman behar denetz. Saiatzen gara SAMU kamioia guti bidaltzen, zeren eta biziki zaila da pasatzea, bestazale batzuk igotzen dira kamioira...

Zer motatako artak dira gertatzen?

Sobera edana den pertsona bat, edo zauri batzuk; espartinetan den pertsona bat, adibidez, lurrean zen berin batekin mozten dena. Postuetara eramaten ditugu horiek, eta medikuek larru jostura puntuak egiten dituzte. Gehiena hori da. Gero, urtero izanen dugu kasu larriago bat: bat harresietatik erortzen dena, edo uretarat joaten dena; edo, iaz bezala, borroka batean hil dutena.

Suhiltzaileak ez dira bestaz baliatzen sekula, beraz?

Bai, asko gara. Normalki, suhiltzaile batek baditu bi edo hiru aldiz hamabi orduko txandak. Beraz, nahi badu, besta egun bat edo biz balia daiteke. Baina, gero, lanera joan behar da; beraz, kalkulatu behar da.

lotsabako

Gogoan atxiki duzun esku hartze bat?
Larhungo sua, 2002an. Urruñan [Lapurdi] hasi eta Zugarramurdiraino [Nafarroa] joan zen.

Herri bat?
Itsasu [Lapurdi]. Han ditut gazte denborako oroitzapenak.

Etorkizunerako desira bat?
Euskara gehiago izatea Iparraldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.