ATZEKOZ AURRERA. Josu Sanchez. Dantzaria

«Besoak gurutzatu ohi dituenak orain badu dantzak ikasteko beta»

Gasteizko Mulixka dantza taldeak eta Vital fundazioak Zabaldantza egitasmoa abiatu dute. Sanchez da haren arduraduna, eta adierazi du aukera ematen duela bideo tutorialen bidez euskal dantzak ikasteko.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hainbat dira plaza dantzak antolatzen direnean besoak gurutzatu eta dantzarako gogoz gelditu ohi diren herritarrak, Josu Sanchez dantzariaren (Gasteiz, 1986) arabera. Baina esan du horiek guztiek orain badutela aukera bat euskal dantzak ikasteko, Zabaldantza egitasmoa abiatu baitute Gasteizko Mulixka dantza taldeak —Sanchez talde horretako partaide da— eta Vital fundazioak. Izen bereko webgune bat dute, eta, bideo tutorialen bidez, dantzak pausoz pauso irakasten dituzte.

Erraza al da era horretan euskal dantzak ikastea? Trebea izan behar da gero!

Hori da hau sortzera bultzatu gintuena. Interneten badaude bakoitzak bere etxean grabatutako tutorial amateurrak, baina ez dira errazak. Guk metodologia aldatu dugu, eta ikaslearen azalean jarri gara: haien beharretatik abiatuz irakatsi ditugu dantzak.

Dantza bakoitzak hiru bideo tutorial ditu: Pausoz pauso; Praktikatu; eta Zu bakarrik.

Bai. Lehenengoan, pauso bakoitza bereiz azaltzen da, pausoak bakarka eta motel ikasteko. Bigarrenean, praktikan sartzen gara: azaltzen dugu zein den dantzaren egitura, eta ikasitako pausoak txertatzen ditugu. Motelago dantzatzeko aukera ere badago, musikarekin. Behin hori guztia barneratuta, hirugarren bideoan gai izan beharko genuke bakarrik dantzatzeko, baliabide lagungarriak egon arren.

Aurretiazko ezagutzarik gabe ere dantzara ateratzeko moduan!

Noski, eta, hasieran, dantzak hutsetik ikastea hartu genuen abiapuntutzat. Izan ere, dantza plazak daudenean, zenbat pertsona egoten dira besoak gurutzatuta, eta dantzara ateratzeko ausardia faltarekin? Bada, horrela egon ohi direnek orain badute dantzak ikasteko beta.

Zalantzak argitzeko ere baliagarria izan daiteke...

Eta profil horietan ere zentratu gara! Esate baterako, izan daiteke aspaldi euskal dantzak ikasi zituen bat, eta orain berriro ekitean pausoekin gogoratzen ez dena, edo baita bira bat zein aldetara egin behar den akordatzen ez den irakasleren bat ere. Horrez gain, Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunentzat ere bada, edo euskaldunak ez diren baina hemengo kulturaren inguruko interesa dutenentzat.

Beraz, nazioartean ere izan du oihartzuna egitasmoak?

Internetek badu aukera hori, zabaltzekoa, eta hortik dator Zabaldantza izena ere: dantza zabaltzea. Bagenekien Europatik ere sartuko zirela webgunean, baita Argentinatik ere, euskal etxeak baitaude, besteak beste. Dena den, harritu gaitu jendea Ameriketako Estatu Batuetatik eta Kolonbiatik sartu izanak.

Nola aukeratu duzue zer dantza kaleratu?

Dantza asko dauzkagu grabatuta, baina pixkanaka hasi nahi genuen, hala egin ezean jendeak ez zuelako jakingo nora jo. Dantzak pertsona kopuruaren eta zailtasunaren arabera sailkatu ditugu; printzipioz, errazekin eta tartekoekin hasi gara. Dantza zailak aurrerago jarriko ditugu Interneten, bakoitzari ere garrantzia eman nahi diogulako.

Euskal kultur ondarearen aldeko apustu bat ere egin al duzue?

Ditugun helburuen artean, hori da beste bat. Webgune bat da, betirako geldituko da sarean, eta ondare kulturala aberastuko du horrek. Erreferentzia bat ere izan daiteke.

Gaur egun, zer-nolakoa da euskal dantzen panorama Euskal Herrian?

Esango nuke osasunez nahiko ondo dagoela euskal dantza. Egia da gero eta mutil gutxiago animatzen direla; batik bat, 10-12 urte artean uzten dute askok, baina 25 urteren bueltan berriro ere pizten zaie interesa. Dena den, lan asko egin behar da, baita instituzioek ere.

Zergatik?

Uste dut dantza garaikiderantz jo dela, eta irudipena dut gure euskal dantza tradizionala pixka bat ahazten edo baztertzen ari garela. Badirudi batzuetan lotsatu egiten garela gure kulturaz-edo, ezin direla gauza berritzaileak egin, baina uste dut ez dela horrela. Apustu indartsu bat egin behar da gure sustraiei eusteko, eta hori bera da Mulixkaren leloa ere: sustrai zaharrez oroituz, kimu berriak sortzen ditugu.

Sortze horretan, eta jendea erakartzeko, baduzue aukera bat hileko lehen ostegunetan ere, ezta?

Bai, dantza gidatuak egiten ditugu Zabalganako Bastida plazan. Jendeak zuzenean dantzak ikasteko aukera du era horretan, eta aurrez dakienak, berriz, praktikan jartzekoa. Dena den, Gasteizko beste txoko batzuetan ere egiten dira udan, ostiralero, udalak antolatuta. Beraz, gogoz dagoenak badu lehenbizi intimitatean ikasteko aukera, eta gero besteekin plazan gozatzekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.