Komunikazioa

Bertze aldekoak altxarazteko

Esan Erran irratiak 25 urte bete ditu. Ametza kultur elkarteak jarri zuen martxan hedabide hori, 1998an. Garazi Zabaleta eta Itziar Perez dira irratiko esatari eta arduradun, eta urteurrena baliatu nahi dute eskualdeko herritarrak irratira hurbiltzeko: «Entzun eta parte har dezatela».

Itziar Perez eta Garazi Zabaleta. IDOIA ZABALETA, FOKU
edurne elizondo
2023ko irailaren 29a
11:51
Entzun

Bere bidea hasi zuen toki berean bete du Esan Erran irratiak mende laurdena: Basaburuko udaletxeko ganbaran, Jauntsaratsen. Astelehenean, bertze denboraldi bat abiatu zuten han Itziar Perez Argomaniz (Altsasu, 1999) eta Garazi Zabaleta Urkiola (Leitza, 1989) esatari eta arduradunek. Perezek bost urte egin ditu irratian; Zabaleta, berriz, duela lau urte ailegatu zen hedabide horretara. Orain, 25. urteurrena ospatzen hasi dira, herritarrak irratira hurbiltzeko: “Gure asmoa da entzule eta parte hartzaile izan daitezela; Esan Erran izan dadila herritarren proiektu bat”. Entzuleak, bertze aldean daudenak altxarazi nahi dituzte, eta irratira mugitu.

Larunbatean egin zuten Esan Erran irratiaren 25. urteurrenerako lehen ekitaldia, Ultzaman, Basaburuan eta Imotzen: Omen kolektiboak jazz musika eraman zuen udalerri horietara. Bihar, bertso saio musikatu bat eginen dute Odietan, eta urriaren 21ean, azkenik, urteurren besta, Atetzen. Gainera, abendurako, irratiari buruzko dokumentala prest izan nahi dute Perezek eta Zabaletak. Aritz Gorostiaga zinemagilearekin ari dira lanean.

Esan Erran irratiko kideek atzera egin nahi izan dute so, proiektua garatzeko urratsak oroitzeko, eta urrats horiek egin zituzten herritarren bultzadari balioa emateko. “Irratiak hutsune bat bete zuen; jendea inplikatu eta mugitu zen Esan Erran martxan jartzeko. Egindako lan horrek garrantzirik ez duela pentsa dezakete askok orain, baina izan zuen, eta badu”, erran du Zabaletak.

1990eko hamarkadaren bukaeran, hainbat ziren eskualdez eskualde Nafarroan sortutako irrati proiektuak —Karrape, Xorroxin, Aralar…—, eta loraldi horrek eragin zuen Esan Erran abiatu zuen bultzada ere. Ordukoak ongi oroitzen ditu Txari Eletak (Anue, 1973); irratia sortzeko prozesuan parte hartu zuen, eta lehendabiziko esataria izan zen, gainera, Fermin Gartxitorenarekin batera.

“Oso oroitzapen politak ditut”, erran du Eletak. Ultzamako AEK-ko arduraduna zen irratian hasi baino lehen. Batzorde bat sortu zuten, Ultzaman eta inguruan euskara bultzatzeko. Ametza kultur elkartea osatu zuten bultzada horri esker, eta elkarte horrek abiatu zuen Esan Erran martxan jartzeko prozesua.

“Kontzertuak antolatzen genituen, eta irratiak hartuko zituen udalerri guztietan laguntzak eskatzen genituen, lanean hasi ahal izateko”, oroitu du Eletak. Esan Erran Imotzen, Basaburuan, Ultzaman, Anuen, Atetzen eta Odietan entzuten da, eta udalerrion berri ematen du.

Hasierako “kezkak”

Lehen eguneko urduritasuna gogoan du Txari Eletak; lehendabiziko erreportajearen mamia ere bai: Eleta eta Gartxitorena Jose Manuel Lasarte apaizarekin mintzatu ziren, hura izan baitzen, 1958. urte inguruan, Berueten Nafarroako euskarazko lehen irratia martxan jarri zuena. “Haren etxean egon ginen, eta sekulako lana hartu genuen erreportajea prestatzeko. Hasieran denbora pila kostatzen zitzaigun esanak moztea, baina lan polita egin genuen azkenean!”.

Eletak aitortu du, halere, “kezkaz beteta” hasi zuela bere bidea Esan Erran irratian. “Hasiera ez zen erraza izan; jendeak ohitu behar izan zuen irratira”. Eleta eta Gartxitorena bizpahiru hilabetez aritu ziren Iruritan Xorroxin irratiko lankideekin ikasten. “Baztanen nonahi entzuten zen Xorroxin; taberna batera joan, eta irratia entzuten zen, eta entzule askok deitzen zuten egunero. Gure eskualdean, baina, egoera bestelakoa zen”.

“Egonen al da norbait beste aldean? Etengabe egiten genion galdera hori geure buruari”, gogoratu du Eletak. Zabaletak eta Perezek ere, 25 urte joan eta gero, kezka bera dutela aitortu dute. “Hutsen bat egiten dugunean, baina, beti bada norbait zerbait esateko prest!”, erantsi dute. “Estudiotik atera eta ondoko tabernara kafea hartzera joaten garenean ere, bada egun horretan rantxerarik jarri ez dugula gogoratzen digun entzulerik!”.

Zabaletak Leitzatik egiten du egunero joan-etorria Esan Erranen aritzeko; Perezek, berriz, Olatzagutitik. Lantoki duten eskualdean, halere, aurkitu dute euren tokia, eta irratiak duen kolaboratzaile sare zabalari esker —hogei baino gehiago dira, denera, eskualde osoan—, lortu dute entzule dituzten herritarren egunerokoaren parte izatea. Tokiko informazioari duen balioa aitortzen ikasi dute, eta garbi dute orain ez luketela aldatuko.

Esan Erranen duten askatasuna nabarmendu dute, eta askatasun horrek eraman dituela bide berriak probatzera. Estudiotik ateratzeko ahalegina egin dute, adibidez, eta herriz herri joan dira bizikleta baten gainean jarritako bozgorailu batekin irratia entzuleengana eramateko. “Hamaika ideia bururatzen zaigu; denak ez dira ongi ateratzen, baina saiatzea da kontua”, nabarmendu du Perezek, barrez.

Bide malkartsua

Duela mende laurden bat hasitako bidea malkartsua izan da. Proiektua martxan jartzeko bidea hasi zutenean ere, zenbait erakundek ez zuten euskara hutsezko irratirik nahi eskualdean. Ultzamako Udalak, adibidez, irratiak euskaraz eta gaztelaniaz emititu behar zuela exijitu zuen, diruz laguntzeko. “Ez genuen onartu, eta Ultzamako Udalaren laguntza gabe gelditu ginen”, oroitu du Txari Eletak.

Ez da hori izan 25 urteotako arazo bakarra; zenbait urtez, oztopoek erabat isildu dute Esan Erran irratiko esatarien ahotsa. 2012an, Nafarroako Gobernuaren murrizketen ondorioz, Ametzak Esan Erran isildu behar izan zuen. Gobernuak laguntzarik gabe utzi zuen. Irratia isilduta, Ametzak Pulunpe aldizkariari eutsi zion. 1992an kaleratu zuten lehen zenbakia. Zabaleta eta Perez aldizkaria osatzeaz ere arduratzen dira. Pulunpe-ko eta irratiko edukiak, gainera, Amezti.eus webgunean jartzen dituzte. Irratiz ez ezik, online ere bada Esan Erran entzuteko aukera.

Irratiaren garairik zailenetan, herritarrak saiatu dira hedabide horri eusten. 2012an, irratian zegoen langile bakarra kanporatu behar izan zuten, laguntzarik gabe gelditu eta gero; ondorioz, gazte talde bat hasi zen saioak egiten. 2017an berriz eten zuten Esan Erranen emisioa; 2019an lortu zuten berriz aireratzea, eta ez da berriz isildu.

Garazi Zabaleta eta Itziar Perez astelehenetik ostiralera aritzen dira, Basaburuko udaletxeko ganbaratik. Ordubeteko saioa egiten dute zuzenean, baina 24 orduz emititzen dute, Arrosa irrati sareari esker. Esatariek proiektua sendotzeko baliatu nahi dute 25. urteurrena. Herritarrak deitu dituzte parte hartzera; euren saioak sortzera; Esan Erran denen egitasmo bilakatzera.

EGITARAUA

Urriak 7. Bertso saio musikatua: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Julio Soto, Ixak Arruti eta Gari Ota- mendi. Odietako Santurbe baselizan.

Urriak 21. Egun osoko urteurren besta: bazkaria, La Jodederaren kontzertua. Atezko Eritzegoitin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.